Euskararentzat eta kulturarentzat, «benetako aukera»

Donostiako kultur munduko jendeak baikortasunez hartu du, oro har, Donostia 2016ren izendapena

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu aukeratu izana begi onez hartu dute hiriko kulturaren inguruko pertsonek. Kulturaren garrantzia eta ekintzak egunerokotasunean txertatzea, herritarren partaidetza sustatzea eta euskararen garrantzia duintasunez agertzea dira erronka nagusietako batzuk Joan Mari Irigoien, Frantxis Lopez Landatxe, Mireia Gabilondo, Ramon Agirre eta Giorgio Bassmattirentzat.

JOAN MARI IRIGOIEN

«Aukera ona izan liteke euskararentzat»

«Lehen, distantzia batekin ikusten nuen hautagaitzaren proiektua. Alkate berriari [Juan Karlos Izagirre] entzundakoekin fede pixka bat hartu dut, euskararentzat behintzat ona izan litekeelakoan. Proiektua zer den ez dakit zehazki. Ez dakit zer ekarriko duen, kulturari zer ekarpen egingo dion. Ikusi artean ez dugu jakingo, baina aukera ona izan liteke euskara zabaltzeko».

FRANTXIS LOPEZ LANDATXE

«Keinu berriak agertzen ari dira, eta aro berri baten aurrean egon gintezke»

«Hiria eta Gipuzkoa eraldatzeko balio dezake. Hiriaren benetako partaidetza da erronka nagusia. Aurkezpena eredugarria izan zen. Keinu berriak agertzen ari dira eta aro berri baten aurrean egon gintezke. Kulturak duen garrantzia eguneroko bizitzan txertatzea gai sakona iruditzen zait. Bestetik, proiektuan ia gainetik agertzen zen euskararen garrantzia, eta orain badirudi aukera egon litekeela euskara eta gure kultura duintasunez agertzeko. Sintesi berria gerta liteke, eta oso interesgarria izan liteke Europari begira».

MIREIA GABILONDO

«Ondo dago lortu izana,baina orain hasi beharko da benetan lanean»

«Oso pozik nago gertatu denarekin. Zaila zela zirudien, baina lortu egin da. Eta ondo dago lortu izana, baina orain hasi beharko da benetan lanean. Kulturari bultzada emateko aukera polita iruditzen zait, eta kanpoan bezala barruan ere erakuts genezake zer egin litekeen euskaraz, baina egin egin behar da. Lotsagarriak iruditu zaizkidanak Bellochek eta abarrek esan dituztenak dira. Ez dakit zer pentsatzen duten, non arraio bizi ote garen horientzat».

RAMON AGIRRE

«Seguru nago garai ederrak datozela kulturarentzat»

«Jakin nuenean poza sentitu nuen. Azken asteotako berri pozgarrien segida moduan hartu nuen.Haizea aldeko dugu nonbait. Pentsatzen hasita, ez dakit oso ondo zer suposatuko duen kultur hiriburutzak Donostiarentzat, Gipuzkoarentzat, Euskal Herriarentzat eta neronentzat (barkatu egoismo puntua). Baikortasuna praktikatzeko esan dit psikologoak eta seguru nago garai ederrak datozela kulturarentzat».

GIORGIO BASSMATTI

«Benetako kultura egunerokotasunean dago finkatua»

«Tira, pozik nago ostalaritzari eta turismo arloko enpresei egingo dien mesedearengatik... Baina benetako kultura egunerokotasunean dago finkatuta: taberna txikitan kontzertuak eginez—eta legea aldatuz hori posible izateko—, auzoko ekitaldietan, lanegunetan. Eta hori lantzea nahiago dut. Ez dut gustuko egun bateko stadium rocka, nahiago dut 200 kontzertu txiki diru horrekin. Konfiantza dut Erasorengan —ez ahaztu, Artelekuko zuzendari ohia— eta bulegoko taldean, baina kontuz aurrelari kulturalekin: sekulako golak sartzen dituzte. Gogoratu Manifesta...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.