«Euskararen erailketa programatua dago, kanpotik bezala barrenetik», adierazi zuen atzo Koldo Izagirrek, Autopsiarako frogak (Susa) saiakera aurkeztean. Salaketa hori dokumentatu eta frogatzeko saioa egin du funtsean idazleak liburu berrian. Artseniko aztarnak gure hizkuntzan atzeman eta erakutsi ditu, azpi-izenburuak zehazten duenez.
Garai, lurralde eta arlo askotako adierazpen, gertakari, testu eta dokumentuak ekarri ditu gogora liburuan Izagirrek, haiek komentatuz euskararen eta euskararen zapalkuntzaren inguruko bere iritzi kritiko eta autokritikoa emateko. «Dakigun bakarra da euskaldunok inozotzat hartzen gaituztela eta, maluruski, arrazoia eduki dezakete», dio liburuaren pasarte batean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak musikari «unibertsalizatzaile» baten proiektuari emandako diru-laguntza aipatu zuen Izagirrek adibide gisa. «Gure izatetasuna justifikatu behar hau, parametro ustez unibertsaletara makurtu behar hau, programatua dago. Unibertsalizatzaile horren proiektu probintzianoak Kultura Sailarenlaguntza zabala eta gizena ukan du. Euskararen Normaltasunerako Zuzendaritzak gure musikaren inoizko proiektu interesgarriena iritzi zion nazioarteko izarrak eta izartxoak euskaraz kantari jartzeari, gure kulturaren heriotza antzeztuz. 'Euskarak ez dauka ahotsik, erosi ditzagun hiztun batzuk munduan'. Parodia bat, euskaldunek berek onartua».
Kritika gogorra egin zion Eusko Jaurlaritzaren XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak finkatzen dituen dokumentuari ere. «Hizkuntza bat bestearen zerbitzuan jartzeko tresneria dugu elebitasun ofiziala, urteetan nazionalistek zuzenduriko hizkuntza politikak sortua», esan zuen, oinarri horiek finkatzen dituen testuetako batetik hartutako pasartea irakurri eta gero.
Daniel Escribanok Bartzelonako Els Marges aldizkarian esandakoarekin bat eginez, XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak «euskararen subordinazioaren goramena» dira «hasieratik akaburaino», Izagirreren ustez. «Gure hizkuntzaren maila eman behar dugu orain euskaldunok, geure buruzagi politiko eta kulturalen aurka. Euskara prest dago. Ez da engoitikaurreindoeuroparra edo besteak ez bezalakoa. Modernoa eta Mendebaldekoa dugu. Araberako estatusa eskatzen du. Hots, autodeterminazio linguistikoa, bere ondorio guztiekin».
Inperialismoaren «aldaera»
Baina euskararen «gaineko» hizkuntzek «errealitate linguistikoareneraikuntzan eduki duten rola» ere aintzat hartu behar da, «euskararen historia eta egoera» ulertuko badira. «Ondokoa genuena gaineko bihurtu digute; gu azpiko. Errepublika izan edo monarkia izan, estatuaren batasunaren izenean aritzen zaizkigu , baina ez dira bestelakoa den inorekin bateragarriak. Bakartasuna dute helburu, bakartasun linguistikoa, inperialismoaren etxe barruko aldaera hori».
Lurralde baten edo «geografia politiko» baten premiaz ere idatzi du Izagirrek, eta horretaz ere aritu zen aurkezpenean. «Hizkuntzak ematen digu euskaltasuna, hala da. Baina hiztunak multzotan biltzen dira, multzoetatik sortzen dira hizkuntzak, eta euskalduna, edonongoa izan baliteke ere, hizkuntzari bizia bermatzen dion multzoak lurralde bat behar du, hots, euskara entzun eta esan eta ikusgarri izanen den geografia politiko bat. Autodeterminazio linguistikoa, lurrak hiztunak eman ditzan, hiztunak mundua landu ahal izan dezan». Autodeterminazio linguistikoa «euskararen ez-subordinazioa» litzateke, «euskara ez egotea subordinatua beste helburu batzuetara».
Izenbururik gabeko 11 ataletan dago banatua Autopsiarako frogak, eta atal bakoitza osatzen duten testuak autonomoak dira, nahiz eta denak gai jakin baten ingurukoak izan. Izagirrek ez du «diskurtso osatu bat» egin. «Ez naiz eruditua, ez naiz historialaria, ez naiz linguista, ez naiz soziologoa... Nik idazleak egin dezakeen liburua egin dut, katedratiko batek izan dezakeena baino askatasun handiagoz. Ez daukat ahalmenik soziolinguistikaz diskurtso bat osatzeko, baina barrenak eskatzen zidanaz idatzi dut».
Euskararen egoerak horretara behartuta, euskal idazleek «gero eta gehiago» idatzi beharko dute euskararen inguruan, Izagirreren ustez.
«Euskararen erailketa programatua dago, kanpotik bezala barrenetik»
Autodeterminazio linguistikoaren alde agertu da Koldo Izagirre 'Autopsiarako frogak' saiakeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu