EZ DA NAHIKOA

1992tik 2005era ez zen euskarazko fikzioko film luze bakar bat ere egin. Geroztik hogei estreinatu dira zinema aretoetan. Sortzaileen eta haien eskura jarritako baliabideen uztarketaren emaitza da, sektoreko eragileen iritziz. Apustu politiko sendoagoa egin dezatela eskatzen diete, halere, instituzioei.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak badu oihartzuna, eta horren Sail Ofizial distiratsuan proiektatu zituzten Loreak eta Lasa eta Zabala euskarazko filmak, joan den irailean. Segituan zabaldu zen, beraz, iritzi edo uste bat: euskal zinema loraldi batean da. Elkarrizketa batean, garai bertsuan, Nagore Aranburu aktoreak zehaztapen bat egin zuen horren harira: «Uste dut loraldia askoz ere kreatiboagoa dela azpiegitura aldetik ere». Izan ere, sektoreko kideek inplikatze handiagoa eskatzen diete instituzioei, azken hamarkadan egindako ahalegina aitortzen dieten arren. Loreak-eko protagonista nagusiak aipatutakoari tira egin zion Koldo Almandoz zinemagileak, zinemaldian BERRIAn kaleratzen duen Plano subjektiboa zutabean: «Dirua banatzen dutenek meritua beren gain hartzen badute ere (diru publikoa da, ez haiena), euskal zinemak izan duen jauziaren arduradun nagusiak sortzaileak izan dira».

Dena den, erakunde publikoek berek ere hauspotutako politika jakin baten ondorio da 2005etik gaurdaino euskarazko film luzeen produkzio erregular bat edukitzea, Patxi Azpillaga Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikus-entzunezkoen saileko irakaslearen iritziz. «Terrenoa landu da». Ez baita ahaztu behar 1992 eta 2005 artean ez zela euskarazko fikziozko film luze bakar bat ere ekoitzi. «2000ko hamarkadaren hasieran Eusko Jaurlaritzak eta ETBk martxan jarritako neurri eta adostutako hitzarmenen emaitza da», adierazi du Miren Manias EHUko ikertzaileak. Euskarazko zinemari buruzko tesia osatzen ari da, eta iruditzen zaio sortzaileek behar dituztela baliabideak, eta alderantziz; bata gabe besteak ez duela zentzurik. «Lotura horren isla da zinemaldian gertatutakoa». Joxe Portela Abra ekoiztetxeko ordezkari eta Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidenteak ere argi dauka ETBren parte hartzerik gabe «ezinezkoa» litzatekeela produkzio erregular horri eustea. «Baina instituzioen diru laguntzek behera egin dute azken urteetan, eta hala jarraituz gero, aurtengoa, igual, ispilatze bat besterik ez da izango». Portelak, Maniasek eta Azpillagak konpromisoa, apustu politiko sendoagoa egin dezatela eskatzen diete erakunde publikoei. Beste modu batean esanda: diru gehiago inberti dezatela, ez dela nahikoa.

Bada, «garai bateko» finantzaketa mailetara heltzea oso errealista ez dela irizten dio Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Badaki ukaezina dela murrizketak egon direla, baina pentsatzen du kontuan hartu behar dela zein den egoera ekonomikoa. «Produkzioen finantzaketa moldea mundu guztian aldatu da». Berretsi du sektoreko kideekin lanean ari direla, finantzaketarako formula egokiak topatzeko ahaleginean, adibidez.

Inbertitu da diru bat. EITBk, adibidez, bere aurrekontuaren %6 gastatzen du, legez —hasieran ez zuen begi onez ikusten—, ikus-entzunezko ekoizpenetan. Horren %75 zinemara bideratzen du, eta gainontzeko %25a bestelako formatuetara. 2005az geroztik gertatzen da hori. 2007an, gainera, finantzaketa dekretu bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta, horren arabera, ETB behartuta dago zinemarako apartatutako diruaren erdia euskarazko lanetara bideratzera. Euskal Telebistaren ekarpena, ordea, ia erdira jaitsi da azkeneko lau urteetan: bederatzi milioi euro 2010ean, eta 4,2 aurten. «Dauzkagun baliabideekin jokatzen dugu», dio Aintzane Perez de Palomar ETBko koprodukzio arduradunak, nahiz eta ulertzen dituen ekoizle, egile eta bestelako eragileen aldarrikapenak. Muñozek ere bai. «Logikoa da». Baina finantzaketa ereduetan aldaketak egin behar direlakoan dago. «Orain arte, urte askoan, filmak egiten ziren %100ean aurrez erakundeek ordaindutako diruarekin. Hori gertatu izan da, eta hori ezin da gertatu. Dena den, sorkuntza ez da Jaurlaritzaren meritua. Instituzioak daude hori sustatzeko, laguntzeko eta horri bideak irekitzeko».

Perez de Palomarrek gogoratu du, gainera, 2008 eta 2012 artean legeak agindu baino diru gehiago inbertitu zela, Jaurlaritzarekin eta sektorearekin lortutako akordio baten ondorioz. Urte horietako bakoitzean bi milioi euroko estra bat zegoen ekoizpenen artean banatzeko. «Dena den, eta gure aurrekontua kontuan hartuta, iruditzen zait beste telebista publiko batzuek baino esfortzu handiagoa egiten dugula» —Espainiako Gobernuak Zinematografia eta Ikus-Entzunezko Arteen Institutuaren ICAAren bidez bideratzen ditu zinema ekoizteko diru laguntzak. 2006an 53 milioiko aurrekontua zuen; 2010ean, goia jo zuenean, 81 pasatxokoa, eta 32koa iaz—.

Bide berriak

Zehaztu ziren ildoak duela urte batzuk, eta oinarriak jarrita daude. Geroztik gertatutakoaren diagnostiko baten beharra ikusten du Maniasek. «Eta hemendik aurrera, zer?». Azpillaga areago joan da: «Egin behar dena da hitzartutakoa mantendu, eta gero osatu». Badagoelako gaia. Portelarentzat, produktoreak konturatu dira gero eta pelikula hobeak egiten direla, profesional oso onak daudela arlo guztietan, «baina hori egiten dela sekulako ahalegin pertsonalarekin». Manias Portelaren iritzi berekoa da: «Baliabide teknikoak ez dira falta hemen, eta artistikoak ere ez, talentua sobera dagoelako». Egonkorra, kalitateduna eta kanpora ateratzeko modukoa da, Azpillagaren irudiko, euskarazko ekoizpena.

Dena den, gabezia batzuk ere antzeman ditu Azpillagak. Batetik, eta orain indarrean daudenak oso aintzat hartuta ere — «Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga...»—, pentsatzen du egile berriek azaleratu beharra daukatela. Eta, bestetik, bide berriak garatu behar direlakoan dago: «Mantendu behar da egiten den zinema komertziala, eta, gainera, bide berriak zabaldu behar dira diru gutxiagorekin egin daitezkeen lan ausartagoak, esperimentalagoak, berritzaileagoak gauzatzeko». Loreak-ek, kasurako, 1,8 milioi euroko aurrekontua eduki du, eta irakasleak proposatzen ditu 200.000-300.000 eta 50.000-100.000 eurorekin gauza daitezkeen lanak. Portelak uste du, gainera, zinemagintza baten sendotasunaren berri ematen duela genero aniztasunak.

Beste gabezietako bat izan daiteke produktuek Euskal Herritik kanpo daukaten ikusgarritasun eskasa. «Gure industriari kanpora ateratzea falta zaio. Gaitasun horri eskailera batzuk jarri behar zaizkio kanpora irten dadin», dio Maniasek. Espainiari begiratu beharrean, Europari «askoz ere gehiago» begiratu behar zaio, Azpillagaren hitzetan. «80 egunean-ek [2010], adibidez, Espainiako zinema aretoetan baino ikusle gehiago izan zituen Europakoetan». Merkatura ailegatzeko beste modu batzuk jorratu behar direla irizten dio; marketin kanpaina tradizionalak egin beharrean, «gauza hurbilagoak» eginez batez ere, nahiz eta badakien bide hori hartuz gero ikusle kopurua ez dela askorik handituko. Portelaren aburuz, diru asko behar da promoziorako soilik; El Niño-renean (2014), horretan soilik, Tele5k hiru milioi euro gastatu dituela dio —Lasa eta Zabala-k bi milioi euro inguruko aurrekontua eduki du orotara—. «Hemendik ateratzeko, edo kanpaina izugarri bat egiten duzu, edo oso zaila da». Adibide bat jarri du: «Begira, Magical Girl-ek pelikula eta zuzendari onenaren urrezko eta zilarrezko maskorrak irabazi zituen irailean Donostian. Bada, 20.000 ikuslek baino ez dute ikusi oraingoz».

Euskarazko filmek ere ez dute ikusle askorik biltzen. Hor daude datuak. Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste-rekin (2005) jo zuen goia: 71.972 ikusle. «Datu horiek engainatu egin gintuzten. Pentsatu genuen: 'Joder, hori da oinarria, eta aurrerantzean gorantz egingo du'. Errealitateak erakutsi du ezetz, ameskeria dela hortik gora pentsatzea», onartu du Azpillagak. Abrako zuzendariarentzat, orduko egoera bere testuinguruan jarri behar da: batetik, berritasuna izan zela, hamahiru urte zirelako ez zela euskal pelikularik estreinatzen; bestetik, orduan kontsumoa ere handiagoa zela. «Gainera, gure aldetik onartu behar dugu pelikula guztiak ez direla hain onak izan».

Autokritika da Portelak egin duena. EHUko ikertzailearentzat, zein motatako lanak diren aztertu behar da, eta pentsatzen du sortzaileek horretan badutela ardura puntu bat. «Horren aldeko apustu serio bat egin beharra daukate, esku artean daukatena audientzia batentzat delako, diru publikoarekin finantzatuta dagoelako, eta horri zor zaiolako errespetu bat».Sorkuntza mimatu behar dela irizten dio Azpillagak. Horri denbora eman behar zaiola.

Euskaraz, laguntzengatik

Dena den, beste zerbaitek kezkatzen du gehiago: «alferrik» egin diren euskarazko filmek. «Euskal ikuspuntutik egin ez direnakgazteleraz pentsatu, gazteleraz landu eta, gero, euskarazko diru laguntza lortzearren, euskaratu egin diren produktuek. Baina gero inongo oihartzunik, erreferentzialtasunik ez dute izaten euskararen munduan. Gauza horiek zaindu behar direla uste dut. Izan ere, egin dira pelikula batzuk estreinatu ere ez direnak». Azpillaga zertaz ari den badaki Portelak. Egoera, orain, «kontrolatuago» dagoela uste du. «Jaurlaritzan eta ETBn aldaketa politiko batzuk izan ziren orain urte batzuk, eta batzuk sartu ziren... Zer esango dut, bada?». Ez du pentsatzen egun «tranpa horiek» egin ahal izango zirenik. Horren harira, Angel Aldarondo zinemagileak hau idatzi zuen BERRIAn, joan den urriaren 22an, Zin-zinez zutabean: «Gogora dezagun krisiak diru laguntza harrapakari ziren ekoizle gehienekin amaitu duela, bokaziozko zinemagileen pozerako». Horrelakoak, egon, egon izan direla dio Portelak, baina kasu bakanak zirela. «Bat? Bi? Bai, erdaraz pentsatu eta euskaraz eginak ETBk diru gehiago ipiniko zuelako... Emaitzari erreparatu gabe. Zerbait diru publikoarekin egiten bada, gizarteak gero ikusi beharko du, ez?».

Orain arte egindakoarekin, beraz, ez da nahikoa, hainbat eragileren arabera. Sortzaileak bezain beharrezkoak dira azpiegiturak. Aldarondok hauxe adierazi zuen joan den urriaren 15ean: « Diru laguntzak lortu ditugunean, gure lanaren emaitzak ez dira izan gogobetekoak; geure kabuz aurrera ateratako proiektuak, ostera, suertatu dira lan pozgarrienak. Batak itxura profesionalagoa eduki dezake; besteak, ordea, askeak eta freskotasunaren haurrak direla nabaritzen da, jaialdietan sarituak izateraino». Azpillagari iruditzen zaio, ordea, arriskutsua izan daitekeela tesi horri eustea. «Hainbat eremutan badago uste bat: pentsatzen da sortzaileak krisian bizi behar duela, eta gabezietatik kapazak izango direla sormena areagotzeko. Horretara bagoaz, pentsatu behar dugu sorkuntzak prekaritatean egon behar duela, orduan ematen duela onena, eta, salbuespenak salbuespen, ez da horrela».

Salbuespenak saihesteko, instituzioek sektorearen aldeko apustua egin beharko lukete, EHUko irakaslearen aburuz. «Dirua nola eta zertan banatzen den erabaki politiko bat da». Beti pentsatu izan du, kulturak Euskal Herriarentzat duen balioa kontuan hartuta, askoz ere diru eta baliabide gehiago eskaini beharko zitzaizkiola. «Hori eman ezean, diskurtsoa bat da, eta errealitatea, berriz, beste bat. Hori gertatzen da euskarazko hedabideekin eta beste hainbat gauzarekin».

Muñozen iritziz, esaten da dirua beste kontu batzuetara bideratzen dela. «Baina beste gauza horiek ere inportanteak dira. Ezin dira alboratu zinemak ere dirua behar duelako. Eta gobernu honek, dugun egoera aintzat hartuta, baditu bere lehentasunak; markatu ditu linea gorriak, eta horietan egiten ari da ahalegin izugarria. Logikoa ere bada».

Erakundeek jokatzen duten rolaz Azpillaga baino gogorrago mintzo da Abra ekoiztetxeko ordezkaria, pentsatzen baitu instituzioek ez dutela egiten «benetako» esfortzurik. «Ez badugu lortzen sentitzea hemengo kultura oso inportantea dela etorkizunerako, bada, horrela ibiliko gara». Eta diruaren banaketari dagokionez, kritika bat erakunde publikoei: «Ikusten dituzu Jaurlaritzaren eta diputazioen aurrekontuak, eta ez dakit zenbat diru Tabakalerari, Donostia 2016ri, Etxepare Institutuari, OLBEri... Eta sorkuntzari? Garrantzitsua da Vivaldiren opera bat ikustea, baina niri gehiago inporta zaizkit hemengo musikariak».

Kultura sailburuordea ez dago guztiz ados Portelarekin. Uste du zinemaren alde apustu egiteak ez duela esan nahi Tabakalera bultzatu behar ez denik, esaterako. «Horrek ere ekarriko ditu beste onura batzuk sortzaileen sustapenean. Zinemaldiari ere dirua ematen zaio. Inportantea da? Bai. Diru asko da? Bai. Baina eragin izugarria du; eta horrela gertatzen da kulturan egiten diren beste inbertsio batzuekin». Sortzaileak badaude, baliabideak jarri dira, eta emaitza bat loratu da. Baina horri eusteko apustu politiko bat behar dela deritzote sektoreko eragileek; ez dela nahikoa egindakoarekin, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.