Eusko Jaurlaritzak 22.000 euro eskaini ditu euskara ikasteko

Bartzelonako Euskal Etxeak eta HABEk bi mailatan irakatsiko diete hizkuntza 170 laguni

Ane Urrutikoetxea.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bartzelonako Euskal Etxeak, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dute, euskara ikasi nahi dutenek «beharrezko baliabideak» izan ditzaten. Eusko Jaurlaritzak 22.000 euro emango dizkio euskal etxeari, gutxienez 170 lagunek euskara ikas dezaten bertan. Horretaz gain, HABEk eta euskal etxeak irakasle taldearen trebakuntza adostuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren arabera, euskal etxeari eskainitako diru laguntzak 2.100 eskola ordu inguru finantzatuko ditu 2011-2012ko ikasturtean. Sailburuordeak bi esparrutan banatu ditu eskolak; alde batetik, beheko mailak, euskara lehen aldiz ikasten hasten direnentzat, eta, bestetik, goi mailak, non ikasleek ikasketa prozesua guztiz amaituko duten.

Auzmendiren esanetan, behe mailetako ikasle gehienak katalanak dira. Arrazoi ugarik bultzatuta hasten dira euskara ikasten. Batzuek, euskal jatorria dutela eta, arrazoi sentimentalengatik ekiten diote euskara ikasteari; besteak, euskara hizkuntza berezia dela iruditzen zaielako edota jakin-mina dutelako animatzen dira. Sailburuordeak emandako datuen arabera, Bartzelonan 500 ikasletik gora ari dira gaur egun euskara ikasten, eta haien %80 ez dira euskal jatorrikoak.

Euskara, munduan zehar

Eusko Jaurlaritzak 230.000 euro emango ditu nazioarteko euskara eskolei laguntzeko. Auzmendik azaldu duenez, gaur egun 4.000 lagun ari dira euskara ikasten lau kontinentetako 23 herrialdetako 65 euskal etxetan: «Ikaragarri pozgarria da Euskal Herritik kanpo ere euskara ikasi nahi duen jendea dagoela ikustea».

Bestalde, HABEren laguntzari esker, Bartzelonako Euskal Etxeak Internet bidez ikasteko programa informatikoa izango du, edozein lekutan egonda ere, euskara etxean bertan ikasi ahal izateko aukera ematen du programa horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.