Euskara ikasleen omenez

Bi berritasun izango ditu Korrika Kulturalak: 'Zuzeneko instanteak' argazki erakusketa eta 'Lekukoaren bila' jinkana erraldoiaUsurbilen euskara ikasleei egingo zaien omenaldiarekin hasiko da, urtarrilaren 26an

Pisukideak antzezlaneko Matilde (Sonia Villamor) eta Markos (Jon Zubiaga) Korrika Kulturalaren egitaraua azaltzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jakina da Korrika oinetakoak jantzi eta lasterka hastea baino gehiago dela; euskararen aldeko lasterketa erraldoiak kontzientziak suspertu nahi ditu. Hain zuzen ere, euskara gizarteko esparru guztietara hedatu eta euskal kultura zabaltzea ere ditu helburutzat AEK-k antolaturiko lasterketak. 2013ko Korrika, 18.ena, martxoaren 14tik 24ra bitartean ospatuko da; Andoainen (Gipuzkoa) hasi eta Baionan bukatuko da. Korrikarako giroa berotzen hasteko, hainbat kultur ekitaldi antolatzen ditu aldi oro AEK-k. «Herriak Korrikari ematen diona eskertu nahi izaten dugu, eta euskal kultura bera iruditzen zaigu biderik egokiena», azaldu du Edurne Brouard Korrikako koordinatzaileak. Horretarako egitarau «oparoa»antolatu du AEK-k. Egitarauaren nondik norakoen berri emateaz Pisukideak antzezlaneko Markos eta Matilde pertsonaiak arduratu ziren atzo Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako aurkezpenean.

Urtarrilaren 26an emango zaio hasiera Korrika Kulturalari, Usurbilen egingo den omenaldi ekitaldiarekin. Euskaraz bizitzeko eginahala egin duten eta egiten ari diren herritarrak omenduko dira bertan; ikaslea protagonista bilakatzea nahi du Korrikak. Korrika Kulturalaren bigarren zutabea Programazio Nazionala deritzona da. Egungo euskarazko kultur sormenen adierazle izatea du helburu. Bertan kokatzen dira, besteak beste, Balitzen Ihoa eta Pisukideak antzezlanak eta Gazta zati bat film dokumentalaren musikan oinarritzen diren zuzeneko bereziak. Horiez gainera, hamazortzigarren aldi hau bi berritasun nagusirekin dator: Zuzeneko instanteak proiektua da bata; bestea, Lekukoaren bila jinkana. Parte hartzea eta aniztasuna dituzte biek ezaugarri nagusitzat.

1. 'Zuzeneko instanteak'

Musika-argazki erakusketa kolektiboa da Zuzeneko instanteak. Euskaraz abesten duten 40 musika talderen argazkiak erakutsiko dira bertan, besteak beste, Berri Txarrak, Lisabo, Erantzun, Gose, Numen eta Ruper Ordorikaren zuzenekoetako argazkiak egongo dira ikusgai. Hogei argazkilari izan dira lanen egileak; tartean, argazkilari profesionalak zein zaleak daude, hala nola J.A Areta Goñi Juxe, Josu Txintxurreta edo Saioa Cabañas Gauilunak. Koldo Otamendiren hitzetan, «musikaren eta argazkilaritzaren arteko zaletasun zubi bat» osatzen du erakusketak. Argazki guztiak 2011 eta 2012 bitartekoak dira, egungo musika munduaren argazki orokorra islatzeko asmoz. Mundu horretako hainbat esparru ere erakutsi nahi dituzte; jaialdi handietako argazkiak gaztetxeetakoekin nahasten dira, beraz. Horren ondorio da erakusketaren kolektibotasuna; hala ere, Otamendiren arabera, argazki sorta musika munduaren «izozmendiaren punta» baino ez da. Erakusketaz gain, bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte Zuzeneko instanteak horren barruan: solasaldi musikatuak, mahai inguruak eta zuzeneko emanaldiak. Bestalde, Zigor Lamprek eta Joseba Irazokik master class bana emango dute. Lehenbizikoak saio batean biniloak nola erabili erakutsiko du; Irazokik, berriz, gitarra jotzeko trikimailuak azalduko ditu.

2. 'Lekukoaren bila'

Bigarren berrikizuna Lekukoaren bila jinkana erraldoia da. Asmo handiko egitasmoa da hau. Herri bakoitzetik parte hartzaile talde bat ateratzea nahi dute—taldeak, gehienez, zortzi lagunekoak izango dira—; euskara ikasleak jaian murgildu nahi dituzte horrela. Eskualdekako kanporaketak jokatuko dira lehenbizi, otsailean; martxoan, berriz, herrialdeko kanporaketak jokatuko dituzte eskualde bakoitzeko taldeek. Finala Baionan jokatuko dute, Korrika Lapurdiko hiriburura iristearekin batera.

3.'Balitzen Ihoa'

Begiradak taldearen antzezlan honen izenburua hitz joko batetik dator, eta, hain zuzen ere, hitzak duen garrantziaz mintzo da Ainhoa Alberdik zuzenduriko obra.Esti Curiel, Leire Ugarte eta Hodei Unzueta antzezleak hitzak eta horiek duten balioa aurkitzen saiatu dira, baina «lekuz mugitu» zaizkie hitzak, antza. Ainhoa Agirreazaldegi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolarien testuetan oinarritu dira antzezlana sortzeko.

4. Omenaldia

Hamazortzigarren Korrika honek zabaldu nahi duen mezuan euskara elkarbizitzarako gakoa dela nabarmendu nahi dute. Horretarako, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasleak omendu nahi ditu Korrikak; 18. Korrikako leloak dioen bezala, euskara elkarri emateko asmoz, egun osoko egitaraua antolatu dute urtarrilaren 26rako; Korrika Kulturalari hasiera emango dion egitasmoa izango da. Omenaldi ekitaldia Usurbilen ospatuko da, eta egitarauko ekitaldi nagusiak sagardotegi erraldoia eta Esne Beltzaren kontzertua izango dira.

5. 'Sentitu, pentsatu ekin!'

Barrea eragiten mende laurdena igarota ere, sasoi betean daude Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Urteurren horrekin batera, amona Josefinaren ehungarren urtebetetzea ospatu nahi dute hiru pailazoek. Horretarako, lan berria dakarte. Sentitu, pentsatu, ekin! lanarekin amona Josefinari Zorionak zuriabesteko gonbita zabalduko dute.

6. 'Gazta zati bat'

Gazta zati bat film dokumentalaren musika taula gainera eramateko, ikuskizun berezia prestatu dute Xabier Solanok (Esne Beltza) eta Zigor Lamprek (DZ); Aitor Zabaleta —baxuarekin—, Keu Agirretxe —gitarrarekin— eta Jon Maia dokumentaleko zuzendaria izango dituzte taldekide. Esne Beltza taldeak 18. Korrikako abestia ere egin du; abesti hori ere, beste hainbatekin batera, eramango dute zuzenekoetara.

7. 'Pisukideak'

Markos (Jon Zubiaga) idazlea eta Matilde (Sonia Villamor) aktorea etxekideak dira; lehenbizikoaren amaren etxean bizi dira biak, beste ezer aurkitu artean. Markosen amak etxea salgai du; ondorioz, erosketa gauzatzen den unean bizitokirik gabe geratuko dira. Muturreko egoera horretan nola bizi diren erakutsi dute oholtzan Markosek eta Matildek, umorez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.