Durangoko Azoka

Euskarazko Wikipediaren elikatze masiboaren proiektua aurkeztu dute Kabi@n

Ikastetxeetako ikasleen lana sareko entziklopedia elikatzeko baliatzea da asmoa, Maite Goñik azaldu duenez.

Juan Luis Zabala
2012ko abenduaren 7a
08:34
Entzun

Maite Goñi irakasle eta blogariak euskarazko Wikipediaren elikatze masiborako proiektuaren berri eman du gaur Durangoko Azokako Kabi@ gunean. Ikasleek irakaskuntzan egindako lanak euskarazko wikipedia elikatzeko baliatzea da proiektuaren funtsa, bi aldetatik onuragarri izan daitekeelakoan: batetik, euskarazko wikipedia indartzeko eta, horrekin batera, euskararen erabilera ikasketetan eta sarean; bestetik, ikasleak ere motiba daitezen, ikusirik egiten duten lana baliagarria dela, eskolarako erabilera akademikotik harago, gizartearentzat.

Euskarazko Wikipedia duela 11 urte jarri zen abian, 2001eko abenduan, eta 147.000 artikulu ditu gaur egun, Unai Fernandez de Betoñok, Euskarazko Wikipediaren adiministratzaileetako batek, adierazi duenez. Kopuru hori oso altutzat jo daiteke, euskarak duen hiztun kopuruarekin alderatuz gero. Adibidez, ingelesezkoak lau milioi artikulu ditu, baina aintzat hartu behar da ingeles hiztunak 600 milioi direla. Beraz, Fernandez de Betoñok azaldu duenez, euskarak 700.000 inguru hiztun dituenez, Euskarazko Wikipediak bost hiztuneko artikulu bat du; ingelesezkoak, aldiz, 146 hiztuneko artikulu bat. Gaztelaniazko Wikipediak, berriz, 500 hiztuneko artikulu bat du. “Beraz, ehun bider langileagoak gara”, komentatu du, txantxetan, Fernandez de Betoñok.

Urtetik urtera gorakada handia izaten du Euskarazko Wikipediaren artikuluen kopuruak. Ingelesezkoa, aldiz, “beste fase batean” dago, Fernandez de Betoñok azaldu duenez. “Artikulu kopuru handia dute dagoeneko, eta orain lan gehiago egiten dute artikuluak sakontzen artikulu berriak gehitzen baino. Gu oraindik ez gara fase horetara iritsi, baina iritsiko garela espero dut”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.