Euskarazko liburu berrien kopuruak bi urtez jarraian egin du behera

Joan Mari Torrealdairen azterketaren arabera, 2010ean 2.023 liburu argitaratu ziren, 2009an baino 319 gutxiago

Txillardegiri buruzko bi lan ditu Jakin-en 188. zenbakiak. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gaia ikertzen duenez geroztikaurreneko aldiz —azken 34 urtean—, bi urtean segidan jaitsi da euskarazko liburu berrien produkzioa, Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkariaren 188. zenbakian argitaratu duen azterketaren arabera; nahiko modu nabarmenean, gainera. Euskarazko 2.023 liburu berri argitaratu ziren 2010ean; 2009an, 2.342 izan ziren (319 gehiago); eta 2008an, 2.573 (540 gehiago). 2008koa da, oraindik ere, inoizko uztarik handiena. 2010eko liburu kopuruaren oso antzekoak izan ziren hala 2007an (2.147) nola 2005ean (2.030); 2006an, berriz, apalagoa: 1.822.

2010eko 2.023 liburuak 291 agente argitaratzaileren artean ekoitzi dituzte. Baina 291 horietatik erdiek baino gehiagok —%55ek, zehazki— liburu bakarra atera dute 2010ean. Areago: «Hamarretik ia bederatzi (%87) dira urteko 10 titulura iritsi ez direnak». Datu horien harira, «hutsala da harrokeria», Torrealdairen ustez. «Gainera, hurrengo urteetan ikusi egin beharko da zenbat jaitsiko den produkzioa, krisi ekonomikoa dela eta, agente horiek murrizketak egin behar izango dituztenean».

Argitalpen digitalari dagokionez, aurten 222 liburu elektroniko plazaratu dira, ekoizpen osoaren %11. Liburu mota horrek ez du hartu iragartzen zitzaion abiadurarik, baina denbora kontua izango dela ematen du, Torrealdairen ustez. Iaz hasi zen ikerlaria liburu digitala liburu analogikoaren parean kontabilizatzen.

2010eko liburugintzan, 1.527 argitaratu dira nobedade gisa (%75,5), eta 496 berrargitalpen gisa (%24,5). 2009tik, %7,6 jaitsi dira nobedadeak: 126 gutxiago. Berrargitalpenen kopurua, berriz, gehiago jaitsi da: %28, 193 gutxiago. Torrealdairen ustez, berrargitarapenaren maila jaistea ez da seinale ona: «Beste kuku batek joko liguke, frantses edizioaren eredura, berrargitalpena indartuko bagenu. Frantziako argitalpenetan erdia baino gehiago da berredizioa. Estatuan publikatzen diren liburuen berrargitalpena %21,5 da; galegoena askoz baxuagoa da, %12. Eta katalanak eta gu elkarren ondoan gaude, %25 inguruan, puntu erdi gora, puntu erdi behera».

Liburu guztiak gai multzotan sailkaturik, haur eta gazteentzako liburua da multzorik handiena (568 liburu, %28); bigarren lekuan, irakaskuntzaren ingurukoa dator (491, %24,3); hirugarren, giza eta gizarte zientzien inguruko liburuak (387, %19); eta, ondoren, helduen literatura (292, %14,5).

Literatur liburuak generoz aztertuz gero, lehentasuna, beti bezala, narratibak du (%66). Gero, alde handiz, beste generoak datoz: olerkia (%10,5), saioa (%8), antzerkia (%3,5) eta herri literatura eta bertsoa (%3).

Txillardegi gogoan

Jose Luis Alvarez Txillardegi idazle eta ikerlari zendu berriari eskainitako bi lan ere badakartza Jakin berriak: batetik, Jakin Taldeak hari eskainitako omenezko agurra; bestetik, Paulo Agirrebaltzategiren artikulua, Txillardegik Jakin Taldearekin 1957-1977 aldian izandako harreman hurbil eta biziaren berri emanez.

Azkenik, Egunen gurpilean sailean, Haizea Barcenillak (Artea atalean), Inaki Irazabalbeitiak (Teknozientzia),Goizalde Landabasok (Literatura), Lionel Jolyk (Soziolinguistika) eta Josu Larrinagak (Glokalia) idatzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.