Durangoko 54. azoka. Eragileeen iritziak

EZ DA NEGOZIO HUTSA

Ukaezina da Durangoko Azokak duen eragin ekonomikoa, bertan parte hartzen duten guztientzat berdina ez den arren. Eragile gehienek adierazi dute azokan lortzen dituzten ditu sarrerak ezinbestekoak dituela euskal kultur industriak, baina, azokaren onurak aipatzen hasita, beste arlo batzuk nabarmendu dituzte: irakurle eta zaleekin harreman zuzena izateko aukera, adibidez.

Salerosketarako lekua da azoka, baina hori baino gehiago: harremana nabarmendu dute eragileek. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Asteburu luze baten ostean, bukaerara iristen ari da aurtengo Durangoko Azoka, baina akabuko egunean ere albiste iturri izango da euskal disko eta liburuen plaza. Azokaren antolatzaileak, Gerediaga elkarteak, ikerketa baten berri emango du gaur, zeinetan Durangora jotzen duten herritarren kontsumo ohiturak, jardueraren eragin ekonomikoa, azken urteotako aldaketak eta beste zenbait arlo aztertu dituzten.

Horren atariko gisa, zenbait argitaletxe, musikari, sortzaile eta abarrekin mintzatu da BERRIA, azokan zuzenean parte hartzen duten eragileen iritziak biltzeko asmoz, euskal kulturaren bilgune garrantzitsu horren bertute, aje, aukera eta erronken inguruan.

Merkatua eta beste

Azoka da Durangokoa, baina ez merkatu huts. Ukaezina da haren eragin ekonomikoa, eta han lortutako baliabideak oso ondo datozkio betiereko krisiaren mehatxupean bizitzera ohitu den kultur industriari, baina eragile gehienek nabarmendu dute Durangoko Azokaren bestelako onurak ekonomikoak bezain garrantzitsuak —edo are garrantzitsuagoak— izaten direla.

«Ekonomikoki, Durangon egotea oraindik ere errentagarria da argitaletxeentzat», azaldu du Txalapartako editore Jon Jimenezek. «Eta kulturalki ere bai, beste jende batekin egoteko aukera ematen digulako. Gure irakurleen zati handi bat handik pasatzen da, eta gure idazle eta sortzaileak ere bai. Gu ez gara liburu denda, argitaletxea baizik, eta batzuetan faltan dugu soilik bertatik bertara lortzen den informazio hori: zein azalek funtzionatzen duen, zein tituluk erakartzen duen jendearen arreta, nolako eragina duen irakurlearengan, eta abar».

Antzeko iritzia dauka Pamielako ordezkari Pello Eltzaburuk: «Ekonomikoki, Durango bultzada da liburugintzan eta, oro har, euskal kulturgintzako enpresentzat. Gure eremua estua da, eta askotan, prekarioa. Dirua modu azkarrean jaso ahal izateak balio du pilak kargatuta edukitzeko eta hurrengo urtea zeharkatzeko».

Baina horrek ez du esan nahi argitaletxeak Durangori esker bizi direnik. Pamielaren kasuan, Durangoko fakturazioa ez da urtekoaren %10era iristen; Susarenean, %15 inguru da. «Urte osoko salmentetatik eta liburu dendetan saltzen direnetatik bizi gara gu», esan du Eltzaburuk. «Baina hamabi hilabeteetatik bat salbatzen badugu horrekin, ez dago gaizki». Bat dator horretan Susako editore Leire Lopez Ziluaga: «Gu ez gara Durangori esker bizi. Batez ere, urte bukaeran lagundu egiten du Durangoko Azokak».

Baina arlo ekonomikoa albo batera utzita, zaleekin zuzeneko harremana izatea baliosten dute eragileek gehien, jendea ezagutzea. «Digitalki gertu sentitzen duzun jendea fisikoki ere ikusteko aukera» dakar azokak, Katakrak argitaletxeko ordezkari Hedoi Etxartek adierazi duenez.

Eta bestelako onurak ere ekartzen ditu: «Durango egongo ez balitz, seguru asko euskarri digitalean baino ez genuke aterako gure musika», ohartarazi du Zea Mays taldeko abeslari Aiora Renteriak. «Gaur egun, Euskal Herriko talde gehienentzat, CD fisikoa ateratzeko aitzakia nagusia da Durango. Salmentak zelan dauden ikusita, Durangoko Azokagatik ez balitz, lanak modu digitalean baino ez lirateke aterako».

Handiak eta txikiak

Eragile guztiek adierazi dute errentagarri suertatzen zaiela Durangora jotzea. Baina ez guztiei neurri berean. Argi dago idazle, musikari eta produktu batzuek askoz arrakasta handiagoa lortzen dutela. Hori hala izanik ere, Durango oraindik plaza interesgarria al da sortzaile berrientzat edo sona apalagoa dutenentzat?

Eragileak ez datoz bat horretan. «Nik beti esaten dut Txalapartan neuk idatzitako liburu bat argitaratu beharko banu irailean edo otsailean argitaratuko nukeela», azaldu du Jimenezek. «Ulertzen dut egile batzuentzat sekulakoa dela Durangon egotea, eta kosta ahala kosta lortu nahi dutela hori, baina sinetsita nago egile batzuentzat mesedegarria dela zurrunbilo horretatik ateratzea».

Horri dagokionez, oso bestelako iritzia dauka Eltzaburuk: «Durango plaza ona da denentzat, bakoitza bere neurrian. Nik sortzaile berriei ez diet esango Durangora ez joateko. Alderantziz: aukera aprobetxatzeko esango nieke, han irakurleak-eta bilduko direlako, eta kontziente izateko sona handiko egileak ere hasiberriak izan zirela duela hamabost edo hogei urte».

Pello Reparaz musikaria dago Zetak egitasmoaren atzean. Durangon egon da proiektu berria aurkezten, baina aitortu du Vendetta taldean zebilenean bestela jokatzen zutela: «Oroitzen naiz Vendettarekin hasi ginenean Durangoko Azoka saihestu egiten genuela, talde guztiek Durangorako ateratzen zituztelako lanak. Hedabideetako lekua mugatua zen, eta beste batzuek jaten zuten. Gerora, hala ere, taldeak ibilbide bat egin eta jarraitzaileak zituela ikusi ondoren, konturatu ginen gune garrantzitsua zela».

«Egia da idazle berri eta ezezagunentzat zailagoa dela itzal horretan ez geratzea», esan du Elkarreko editore Alaitz Aizpuruk. «Baina urte guztian gertatzen den moduan. Ziurrenik, neurri batean saihetsezina da. Hala ere, argitaletxeen aldetik lan guztiei aukera emateko ahalegin bereziak egiten direla esango nuke».

Maiatz argitaletxe txikia da, nahiz eta 1982tik urtero egon den Durangoko Azokan, hutsik egin gabe, izen bereko aldizkaria eta plazaratzen dituzten liburuak ezagutarazteko. «Umore onean garelarik, esaten dugu autore ezagun batek ekarrarazten duen jendeak aldi berean parte hartuko duela beste liburuen salmentan ere», azaldu du Luzien Etxezaharreta ordezkariak. «Umore txarrean garelarik, bistan da euskal kulturaren mundua sarturik dela star system horretan, munduko kultura guztiak bezala». Dena dela, Etxezarretaren aburuz, «horrek ez du esan nahi handiek baino ez dituztela gauza onak egiten, eta txikiek gauza txarrak».

Bestelako aukerarik izan ez eta nork bere lanak ekoiztera jotzen duten egileek ere badaukate lekua Durangon, Autoekoizleen Plazan. Hain justu, bide hori hartu du Katihotsak elkarteak hiru filmeko USBa merkaturatzeko: Ataun of the dead, Josean's hil eben eta Napardeath. «Inoiz ez dugu izan asmo komertzialik, eta guretzat oso garestia zen postu bat hartzea; beraz, lehen ez zitzaigukeen bururatuko Durangon egotea», azaldu du elkarteko kide Beñat Iturriozek. Aurten, berriz, jauzia egitea erabaki dute, eta Iturriozek uste du Autoekoizleen Plazak eskaintzen duen aukera egokia dela haientzat eta haien moduko egitasmoentzat: «Diruaren aldetik gure posibilitateen barruan sartzen zen, azken finean gastuak ekoizle guztien artean banatzen ditugulako, eta lanak ere bai, denok egiten ditugulako txandak. Erraz samarra izan da».

Zurrunbilo eroa

Urteroko kontua da: Durangoko Azokaren egunak hurbiltzen direnean, biderkatu egiten dira liburu eta diskoen argitalpenak eta aurkezpenak, eta zalantza sortzen da hori egoki kudeatzen ote den. «Argitaletxeok saiatzen gara liburu aurkezpenak urte osoan egiten», azaldu du Aizpuruk. «Esango nuke ahalegin berezia egiten dugula horretan, guztiontzat onuragarri baita. Baina Durangoko Azokak duen erreferentzialtasuna tarteko, normala da Durangoren aurreko txanpa hori aprobetxatu nahi izatea».

Erosleentzat zorabiagarri izan daiteke urte amaierako liburu eta disko berrien uholde hori, baina argitaletxe eta egileentzat ere ez da lan makala. Hala kontatu du Reparazek: «Ni orain Zetak-en diskoarekin ibili naiz, baina, aldi berean, En Tol Sarmientoren diskoa eta Xabi Bandinirena ekoitzi ditut, eta egia da denak epe berean lantzea egokitu zaidala, Durangoko Azoka bazetorrelako».

Beste faktore batek ere badu eragina zurrunbilo ero horretan: denbora aldetik, azoka bat dator urte bukaerari begirako produkzioaren areagotzearekin, inguruko kultur sistema gehienetan ere gertatzen dena: «Guk normalean urtean argitaratzen ditugun erdiak udaberrian ateratzen ditugu, eta beste erdiak, udazkenean», azaldu du Lopez Ziluagak. «Zaila da neurtzea noraino baldintzatzen duen hori Durango egoteak, edo besterik gabe neguaren atarian egoteak. Guk berez ez dugu Durangoko Azokari begira argitaratzen: badugu gure plangintza, eta plangintza horren arabera saiatzen gara liburuak ahalik eta azkarren aurkezten, Durangoko Azokari itxaron gabe».

«Autokritika hori eragile guztiok egin dugu, baina urte osoko gabeziaren kulpa ezin diogu bota arrakastari», ohartarazi du Eltzaburuk. «Gure erronka da urte osoan eskaintza orekatua eta erregularra izatea, baina, adibidez, hedabideak oro har urtean gutxiago interesatzen dira liburugintzaz. Behingoz ikusgarritasuna lortzen dugunean, hori erabili egin behar da».

Aldatuz doan azoka

Azken 54 urteetan, aldaketa ugari izan ditu Durangoko Azokak: «Gure belaunaldikook ezagutu dugu hiriko azokan egiten zeneko hura, itoginak zeuzkan karpa erraldoi hura ere bai, rockak izugarri saltzen zuen garaia, eta diskoetxeak agertzen eta desagertzen ikusi ditugu, Landako guneko oraingo garaira iritsi arte», gogorarazi du Etxartek. «Eta uste dut hor mugarri izan dela Ahotsenea».

Horretan bat datoz iritzia eman duten eragile guztiak: azken urteotako berrikuntzarik nabarmenetako bat izan dira Ahotsenea, Irudienea, Saguganbara eta azokaren osagarri antolatzen diren gainerako guneak. Ateak zabaldu dizkiete bestelako kultur adierazpideei, eta sortzaileen eta publikoaren arteko harreman zuzena ahalbidetu dute.

«Ahotseneak bestelako zentralitatea eman die egileei, eta egileekin irakurleekin lanak partekatzeari», nabarmendu du Lopezek. Bat dator horretan Renteria: «Izugarria da kontzertu bat ikusi, eta talde hori ezagutu eta haren diskoak erosteko aukera izatea. Literaturan, berdin: luxua da egileek beren liburuak zuzenean aurkeztu ahal izatea, eztabaidatzea, eta abar. Bestela, kontu ekonomiko huts bilakatzen da. Nik uste dut Ahotseneak ilusioa berpiztu duela azokan».

Hori albo batera utzita, zaila da azokara joaten den jendearen kontsumo ohituretan aldaketak sumatzea. Oraindik badaude etxera diskoz eta liburuz zamatuta itzultzen direnak, eta badago azokara berritasunak kuxkuxeatzera joaten denik, begiz jotakoproduktuak auzoko denda kutunean erosteko.

Aldaketaren bat nabarmentzekotan, teknologia berriek ekarri dituztenak lirateke aipagarrienak: «Oso nabarmena izan da CDa eta DVDa ez diren beste euskarri batzuk eskatzen dituztela gero eta gehiago: esate baterako, estekak [edukiak Internetetik hartzeko] edo USB gailuak», kontatu du Ene Kantak-eko ordezkari Nerea Urbizuk.

Geroari begira

Joan den asteartean, Kepa Larrea EHUko irakasleak eskutitz bat argitaratu zuen BERRIAn, kezka azaltzeko Javier Agirre Gandarias poeta bilbotar hil berriaren antologia ez delako egongo Durangoko Azokan. Antolatzaileen irizpideen arabera, euskaraz argitaratutako produktuek eta, erdaraz egonda, euskal gaiak jorratzen dituztenek dute lekua azokan. Zenbait eragilek zalantzak agertu dituzte irizpide horien inguruan.

«Kontuak kezkatu egiten gaitu, eta badakigu gai delikatua dela», esan du Eltzaburuk. «Orain arte, beti modu diskretuan helarazi dugu guk kezka hori. Argi dago euskarak zentralitatea izan behar duela azokan. Baina, beste alde batetik, errealitatea da badagoela sormen bat beste hizkuntzetan egiten dena. Uste dut gogoeta egin beharko genukeela hori arautzearen kudeaketaz».

Etxartek uste du oraingo egoera «oso defendagarriak» diren «bi jarreren arteko erdibidea» dela: «Absurdoa iruditzen zait Euskal Herrian lanean ari diren argitaletxe zenbaitek beren katalogoak ezin erakustea, baina, aldi berean, ez egotea ausardiarik euskara hutsezko azoka bat egiteko». Horren ondorioez ohartarazi du: «Horrek eraman du euskal argitaletxe bat gaztelaniara ekarritako nazioarteko lanak ezin aurkeztera, eta, aldiz, perretxikoei buruzkoek edo baserriei buruzko sasi-antropologia lanek tokia izatera. Sekulako ekarpena egin duten argitaletxe batzuk ezin dira bertan egon, eta erregionalismo espainiarra lantzen duten sasi produktuak, bai. Bestela, euskarazko lanen aldeko apustua egin nahi bada, egin dadila bururaino, baina orduan gehien saltzen duten autoreetako batzuk ez lirateke egongo». Beste eragile batzuek, hain justu ere, azken aukera hori hobesten dute, eta azaldu dute «begi onez» ikusiko luketela euskaraz hutsezko produktuena izatea Durangoko Azoka.

Irizpideen inguruko eztabaidak gorabehera, eragile gehienek diote «eroso» daudela egungo ereduarekin, baina batzuek proposamenak egin dituzte, azoka hobetze aldera. Batzuk teknikoak dira: Etxezaharretak, adibidez, eskertuko luke pasabide zabalagoak dituen gune bat, jende pilaketak saihesteko eta «isiltasun handiagoa eta hurbilago egotea» lortzeko. Bestalde, Ene Kantak-eko ordezkari Nerea Urbizu «papera gehiegi erabiltzeak» kezkatzen du, banatzen diren eskuorriek eta bestelakoek: «Badakit Durango saltzeko lekua dela, baina uste dut saihets zitekeela paperaren gehiegizko erabilera hori. Eta plastikozko poltsena ere bai. Urtetik urtera hobekuntzak daude, baina ikuspegi ekologikotik beharbada buelta bat eman beharko liokete horri».

Teknologia berriek ekar ditzaketen erronkak hartu ditu ahotan Reparazek: «Literaturan bezalaxe, musikan ere zentzua eta interesa galtzen ari dira euskarri fisikoak. Durangoko Azokak izan behar du euskarri fisikoekin nolabaiteko harremana, baina epe motzean birsortu eta eraldatu beharko litzateke, horri erantzuteko. Oso interesgarria iruditzen zait, adibidez, zuzeneko emanaldien kontua, proiektuei ikusgarritasuna emateko; eta, era berean, ondo legoke, musika digitalki gero eta gehiago kontsumitzen den honetan, bestelako produktu fisikoei ateak zabaltzea eta hori normalizatzea. Datozen hiruzpalau urteak garrantzitsuak izango dira eraldaketa hori egiteko».

Txalapartako kide Jon Jimenezek «gogoeta konpartitua egiteko tokia» sortzea proposatu du: «Asmatu beharko genuke gune bat non sortzaileek, argitaletxeek, antolatzaileek eta abarrek gogoeta egingo genukeen azokaren norabideaz». Susako ordezkari Leire Lopez Ziluagak, berriz, ez du aldaketa zehatzik proposatu, baina uste du edozein berrikuntzak ardatz bat izan beharko lukeela: «Egileak, irakurleak eta sormen lanak zentroan jartzea».

Aldaketak aldaketa, euskal kulturaren arnasbide izan beharko du Durangoko Azokak gerora ere. Horretarako beharra badago, eta kezka ere bai, Etxezaharretaren hitzek erakusten dutenez: «Iparraldearen eta Hegoaldearen muga hori handitzen ikusten dugu: nahiz eta euskara berbera dugun, gaina hartzen ari da. Duela 50 urte amesten genuen euskal batasun hori ez da egiten ari; bakoitza bere alde ari da, eta gutxiengoan segitzen dugu».

Edonola ere, Maiatzeko kideak, gainerako eragileen moduan, ez du etsipenean erortzeko asmorik: «Fede handia dugu euskaran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.