Ondarea

'Euskariana' izeneko liburutegi digitala sortu du Jaurlaritzak

Nagusiki, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko artxibo eta liburutegietatik edaten du atariak, eta hamaika formatutako 750.000 dokumentu digitalki kontsultatzeko aukera ematen du. Hiru milioi euro bideratu dituzte proiekturako, eta funtsa handituz joango da hurrengo urteetan.

Euskariana liburutegi digitalaren aurkezpena, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 24a
14:34
Entzun

Euskal ondare ahalik eta zabalenera ate digital bat irekitzea. Hori da Euskariana izeneko liburutegi digitalaren helburua. Liburuak, eskuizkribuak, egunkariak, mapak, argazkiak, partiturak, museo piezak eta ikus-entzunezkoak ere kontuan hartuz, 750.000 dokumentu digital kontsultatzeko aukera eskaintzen du une honetan plataformak, eta kopuru hori elikatzen jarraitzea da asmoa. Euskaraz sortutako lanak bilduko ditu funtsak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argitaratutako lanak, egile gipuzkoar, bizkaitar zein arabarrek edozein hizkuntzatan sortutakoak, euskal gaiei buruzko argitalpenak, zein XIX. mende aurreko dokumentuak. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du proiektua, eta 2019tik datorren urteko abendura arte, hiru milioi euro jarri ditu horretarako.

«Interneten euskal kulturaren ondarearen inguruan edozein gauza bilatzeko tresna bat izatea nahi dugu». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu eta bozeramaileak esaldi horrekin laburbildu du Euskarianaren egitekoa. Azaldu duenez, ikerlari espezializatuak eta publiko orokorra, biak izan dituzte buruan funtsak osatu eta bilatzailea sortzeko orduan. Eta, zehaztu duenez, elkarlanak eta azken urteetan egin den digitalizazio lanak bakarrik egin dute posible hura sortzea.

Funtsaren askotarikotasuna

Zupiriak tartekatuta erabili ditu «Euskadiko Liburutegi Digitala» eta «Euskadiko Liburutegi Nazionala» izendapenak, eta ordezkaritza instituzional zabalarekin egin du haren aurkezpena gaur Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan. Bertan izan dira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udaletako ordezkariak ere. Cindy Barbeito Euskadiko Liburutegi Digitaleko arduraduna ere izan da ekitaldian, eta Donostiako postal bat, Iberiar penintsulako mapa bat eta Nafarroako eskuizkribu zahar bat bilatuz erakutsi du plataformaren funtzionamendua eta haren funtsa osatzen duten dokumentuen askotarikotasuna.

Jadanik sarean diren hainbat katalogotik edaten du liburutegi digitalak. Guztira, 35 erakunde zerrendatu dituzte. Bertan dira, bestak beste, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa, eta ondorengo elkarte eta instituzioen funtsak ere: Eusko Jaurlaritzarenak, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako foru aldundienak, hiru lurralde horietako hiriburuetako udalenak, Euskal Herriko Unibertsitatearenak zein Mondragon Unibertsitatearenak, Eusko Ikaskuntzarenak, Eresbil artxiboarenak, eta Sancho el Sabio, Labayru eta Beneditarren Fundazioa elkarteenak. Horietatik ez ezik, nazioarteko hainbat iturritatik ere edaten du katalogoak: Espainiako Liburutegitik, Frantziako Liburutegitik, Nevadako Unibertsitatetik, AEBeta Kongresuko Liburutegitik, kasurako.

Egile eskubideen korapiloa

Atari digitalaren parte izan nahi duen erakunde eta elkarte guztiek horretarako aukera izango dutela esan du Zupiriak, eta prest daudela hitzarmen berriak egiteko ere. Liburutegia elikatuko duten elkarteen zerrenda haziz joango dela espero du. Hutsuneak ere badaude, ordea. Nafarroako Gobernua, Euskaltzaindia eta Xenpelar artxiboa ez daude zerrenda horretan, esaterako, beren funtsetan euskaraz sortutako material kopuru garrantzitsua biltzen duten hiru kasu zehatz aipatzearren.

Egile eskubideak dira oraindik askatu gabeko korapiloetako bat, Zupiriak onartu duenez. «Hori da datozen urteetarako zabalik dagoen eztabaidarik garrantzitsu eta interesgarrienetako bat. Gaur egun, adibidez, E-liburutegian [liburu digitalen maileguak bideratzen dituen plataforma] ez dauzkagu diruz laguntzen ditugun liburu guztiak. Adibide bat da hori». Eta antzerakoa da Euskarianarekin gertatzen dena ere. «Erakundeek badute kezka hor. Gauza bat da euren apalategietan duten objektu bat erakustea, eta beste bat da haren tripetan dauden datu guztiak konpartitzea. Gure gizarteak, europar gizarte osoak bezala, pendiente duen gaietako bat da».

Duplizitateak saihesteko

Erregistroak gordetzeko erabilitako metodoa izan daiteke liburutegiaren funtsa areago zabaltzen joateko beste trabetako bat. Artxibo guztiek ez dute beti dokumentuak erregistratzeko sistema bera baliatzen, eta lana eska dezake, horregatik, beren bildumak Euskarianak proposatzen duen irizpideetara egokitzeak. Eta hori izan daiteke hurrengo urteetako zabalpenean eragina izan dezakeen beste faktoreetako bat.

Eusko Legebiltzarrak 2007an onartu zuen Liburutegien Legea du oinarri Euskarianak. Zupiriak gogoratu duenez, orduan ezarri zitzaion Jaurlaritzari Euskadiko Biblioteka sortzeko betebeharra, eta, ordutik, hainbat urtez, «harantz eta honantz» ibili da proiektua, harik eta, azkenean, aurreko legealdian erronkari heltzea erabaki zuten arte. Zehaztu duenez, jadanik martxan ziren liburutegiak kontuan hartzea izan dute gidalerro nagusietako bat, eta «duplizitateak» saihestea izan da helburua. Horregatik erabaki zuten jadanik baziren liburutegi eta artxiboen gainetik zegoen zerbait sortzea, eta baita tresna hori digitala izango zela ere.

Europeanaren eredura

Europako ondare kulturala biltzen duen Europeana izeneko tresna izan dute erreferentziatzat, eta hari keinu eginez hautatu dute Euskariana izena tresnarentzat, aldi berean, Anton Abadiak eta Agosti Xahok sortu eta Arturo Campionek ere baliatutako hitza gogoan hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.