'Sormenean hezi, kulturan bizi' III. jardunaldiak

Euskarazko hedabideek eta elebidunek «kultur paisaia ezberdinak» erakusten dituzte, ikerketa baten arabera

Euskarazko kulturgintzak komunikabideetan duen presentzia aztertu du Nor ikerketa taldeak, eta ondorioztatu «batez ere elebidunak kanpoko kulturaren zabaltzaile» direla. Sormenean Hezi, Kulturan Bizi III. jardunaldietan aurkeztu dute lana.

Ane Martinezek, Naroa Burresok eta Libe Mimenzak garatu dute ikerketa, eta Azpeitian aurkeztu. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ane Martinezek, Naroa Burresok eta Libe Mimenzak garatu dute ikerketa, eta Azpeitian aurkeztu. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Azpeitia
2024ko urriaren 26a
19:34
Entzun

Euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak irudikatzen dituzte; eta hor, hedabide batzuk trakzionatzaile edo trakzionatzaileago dira, eta beste batzuk galga». Euskarazko komunikabideek euskal kulturgile gehiago agertzen dituztela, diziplina guztietan. Eta elebidunek, aldiz, «paisaia oso ezberdin bat» erakusten dutela, hainbatek euskaraz aritzen diren kulturgileak «ukatzeraino». Euskarazko kulturgintzak hedabideetan duen presentziari buruzko azterketa batek utzi duen ondorioetako bat da. Ez bakarra, ordea, beste hainbat ere eman baititu azterlanak. Tartean, honako hau: «Gure komunikabideak kanpoko kulturaren zabaltzaile dira». 

Euskal Hedabideen Behategiko eta EHUko Nor ikerketa taldeko Libe Mimenzak, Naroa Burresok eta Ane Martinezek egin dute azterlana, eta elkarrekin aurkeztu dute gaur, Azpeitian (Gipuzkoan) egin dituzten Sormenean hezi, kulturan bizi III. jardunaldietan. Ikerketaren helburua honako galderari erantzutea izan dela azaldu dute aurrena: Euskal Herrian, zer espazio mediatiko daukate kulturgileek? Bestela esanda, euskarazko kulturgileak zenbat agertzen diren eta nortzuk agertzen diren aztertzea izan dute xede. 

Komunikabideen eskaintzari eta kontsumo ohiturei erreparatuta, edizio digitaletan arreta jartzea erabaki dute egileek, eta 11 hedabideko lagin bat hautatu, audientziak, zabalpen geografikoa eta hizkuntza kontuan hartuta: euskara hutsezko sei —BERRIA, Argia, Alea, Anboto, Goiena eta Kazeta— eta elebidunak diren edo gaztelania darabilten bost —Naiz, El Correo, El Diario Vasco, Noticias de Navarra eta EiTB—. Horiek denek beren Kultura ataletan iazko urte osoan argitaratutako eduki guztiak bildu dituzte.

Halaber, euskal kulturgileak definitzean, euskarazko sortzaileak hartu dituzte aintzat, baina euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan aritzen direnak ere badirenez, hainbat hizkuntza kategoria sortu dituzte, ondoren euskarazko kulturak zer pisu hartzen zuen ikusteko. 

Datuak bildu eta prozesatzeko, Orai adimen artifizialeko zentroa bidelagun izan dute ikertzaileek, eta, hala, 11 hedabide horien kultur edukiak modu automatikoan erauzi dituzte saretik. Garbiketa bat egin ondotik, 24.246 kultur eduki jaso, eta 12,6 milioi hitzeko testu corpus bat osatu dute. Datu horiek berriro prozesatu dituzte, euskal kulturgileak identifikatze aldera, eta, hainbat irizpide metodologiko aplikatu ostean, Euskal Herriko 5.637 kulturgile biltzen dituen datu-basearen gainean egin dute analisia.  

Emaitzak, hiru multzotan

Bildutako kultur eduki guztietatik %35,1 euskaraz eman dituzte lagineko hedabideek, eta %64,9 gazteleraz. Iaz euskal kulturgile gehien agertu zituen hedabidea BERRIA izan zela aipatu dute, besteak beste. Halaber, emaitza guztiak hiru multzotan banatuta aurkeztu dituzte: kulturgileen diziplinari begiratu diote, batetik; darabilten hizkuntzari, bestetik; eta hedabideetan nortzuk agertu diren ere aztertu dute. 

Diziplinei dagokienez, ikusi dute sortzaile gehienak (%91,7) arlo bakarrean aritzen direla, eta musikariek osatzen dutela talderik handiena, baita haiek dituztela agerpen gehien ere hedabide guztietan. Hedabidez hedabide ere aletu dituzte diziplinei dagozkien datuak, eta ondorioztatu dute badirela aldeak euskarazkoen eta elebidunen artean. Hain zuzen, bi aldagaien artean «harreman estatistikoki adierazgarri bat» dagoela azaldu dute, eta «hedabidearen hizkuntzak markatzen duela kulturgile kopurua diziplinaka». Adibiderako: oro har, bertsolaritzari pisu handiagoa ematen diote euskara hutsezko hedabideek, eta gainerakoetan, berriz, agerpen kopurua «erlatiboki oso txikia da». Hedabide elebidun batzuetan, euskarazko bertsioan «askoz handiagoa da» bertsolarien kopurua gaztelerazkoan baino.

Bestalde, eta hizkuntzari dagokionez, lau multzotan sailkatu dituzte sortzaileak: euskara hutsean aritzen direnak (1.952); hizkuntzarik ez darabiltenak (1.875); erdaretan sortzen dutenak (1.083); eta euskara eta erdarak darabiltzatenak (727). Herena baino apur bat gehiago dira, beraz, euskara hutsean aritzen direnak. Hedabideka aztertuta, joera bera antzeman dute: «Oraingoan ere, hedabidearen hizkuntzak euskarazko kulturgilearen presentzian eragina dauka». Izan ere, euskara hutsezko kulturgile gehiago daude euskarazko hedabideetan elebidunetan baino —hamarretik sei dira lehenetan, eta hamarretik lau besteetan—, eta elebidunen gaztelerazko bertsioetan gehiagotan agertzen dira erdaretako kulturgileak.

Azkenik, zein kulturgile agertu diren ere aletu dute ikertzaileek, eta azaldu, Estibaliz Urresola zinemagilea izan zela iaz, oro har, hedabideetan gehien agertu zena (329), eta euskara hutsean aritzen direnetatik, berriz, Harkaitz Cano (181). Baina arlo horretan ere sumatu dute alderik hedabideen artean: «Euskarazko hedabideetan elebidunetan baino presentzia handiagoa ematen zaie euskaraz sortzen duten kulturgileei, bai kopuru aldetik eta bai posizio aldetik».  

Beste hiru ondorio

Horiek horrela, hasteko, euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak erakusten dituztela ondorioztatu dute ikerketaren egileek. Baina beste hiru konklusio ere atera dituzte. Bata, Euskal Herriko komunikabideak, «batez ere elebidunak, kanpoko kulturaren zabaltzaile» direla. Kontuan izanik, besteak beste, bildutako kultur edukietatik %40,9 zirela Euskal Herritik kanpoko kulturgileei buruzkoak, uste dute «nortzuk agertzen dituzten kontuan hartuta soilik ere nabarmena» dela ideia hori.

«Bada publiko potentzial bat ez dena jasotzen ari euskal kultura, ez zaiolako ematen»LIBE MIMENZAIkerlaria

Beste lerroburu bat ere eman du azterlanak: «Transmititzen ez den kultura bat ezin da hautatu». Izan ere, aztertutako hedabideen audientziei erreparatuta, haien hartzaileek euskara ulertzeko «gaitasun zabala» dutela ikus liteke. «Hau horrela izanda, hor bada publiko potentzial bat ez dena jasotzen ari euskal kultura, ez zaiolako ematen».  

«Errealitatea aldatu da, baina gu kartografia zaharrekin ari gara. Garaia da komunikazio sistema, kultur sistema, orainetik gerora proiektatzeko»LIBE MIMENZAIkerlaria

Azken ondorio gisa, zera nabarmendu dute: «Errealitatea aldatu da, baina gu kartografia zaharrekin ari gara». Ikertzaileen ustez, «komunikabideek ez dituzte beren gaur egungo audientziak ezagutzen, eta duela 40 urte zegoen errealitate soziolinguistikoarentzat ari dira oraindik». Hedabide elebidunak «kategoria zaharrekin» ari dira, baina euskarazkoetan ere, «beste ardatz batean bada ere», sumatu dute hori. Datuak hor direla, baina datuaren kultura falta dela ere adierazi dute. «Garaia da komunikazio sistema, kultur sistema, orainetik gerora proiektatzeko; garena kartografiatzen hasi, kultura hila baino, kultura bizia gailentzeko ariketa egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.