Antzerkia eta euskara urte luzeko sokak lotzen ditu Azpeitian (Gipuzkoa). Aurten, Euskal Antzerki Topaketen 33. ekitaldia egingo dute. Bihar hasiko dituzte topaketak, Antzerkizale egunarekin, eta urriaren 30etik azaroaren 21era bitartean, haur eta helduentzat askotariko obrak egongo dira herrian. Guztiak, euskaraz. Gaur-gaurkoz, Azpeitikoak dira euskara hutsean egiten diren antzerki topaketa bakarrak. Josu Labaka kultura zinegotziaren arabera, antzerki munduko eragileen topaleku izateaz gain, euskarazko antzerkia «biziberritzen» ari den seinale ere bada jaialdia.
Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak urtero antolatu ohi du Antzerkizale Eguna, eta aurten Azpeitian egitea erabaki du. Hala, bihar eguerdian, Oholtzaberri proiektua aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, 16:30ean, leku berean, Mitologiaz ahaztu al gara? haurrentzako ikuskizuna emango dute, eta, 21:00etan, Antzerkizale gala izango da, Soreasu antzokian. Galan, Ehazek Antzerkizale Saria Pedro Otaegi aktore azpeitiarrari emango dio, antzerkian egindako lanagatik.
Datorren astean hasita, hiru astez taularatuko dituzten ikuskizunen artean, bi estreinaldi izango dira. Itziar Elias eta Izaskun Arandiak sortutako Eskutitzak da horietako bat. Eliasek haren aitona-amonen eskutitz batzuk aurkitu zituen, eta han jasotzen zen maitasun istorioari tiraka ondu dute obra. 1936an Azpeiti eta Azkoiti (Gipuzkoa) inguruan girotutako kontakizuna da, eta, politika dela medio, Joxe eta Emiliaren arteko trabaz beteriko harremana du zutabe. Azaroaren 7an Soreasu antzokian emango dute, eta Elias bera, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengoetxea, Olatz Beobide eta Aiora Sedano ariko dira aktore lanetan.
Txalo antzerki taldearen Magia lapurra ere han taularatuko dute lehen aldiz, azaroaren 15ean. Haur eta helduentzako ikuskizuna da, eta Asier Kidam, Alfonso Diez, Iraitz Lizarraga eta Bittor Agirre dira antzezleak. Dorleta da obrako protagonista, eta mago laguntzailea izatea da haren ametsa. Horretarako, ordea, casting bat gainditu beharko du.
Ramon Maria del Valle-Inclan dramaturgo espainiarraren obra bat euskaraz ikusteko aukera ere izango dute antzerkizaleek. Zestoako interpretazio eskolako kideek antzeztuko dute Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erretaula, Amancay Gaztañagak zuzenduta. Hark egin du itzulpena, eta azaldu du Valle-Inclanen obra bat euskaraz egingo den lehen aldia dela. Haren iritziz, «garrantzitsua da euskaraz gertu sentitu ezin izan ditugun obra klasikoak berreskuratzea». Urriaren 30ean taularatuko dute.
Antzerki amateurrak Azpeitian duen indarraren adibide da Emakumeen tailerra. Hamabi urteko ibilbidea egina du jada, eta azken lana taularatuko dute herrian: Punto ta punto. Alaitz Olaizola zuzendariaren arabera, «bederatzi emakume ausart» igoko dira oholtzara, azaroaren 14an.
Operari ere egin diote tokirik egitasmoan. Musika eta antzerkia uztartuko ditu Bergarako (Gipuzkoa) talde batek Mozkorra parregarri obran. Xabier Maria Munibe kondeak duela 251 urte idatzitako lana da, eta azaroaren 21ean emango dute.
Ez da hain aspaldikoa Ze onda taldea. 2012an sortu zuten Jon Ander Alonso, Ane Arenas, Silvia Manzana eta Iñaki Santos taldekideek, eta Itsasoari negar lana taularatuko dute urriaren 31n. Kostaldeko herri txiki batean bizi den Maren du protagonista; arrantzale izan nahi du, baina haren herrian hori gizonen kontua da.
Etxekoak antzezlaneko protagonistak ere itsasoa du arazo iturri. Ozeanoaz bestalde maitemindu zen, eta atzerriko lagunarekin egoteko modu bakarra du: ezkontzea. Huts Teatroak eta Artedramak ondu dute lana, eta Ander Lipus, Kristian Etxaluz, Javier Barandiaran eta Maika Etxekopar dira aktoreak. Azaroaren 6an izango da emanaldia.
Maitasunaren haritik tiraka sortu zuten Zu gabe antzezlana ere. Alex Tellok zuzendu du, eta Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa ariko dira interpretazio lanetan, azaroaren 5ean.
Amodio gorabeherak alde batera utzita, futbola jorratuko dute Borobil Teatroko kideek, Jokoz kanpo obran. Kirol horren bueltan ariko dira, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Anartz Zuazua, azaroaren 13an.
Helduentzako obra sorta horretaz aparte, igandeetan haur eta helduentzako emanaldiak izango dira. Aurrez aipatutako estreinaldiez gain, Markeliñeren Kixote eta Gorakada Teatroaren Moby Dick antzezlanak izango dira. Gainera, inguruko eskoletako ikasleek obrak egingo dituzte, azaroaren 9tik 12ra bitartean.
Ziklo berezia, gaztetxean
Antzerki alternatiboari ere egin diote txoko bat topaketetan. Gaztetxean bi emanaldi izango dira Leire Ucharen Oh my God!, azaroaren 19an, eta Lauka Teatroaren Amodioaren ziega, azaroaren 20an.
Agertoki gainean ez ezik, antzerkiak kalean ere bizia baduela erakutsiko dute Ehazekoek. Antzerki Eskolen III. Eguna egingo dute azaroaren 1ean, eta Metrokoadroka taldearekin «sorpresaz beteriko festa» antolatu dute.
Euskarazko antzerkia, oholtzara
'Eskutitzak' eta 'Magia lapurra' estreinatuko dituzte Azpeitiko 33. Antzerki Topaketetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu