Wikipedia entziklopedia digitalaren euskarazko edizioak beste 11.000 sarrera ditu atzotik. Horietatik 8.500 euskarazko Wikipedian ez zeuden sarrerak dira; beste 2.500ak, berriz, lehendik zeuden, eta berritu edo eguneratu egin dituzte. Edukiei dagokienez, %80 «eduki unibertsalekoak» dira; gainontzeko %20ak, berriz, Euskal Herriko gaien ingurukoak. Orain arte ehun mila sarrera zituen entziklopediak.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekinbidea izan da, eta Lur entziklopedietan oinarrituta, Elhuyar Fundazioaren laguntza izan du lan teknikoa egiteko. Oinarritzat hartu dituzten materialak hogei urte baino gehiago dituztela kontuan hartuta, hainbat wikilari aritu dira lanean Elhuyarrekin batera,hautatutako sarrerak egokitzen, zuzentzen eta eguneratzen. «Euskararen erabilera esparru guztietan sustatzeko, herritarrei baliabide eta tresna berriak ematea ezinbestekoa da, teknologia berrien arloan bereziki».
«Eduki libreen alde»
Egitasmoa martxan jarri aurretik, egoera aztertu zutela azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik. Horren ondoren, Kultura Sailak jabetzan zituen jatorrizko edota egokitutako euskarazko edukiak Wikipedian sareratzea erabaki zuen, hainbat arrazoirengatik: «Irtenbide teknologiko egokia, azkarra, erabilgarria eta merkea delako; lana egiterakoan, parte hartzea, osagarritasuna, elkarlana eta lankidetza sustatzen delako; eta Wikipediaren aukera bat datorrelako eduki libreen aldeko filosofiarekin».
Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, teknologia berrien arloan euskararen erabilera kalean sumatzen den baino altuagoa da, eta ekarpenak egiten jarraitzeko asmoa agertu du. «Amesten dudan entziklopedia horrek orotarikoa izan behar du, baina euskararen eta Euskal Herriaren gaineko sarrerek toki berezi bat izan behar dute bertan. Haurrak eta nerabeak erakartzeko, irudiek eta lan grafikoek garrantzi handia izango dute. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren eta Wikipediaren nahia, eta horretan ari gara».
Euskarazko Wikipediari beste 11.000 sarrera gehitu dizkiote
Horietatik %20 Euskal Herriko gaien ingurukoak dira; gainerako %80ak, berriz, «eduki unibertsalekoak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu