Euskararen aterpetxe berria

Luis Villasante euskaltzainburu ohiaren izenarekin bataiatu du Euskaltzaindiak Donostian irekitako Euskararen IkerguneaGipuzkoako ordezkaritza eta proiektuak bilduko ditu bertan euskararen akademiak

Euskaltzaindiko eta foru aldundietako ordezkariak izan ziren Luis Villasante Euskararen Ikergunearen inaugurazioan. JON URBE / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Euritetik babesteko estalpea aurkitu du euskarak Donostian. Ibaeta auzoan, unibertsitateko campusaren ertzean ezkutaturik, bada baserri txuri bat, XVIII. mendekoa. Garai batean dolarea izandako baserria Euskararen Ikergune bilakatu du Euskaltzaindiak. Tolare izena zuen eraikinak, aurretik betetako funtzioaren adierazle; Luis Villasante (1920-2000, Gernika) euskaltzainburu ohiaren izena eramango du hemendik aurrera, euskararen aterpetxe bihurtuz.

Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen baserria 1998an, eta erabat berreraiki dute. Andres Urrutia euskaltzainburuak«urte askotan izan dadila, zuen laguntzarekin» hitzekin inauguratu zuen eraikina atzo, Euskaltzaindiko eta aldundietako ordezkarien begiradapean. Euskal akademiak Gipuzkoan dituen ordezkaritza, zerbitzu, egitasmo eta proiektuak bilduko ditu bertan.

Orain arte egindako ikerketa lanak bertan koordinatuko dituztela adierazi zuen Urrutiak: «Euskararen sare soziala sortuko dugu hemen, elkarlanerako hitzarmenekin batera. Ikerketa taldeka egituratuko dugu, eta horiek izango dira Euskaltzaindiak orain arte egindako lanari segida emango diotenak; bertan dago aurrera egiteko gakoa». Urrutiak teknologia berrien garrantzia ere aipatu zuen: «Hizkuntza normatibizatzeko eta gizartean zabaltzeko erabat garrantzitsua da hizkuntzaren inguruko informazioa hedatzea».

Urrutiak gaineratu zuen baliabideak egoki kudeatzeko balioko duela eraikinak: «Euskaltzaindiak laster aurkeztuko du kudeaketarako lehen plan estrategikoa». Horrez gain, euskaltzainburuak azpimarratu zuen kokaleku berriak euskara «ezagutzera emateko» eta «gizarteratzeko» balioko duela.

Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak baserriaren izen aldaketa azaldu zuen: « Baserriak Luis Villasanteren izena darama, 1970etik 1988ra arte euskaltzainburua izanik, gure hizkuntzaren batasunaren alde lan handia egin zuelako. Haren ekimenari zor zaio neurri handi batean Euskaltzaindiaren barne itunen eraberritzea eta lan egiteko antolaketa gaurkotzea. Horregatik, omenaldi hau egin nahi izan diogu».

Villasante Arantzazuko frantziskotarrekin bizi zen apaiz. 1951ean euskaltzain oso izendatu zuten, eta euskal idazle klasikoak aztertu eta zenbaitetan gaztelerara itzuli zituen. 1970an euskaltzainburu izendatu zuten Manuel Lekuonaren ordez, eta handik aurrera euskara batua garatzeko prozesua zuzendu zuen.

Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikorako sailburuordearen iritziz, ikerketak ere batu egingo dira baserrian: «Tolareak orain euskarari aterako dio zukua, ez du atsedenik izango. Euskaltzaindiak Donostian dituen proiektu eta egitasmo guztiak batuko dira eraikin honetan. Euskaltzainburu ohiaren omenez aukeratutako eraikina ezin egokiagoa da; Villasanteren espirituari lotuta egingo du lan Euskaltzaindiak. Euskararen zutabea bihurtuko da toki hau, Gipuzkoan zein kanpoan».

Kintanak gaineratu zuen beharrezkoa zela ikerketa gunea eraikitzea: «Euskaltzaindiak toki bat behar zuen. Esaera zahar batek dioenez, ilunpeko lana egun argiz ageri. Era berean, tantaka betetzen diren pitxarren antzera, estalitako lanak noizbehinka agertu behar dira, gaur bezala».

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esan zuen aberastu egin dela eraikina: «Tolare baserriaren altxorra bikoiztu egin da; eraikinarekin batera, benetako altxorra, euskara, bere barruan izango du». Alkatearen iritziz,euskararen ikerketarako toki aproposa da: «XVIII. mendeko eraikina da, eta bertan, mendeetan lurralde honetan hitz egin den hizkuntza aztertu, bultzatu eta ikertuko da. Horregatik, helburu hori ezin hobeto lotzen da baserri historiko honen izenarekin. Tolareak sagarrak zanpatu eta sagardoa egiteko balio badu, baserri honek ere lan bera egiten jarraituko du, euskarari zuku guztia ateraz».

Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako ordezkariek adierazi zuten euskararentzat garrantzitsua izango dela Euskal Akademiaren egoitza berrian egingo den lana. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, «euskararen oraina eta geroa ziurtatzeko eginkizuna» du Euskaltzaindiak: «Baserriak, euskarak XXI. mendean beharko dituen tresnak atontzeko balioko du». Carmen Gutierrez Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak gaineratu zuen «auzolanaren antzeko lana» egingo duela ikerguneak.

Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara sustatzeko zuzendariak ere Donostian halako eraikina sortzeko beharra adierazi zuen: «Eraikin honekin, Euskaltzaindia lurralde administratibo guztietan kokatu da. Ikerkuntza da Euskaltzaindiaren ardatz nagusietakoa, eta horretarako, azpiegitura ezin hobea da eraikin hau». Euskarabidearen zuzendari kudeatzaile Maximo Gomezek gaineratu du hizkuntza zainduko dela egoitzan: «Euskara bereziki zaindu eta errespetatu beharreko erakundea da».

Aurkitutako gotorlekua

Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren buruak zailtasunak izan zituen eraikina aurkitzeko: «Kalean galdetuta, inork ez zekien non dagoen baserria, hain dago ezkutuan. Baina dudarik ez dut hemendik aurrera leku honek balio handia hartuko duela». Maitiak Euskaltzaindiaren lanaren beharra azpimarratu zuen: «Iparraldean ere, euskararen ofizialtasuna behar dugu. Horretan laguntzeko, gure zalantzak eta akatsak zuzentzeko behar dugu Euskaltzaindia, baita gure argitalpen eta toponimia zuzentzeko ere. Lan eder hori egiteko behar dugu Akademia».

Luis Villasante izenarekin bataiatu berri duten baserri zaharrak euskara landu eta garatuko du hemendik aurrera, 800 metro koadroko harrizko eta egurrezko hormen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.