Euskara

Euskararen Sardiniako aztarna posibleei buruz arituko da Elexpuru Erroman

Euskara eta paleosardinieraren ahaidetasuna defendatu du idazle eta euskal filologoak Euskararen aztarnak Sardinian? liburuan.

Juan Martin Elexpuru idazle eta euskal filologoa, iaz, 'Euskararen aztarnak Sardinian?' liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA, FOKU
2018ko apirilaren 17a
17:31
Entzun

Euskal Herrian ezagun ez diren arren, hainbat ikerketa egin dira paleosardinieraren eta euskararen arteko harremana aztertzeko. Juan Martin Elexpuruk duela bederatzi urte izan zuen haien berri Juan Martin Elexpuruk, eta berak ere gaia ikertzea erabaki zuen. Euskararen aztarnak Sardinian? liburuan jasotako ondorioetan defendatu du bi hizkuntzak ahaide direla.

Elexpuruk bere ikerketaren berri emango du Erroman, datorren ostiralean, apirilak 20. Università degli Studi di Roma Tre unibertsitatean izango da hizlari, Erromako ACE Associazione Culturale Euskarak gonbidatuta.

Sardinian erromatarrek konkistatu aurretik hitz egiten zen hizkuntza da paleosardiniera; egungo sardinieran eratorri dena. Paleosardinierazko 40 bat hitz arrunt aurkitu ditu Elexpuruk, euskararekin antz handia dutenak. Horien artean dira, besteak beste, golostiu (gorosti), troccu (troka) eta zerru (zerri). Antzekotasun "deigarrienak", halere, toponimian aurkitutakoak egin zaizkio. 350 leku izen inguru artxibatu ditu, Euskal Herrikoekin bat datozenak edo antz handia dutenak.

Elexpururen hitzetan, duela 6.000-8.000 urte inguru izandako migrazioa hartzen du oinarri bere hipotesiak: "Mesolito eta Neolito aroetan migrazio garrantzitsu bat izan zen Euskal Herrian, Iberiar penintsulatik Sardiniara". Uste da hara iritsitakoek eraman zutela paleosardiniera, eta bizirik iraun zuela hainbat mendez. "Egin diren ikerketa genetikoek ere baieztatu egin dute migrazio hori. Gauza jakina da euskaldunen eta sardiniarren arteko kidetasun genetikoak harrigarriak direla".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.