Hizkuntzak ez omen du eskubiderik. Hiztunok omen dauzkagu eskubideak. Eta askatasuna aldarrikatzen dute batzuek, oihaneko legean beti handienak irabazten duela jakitun, agian. Baina hiztunak hizkuntzatik bereizterik ez dagoela dio Julen Arexolaleibak. Izan ere, «hiztunok gara hizkuntzaren bidez bizi garenak edo hizkuntzak mintzo dira hiztunon bidez»? Eta hortik bereizten dira hiru planoak: hizkuntzak, hiztunak eta hiztun komunitateak. Denak elkarri lotuta. Denak elkarri eraginez. Nahiz eta batzuek ez diren gai sokak ikusteko.
Eta hala saldu izan digute ez dagoela euskara babesten itsutu beharrik. Hizkuntzak gauza naturalak direla, etxean ikasten direnak. Hortik aurrera lan egitea inposizio bat dela. Kalean bakoitzak nahi duena egin behar duela. Inork ez daukala berea ez den hizkuntza bat ikasi beharrik lanean onar dezaten (nik dezente ezagutzen ditut hitz hauek irakurtzen ari zaretenon artean). Hori dioenen bat eramango nuen gustura Julen entzutera. Ezagut ditzala hizkuntzaren funtzioak, intimoenetik urrunekoenera. Jakin dezala baietz, hizkuntza bat gune intimoan bizi dela benetan. Baina funtzio nazional bat betetzen ez duen hizkuntza erraz desagertzen dela. Telebista, irrati, administrazio eta egunkari erdaldunak gehiengo diren gizartean, orain ikastoletan euskaraz ikastera behartzen omen ditugun haurrek ze hizkuntza transmitituko diote hurrengo belaunaldiari? Subordinazioan bizi nahi al dugu beste belaunaldi batez?
Baina ezin biziko gara beti goikoei begira. Hizkuntzak bezala, guk ere badugu gure funtzioa. Hiztunongan hizkuntzak bi plano betetzen baititu: erabilera eta horren gaineko kontzientzia kulturala. Eta guk ez badugu erabiltzen, guk ez badugu horren kontzientzia kulturalik, zertan ari gara besteei euskara ikasteko eskatzen? Gonbida ditzagun guk gozatzen dugunarekin gozatzera. Hiztun bat pauso laburrez bihurtzen da hiztun optimizatu. Eta geldiune bakoitzean komeni da pauso bat aurrerago doanari begiratu eta berriro motibatzea, hurbileko eredu imitagarri batekin. Eta optimizatutako hiztun batek zer egin behar du? Komunitatearen erdigunean kokatu behar du. Erabili eta kontziente izan euskara bere ahotik mintzo zaiola munduari eta mendeari, autokonfiantzatik abiatuta. Eta berari dagokiola hitzak egoki aukeratzea, ereduak sortzea eta eredu izatea. Eta, batez ere, bere hizkuntzaren eskubideak aldarrikatzea. Bereak ere hor hasten baitira.
Euskaldunon eskubideak eta betebeharrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu