Ikasketaz ingeniaria da Iñaki Dorronsoro (Ataun, 1947), baina toki askotan ardura ugari izan ditu, eta, hala, ibilbide pertsonal eta profesional oparoa osatu du. Uztailean izendatu zuten Eusko Ikaskuntzako lehendakari, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkariekin osatutako hautagaitzak erabateko babesa jasota. Eusko Ikaskuntza herritarrentzako proiektu erakargarri bihurtzea da haren helburua, baina orain arteko ezaugarri batzuk galdu gabe. Ataundar batek hasitakoa ataundar baten esku dago.
Nola ikusten duzu Eusko Ikaskuntzan hasi berri duzun ibilbidea?
Niretzat gauza berria da. Eusko Ikaskuntzaren zeregina oso garrantzitsua da niretzat. Gauza asko daude egiteko, eta, gainera, gauza berriak egin behar ditugu. Bestalde, Eusko Ikaskuntza mundu intelektualaren parte da. Nik gaztetatik izan dut joera intelektual bat, asko jorratu izan dut; mundu oso polita da, eta niretzat testuinguru oso interesgarria. Ilusioa eragiten dit. Ezin dut inon lan egin, ilusiorik ez badaukat. Orain arte egon naizen tokietan, beti lan egin izan dut ilusioarekin, eta, horregatik, pribilegiatua sentitzen naiz.
Lehendakari izendatu aurretik, gertutik ezagutzen zenuen Eusko Ikaskuntza?
Puntualki bai. Orain arte, egia esan, bazkide pasibo horietako bat izan naiz. Lanean ibili naiz, harremana izan dut lehendakari ohiekin, eta lantxo batzuk ere egin izan ditut Eusko Ikaskuntzarako, baina unean unekoak izan dira. Ez naiz egon barruko eguneroko bizitzan.
Nola hartu zenuen izendapena?
Sorpresa izan zen niretzat. Hilabete lehenago proposatu zidaten, eta baiezkoa ematea erabaki nuen. Esfortzu bat egin behar izan nuen jende askorekin egoteko, programa bat osatzeko, erakundeari neurria hartzeko eta egitarau bat prestatzeko. Geurea izan zen batzarrean aurkeztu zen hautagaitza bakarra, eta onartu egin zen.
Osatu berri duzuen programa horretan, hausnarketa estrategikoa aipatzen duzue. Zer adierazi nahi du horrek?
Gure programan horrela azaldu genuen. Aurreko zuzendaritzarekin hitz eginda, garbi ikusi zen hori zela Eusko Ikaskuntzaren lehentasunetako bat. Aurreko bi agintaldietan ere helburu horixe izan zuten esku artean: Eusko Ikaskuntzaren eredua berrantolatzea edo berrikustea. Nik hausnarketa hau anbizio handikoa izatea nahi dut. Hori dela eta, hausnarketa horri Eusko Ikaskuntza berri izena jarri diogu. Badu bere logika: Eusko Ikaskuntzak 2018an ehun urte egingo ditu. 1918an sortu zen, Oñatin, gabezia handien garaian, eta egoera arras desberdinarekin. Gerora, urte emankorrak izan zituen 36ko gerra arte; 1983an Joxe Miel Barandiaranek birsortu egin zuen. Huraxe izan zen aurreneko lehendakaria. Harrezkero, bilakaera bat izan du; gauza askok hasierako eskemarekin jarraitu dute, baina, noski, orain berrikusi beharrean daude.
Nola azalduko zenuke Eusko Ikaskuntza zer den?
Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko kultural bat da, gizarteak bultzatutakoa. Euskal Herriko iragana aztertzeko, oraina analizatzeko eta geroari begira hausnarketa egin eta proiektu estrategiko bat mahai gainean jartzeko. Betiere, ikuspuntu intelektual independente batetik. Hori, ordea, dirudien baino sakonagoa da. Sortu zenean, Euskal Herriko kultura eta folklorea —herri baten bizitzeko modua— ikertzeaz arduratzen zen. Arlo horretan ez zegoen inolako ikasketarik, ezta unibertsitaterik ere. Sortu zutenen esanetan, hor lanean ari zirenak 'afizionatuak' ziren, eta hori dela eta, ikasketa horiei maila zientifikoa ematea zuten helburu. Gaur egun, ordea, Euskal Herrian zazpi unibertsitate daude; berezko esparru hura beste batzuek betetzen dute, eta ezin du filosofia berarekin segitu. Bestalde, Euskal Herrian lurralde guztiak hartzen dituen erakunde bakarrenetakoa gara.
Astelehenean izango da Euskararen Nazioarteko Eguna; zuek sortu zenutena. Euskarazko doodle-a sortzeko egitasmoa jarri duzue martxan. Zer-nolako harrera izan du?
Arrakasta handia lortzen ari da, eta oso pozik gaude. Uste baino askoz ere jende gehiagok parte hartu du jada. Martxan jarri genuen egunean bertan sekulako erantzuna jaso genuen, eta horrek ilusio handia eragiten du. Google bilatzailean abenduaren 3an euskarak bere marrazkitxoa izan dezan botoa emateko aukera bihar arte dago.
Eusko Ikaskuntzan duzun ardurak eragin handia al du zure eguneroko martxan?
Erretiratu aurretik, plangintzatxo bat egin nuen. Oso erritmo onean hasi nintzen, baina zenbait gauza zertxobait alboratu behar izan ditut azkenaldian. Askoren ustez, 'erretiratu aktibo' horien kategorian nago. Sei proiektu zehaztu nituen, baina, egunotan, denbora gehiena batek hartzen dit. Bestalde, pentsatuta neukan Goierri inguruko nire eremuan proiektu edo ekintza batzuetan lan egitea, baina horietarako ere denbora tartea murrizten ari naiz, Eusko Ikaskuntza dela eta. Pena da. Hiru proiektu oso interesgarri ditut esku artean orain: den Lemniskata Goierriko zientzia foro herrikoi sortu berria, Goienherri herritarren kooperatiba sortu berria eta Goieki Goierriko Garapen Agentzian negozio berriak garatzeko, identifikatzeko, eta ideia berriak aurrera eramateko egitasmoa; hilean behin joaten naiz hara, gazteei laguntzera. Hainbeste urte lanean eman, eta, orain, 'erretiratu aktiboa' naiz; astean hirutan joaten naiz Donostiara trenez; goizetik arratsaldera.