Euskaldun bat, kitxua bat eta joruba bat

Lorea Agirre.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Zabaldu, ez txokoketan ibili, irten mundura, besteen itxurara egokitu, izan erakargarri, izan faxion, izan mundutar, homologatu. Izan tolerante, izan bizikidetza zale, izan jendetasuna, ez ibili bazterrak nahasten, jendea masiatzen, edonon eta edonoiz garagardoa edo azalpena euskaraz eske, ez izorra lanean dabilen jendea, mesedez. Izan zibiko.

Euskarak aurrera edo atzera egitea jendearen esku dago, zu bezala oinez doazen horiek dira erantzule. Ez dagoenetik ezin atera, eta erabiltzen ez badute bada... Hau babel bat da, portzentaiak portzentaia dira, datu soziolinguistikoak, gehiengo eta gutxiengo, eta zentzuz jokatu behar da.

Egia da, esan genuen, baskotasunak min egiten digula, hezurretaraino sartu baitigu bere gezurra. Eta guk sinetsi. Guk gure buruei bagarela justifikatu behar, eta aspalditik bagarela gainera, froga frogaren gainean, frogatuago gera dadin.

Ikasgelan euskaraz egin behar da, udaletxeko plenoan ez. Ume parkean euskaraz egin daiteke, justizia epaitegian ez. Herri Urratsen komeni da euskaraz hitz egitea, bulegoan hobe ez. Hizkuntzaren zonifikazioa ez baita Nafarroara mugatzen, Koldo Izagirre idazleak berriki ohartarazi digunez.

Bilbon gaztelera jakin gabe bizi diren afrikarrak ba omen dira. Beraz, ez da beharrezko gaztelera jakitea Euskal Herriko guneren batean. Baina gune hori ez da euskalduna. Hala ere, euskararentzako problema ez da bizilagun afrikar hori bere hizkuntza eta guzti. Arazoa litzateke yorubadun elebakar auzo hori erietxeko mediku balitz, edo epaile, edo polizia. Orduan hobe izango genuke joruba ikasi. Hizkuntz ordezkapena eta galera ez dator hizkuntza aniztasunetik, goitik behera inposatutako botere elebakarretik baizik.

Boliviako aimaradun Eulogiok eta Ekuadorko kitxuadun Manuelek, atzo, euskararen historia berritu ziguten aimara eta kitxua hizkuntza eta kulturenhistoria iluna kontatuta. Gu orain 70 urte. Gehiengoaren mespretxua eta nor bere buruaren lotsa, hizkuntza aztarnak ezabatu nahia, norbere hizkuntzaren ukazioa, kitxuaz mintzatzeagatiko zigorrak, transmisioan etena, etxeko lau hormetan itotzen diren hizkuntzak. Bost urtetik bost urtera bostehun mila hiztun galtzen ari direnak. Eskola elebiduna bagenu, sikiera, diote. Agonia luzatzea baino ez ote da hori.

Durango behar-beharrezko eremua da. Bere horretan, bere muga geografiko, sinboliko, sozial eta politikoen baitan nahikoa buruaski eta burujabe, elebakar gehien bat. Arnasgune. Osotasunaren talaiatik begiratuta baina zonifikazioaren logikari erantzuten dio.

«Behin eta berriz esan dugu, ahalik eta adostasun sozial eta politikorik handiena daukan hizkuntza politika garatu nahi dugula gure gizartean dauden eragile sozio-politiko desberdinekin negoziatuz eta haien partaidetza integratuz», adierazi du Blanca Urgellek gaurko Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan. Ezetz. Lehentasuna ez da adostasun soziala bilatzea, hori ondoren letorke. Adostasuna ez da helburu, eskubideak baizik. Besteren pare, besteak adina gutxienez bere duen lurrean bizi ahal izatea. Errealitate sozialak eta politikoak eraikiak dira, bere horretan ez dute ezer oparitzen, eskatu egin behar zaie eta eman. Marcela Lagarde antropologoak emakumeez esana, gaur euskara ekar liteke: oraindik ere ze gutxiagotasun mailan geratuko garen ari gara negoziatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.