Arte eszenikoak

Euskarazko bederatzi lan hartuko ditu Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak

Urritik abendura, 50 ikuskizun baino gehiago emango dituzte 50. jaialdian. Off Lokal zikloko pieza laburrak ikusi ahalko dira, baita dantzako eta beste diziplina artistiko batzuetako obrak ere.

Gaur goizean aurkeztu dute Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren programazioa. GASTEIZKO UDALA
Gaur goizean aurkeztu dute Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren programazioa. GASTEIZKO UDALA
edurne begiristain
2025eko uztailaren 22a
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtemuga borobila du aurten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak: 50 urte. Eta, mende erdia ospatzeko, egitarau berezia antolatu dute: inoiz baino ikuskizun gehiago izango dira, eta nazioarteko konpainiek zein tokikoek parte hartuko dute. Antzerkiaz gain, dantza, irakurraldiak eta bestelako emanaldiak izango dira. Zehazki, 41 ikuskizun eta 51 emanaldi programatu dituzte, eta horietatik bederatzi izango dira euskaraz. Urriaren 2tik abenduaren 13ra arte egingo dute jaialdia.

Joan den urtean bezala, gizarte etxeetako antzokietan antzeztuko dituzte obrak, Principal antzokian egiten ari diren zaharberritze lanak direla eta. Urriaren 2an hasiko dute jaialdia, Felix Petite antzokian, Roger Bernatek zuzendutako La consagración de la primavera (Udaberriaren sagaratzea) lanarekin. «Jai giroko proposamen bat da, parte hartzailea eta originala. Ikusleek antzerki eta koreografia esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera izango dute», azpimarratu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Euskarazko lehen proposamena urriaren 23an helduko da Jesus Ibañez de Matauko antzokira: Tartean Teatroaren Non dira haurrak ikusi ahalko da. Jokin Oregik zuzendutako lanak zortzi urteko neska baten suizidio saiakera kontatzen du. Iraia Elias, Getari Etxegarai, Javier Barandiaran, Iñigo Aranburu, Ruth Guimera eta Irene Zarrabeitia dira aktoreak. Azaroaren 6an Harrimena lantzeko ariketak oholtzaratuko dute Josune Velez de Mendizabal, Eihara Fernandez de Larrea eta Ander Ballarin Zirrara kolektiboko aktoreek, eta azaroaren 9an Gorakada taldeak Moko aurkeztuko du. Azaroaren 20an Nor naizen baneki lana taularatuko du Artedrama konpainiak, eta azaroaren 23an Bihotz bihotzez lana Paraiso Antzerkiak.

Dantzak ere bere tokia izango du jaialdian, eta, besteak beste, honako hauek izango dira Gasteizen: Roger Bernat, Nacho Duato, Proyecto Larrua —bere azken lana estreinatuko du—, Enrique Cabrera eta Omar Meza.

Pieza laburrak

Ohiko programazioaz gain, Off Lokalatal osagarria izango du jaialdiak. Pieza laburrak dira, espazio ez konbentzionaletan eskainitakoak eta tokiko konpainiek jaialdirako sortutakoak. Irailaren 26an, 27an eta 28an gaztelaniazko lanen txanda izango da: Carmen San Esteban & La Claquetak Ante todo, Bomba Shangai taularatuko du, El mono habitado konpainiak Diario del enemigo, Pez Limbok Algo muy tocho, eta Iara Solano Aranak Maquina Mistica. Euskarazko pieza laburrak urriaren 3an, 4an eta 5ean oholtzaratuko dituzte: Hegan egiteko gogoa da estreinatuko du Piszifaktoriak; Trembling Frequencies Maria Helena Vilhelmssonek; 1.koadroa: Epaiketa Parasite kolektiboak; eta Topa eta ito Ane Gebarak.

Eta Off Lokal atalaz gain, beste programa batzuk ere martxan jarriko dira jaialdiak iraun bitartean: Haurtxoak proiektua, talde artistikoekin egingo diren topaketak, eta gorrentzako eta ikusmena mugatua dutenentzako emanaldi egokituak. Aurten, gainera, Irakurtzeko antzerkia izeneko egitasmoa antolatuko dute. Irakurketa klub baten formatua du, eta Juan Ibarrondok dinamizatuko du. Bertan, Tennessee Williamsen Desio izeneko tranbialanaren inguruan solastatuko dira. Egitarau osoa —jaialdiarena, Off Lokalarena eta beste programena— Gasteizko Udalaren eta Principal antzokiaren webgunean ikus daiteke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.