Haien esanetan, «kaleko doinuak» nahasten dituzte: reggaea, ska, rocka, cumbia, musika zingaroa... Fusioa deitutakoa, finean. Baina Txarango Kataluniako taldearentzat, haien sormena, proposatzen dutena, ez da musika bere soilean. «Musika guretzako da bizi garen mundua transformatzeko ahalegina; gizartean parte hartzeko, gure ekarpena egiteko daukagun modua», dio Sergi Carbonell Hipi pianistak. «Kontua ez da musika egitea dibertitzeko eta dibertiarazteko. Pentsamendu kritikoa ere piztu nahi dugu». Som riu (2014) haien bigarren diskoa aurkeztuko dute asteburuan Euskal Herrian.
Zortzi kideen batez besteko adina 28 urtekoa da, eta Girona iparraldekoak dira jaiotzez. Ikasle zirela Bartzelonako Raval auzoan partekatutako ikasle etxean hasi ziren egun artistikoki eskaintzen dutena mamitzen. Benvinguts al llarg viatge estreinako lana kaleratu zuten 2012an, eta orduz geroztik, 200 kontzertutik gora eman dituzte, Katalunian modu arrakastatsu eta jendetsuan hasiz, eta kontinente guztiak bisitatuz.
Ez dira, ordea, emanaldietara soilik mugatzen. Joan den azaroan, esaterako, Senegalen izan ziren, eta «ekintza bat» bultzatu zuten. «Gune kultural bat zaharberritzeko proiektua egin genuen. Kultura eskolak eman ahal izango dira han: argazkigintzakoak, musikakoak...», azaldu du.
Zabaldu nahi duten mezua edozein musika estiloren bidez helarazi daitekeela iruditzen zaio. Txarangokoek mestizajea, fusioa, aukeratu dute, hori, «nahasketa hori», entzuten dutelako. «Horrelako gizartean bizi gara». Dena den, estilo hori lantzen duten beste talde batzuekin parekatuta, doinu latinoen pisua askoz ere handiagoa da Som riu laneko abestietan. Taldeko pianistak arrazoitu du zergatik: «Ni eta Pau [Puig, baxu jotzailea] Kuban aritu ginen ikasten, eta handik ekarri dugu sonoritate hori». Pianoaren gainean janzten dituzte abestietako asko. «Bai, hala da. Gainera, gitarristak abestu ere egiten du; beraz, haren lana gehiago da laguntzailearena, erritmikoa, melodikoagoa baino».
Vic-en (Bartzelona) bizi dira taldekideak, eta abestiak denen artean sortzen dituzte. Katalanez hitz egiten dute haien artean, eta hamalau kantuetako hamabiren hitzak hala esaten dituzte. Badira bi, ordea —La vuelta al mundo eta Corazón viajero—, gazteleraz. «Zorionez bi hizkuntza menperatzen ditugu, eta gaztelera beste instrumentu bat moduan erabil dezakegu sortzerakoan, beste sonoritate bat duelako».
Clowniaren sortzaileak
Diskoaren izenburuak argi asko laburbiltzen du haien bizi filosofia. «Ibaia gara» esan nahi du. «Kontzeptu horrekin azaldu nahi dugu, norabide berean doazen ur tanta askok gauza asko alda ditzaketela, urak geografia aldatzen duen gisan. Bizitzen ari gara garai bat non jendea kontzientzia hartzen ari den». Bestetik, somriu-k irribarre egin esan nahi du. «Jarrera positiboa eta alaia baita gauzak aldatzeko eduki behar den jarrera».
Musikariak izateaz gain ekintzaileak ere badirenez, Clownia jaialdia antolatu zuten Txarangokoek, iaz, Sant Joan de les Abadesses herrian (Girona). Musika, antzerkia eta zirkua eraldaketarako tresna moduan erabil daitezkeela pentsatzen dute —iaz hamabost egunean saldu zituzten salgai jarritako 4.000 sarrerak—. Aurten, ekainaren 26an eta 27an, han elkartuko dituzte La Pegatina, Babylon Circus, El Niño de la Hipoteca eta Gertrudis, besteak beste, eta Leo Bassi clown-a ere gonbidatu dute.
Clown-en eta zirkuaren iruditeria zein bizitzeko filosofia aldarrikatzen dute. «Gure logotipoa clown bat da. Zirkuko jendea, clown-ak, mugitu egiten dira, errealitatea liluratzeko eta desafiatzeko asmoarekin. Bat egiten dugu kontzeptu horrekin».
KONTZERTUAK
Bihar: Arrasateko Gaztetxean (22:00).
Ostiralean: Gasteizko Gaztetxean (21:30).
Larunbatean: Bilboko Stage Live aretoan (21:30).
Ez da musika egitea soilik
Pentsamendu kritikoa piztea dute helburu Txarango kataluniarren fusio doinuek.'Som riu' bigarren diskoak ukitu latino nabarmena du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu