Lee 'Scratch' Perry. Musikaria eta ekoizlea

«Ez dago musikaririk espiritualtasun gabe ari denik»

Jenioa? Zoroa? Ala biak? Zer axola. Jamaikako musikaren historian aparteko lekua dauka. Mad Proffesor adiskidea alboan duela Bilbon ariko da asteartean.

gorka erostarbe leunda
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Posta elektronikoa baliatuz egindako elkarrizketan sei bat aldiz erabili du ahalguztiduna edo Jah (jainkoa) kontzeptua, eta beste horrenbeste aldiz energia hartu du ahotan. Beste behin egona dago Bilbon, baina «aspaldi». «Guggenheim duen hori da Bilbo, ezta? Gogoa daukat ezagutzeko. Gau magikoa izango da». Gau «magiko» hori asteartekoa izango da, Bilboko Kafe Antzokian (21:00etan). Konposatzaile, nahastaile eta ekoizle. Hamaika ezizen erabili izan ditu bere lanetan, baina batez ere The Upsetter ezizenarekin hartu zuen sona. Reggaea, duba, dub-stepa eta erritmo elektronikoak, zorotasun apur batez zizelkatuak. Lee Scratch Perry ( Hannover, Jamaika, 1936) Mad Proffessor adiskidea lagun hartuta eta haren estudioko The Robotiks taldearen babesean ariko da.

Dub musikaren sortzailea zarela diote. Sortzaile bakarra zarela esatea gehiegitxo izango da.

Duba ahalguztidunak sortu zuen, bera eta bera bakarrik da edozein sorkuntzaren egilea. Berak gidaturiko eskua naiz ni, nire eskuaren bidez sortzen da musika eta musikaren magia.

Zer esanahi dauka dub musikak zuretzat? Musika genero espiritualena al da? Zein harreman duzu beste musika generoekin, jazzarekin, rockarekin, klasikoarekin...?

Duba uhinetan hedatzen den energia da, eta guztia kutsatzen duena, arimak, gorputzak... Dubak bakea transmititzen du, naretasuna, sosegua, eta ondo sentiarazten zaitu. Modu batera edo bestera musika genero guztiek dute Dubetik sortzen den energia horren puska bat, magnetismo izpirituala, alegia.

Jamaikako musika ekoizle handienak (Buster, Coxone, Gibbs..) ezagutu dituzu eta haiekin lan egin izan duzu, baina ez daukazu oso hitz goxorik eurentzat. Zergatik?

Giza harremanak konplexuak dira. Pertsonak aldatu egiten dira eta ez beti hobera, baina hori historia da , eta oraina da bizi behar duguna.

Suitzan bizi zara egun. Nola bukatu du musikari eta ekoizle jamaikar batek Suitzan?

Munduko hiritarra naiz, Jah-ek egin zuen Jamaikan jaio nendin, eta hark bideratzen nauen moduan noa. Nire ematzearekin topo egitea bideratu zuen, eta nire emaztea suitzarra da. Seme-alabak Suitzan izan genituen, eta hementxe kokatu naiz.

Reggaea musika erregea dela esan izan duzu, eta Bob Marley genero horretan handiena izan dela. Zergatik? Zein harreman izan zenuen Marleyrekin?

Bob Marley oso pertsona sortzailea zen, zabaltze prozesuan den izar baten modukoa, supernoba bat, ulertzen? Ezohiko zerbait zen Marleyrena. Ahalguztidunaren bedeinkazioa zuen, eta normala zen arrakasta izatea. Halako apeta, ardura eta indarra duen norbait nabarmendu egiten da gainerako gizakiengandik, eta Marley nabarmendu egin zen musikaren munduan.

The Clashekin, Paul McCartneyrekin, Beastie Boysekin eta beste zenbait artistarekin lan egin izan duzu. Talde horiek euren soinua hobetu al zuten zure lankidetzari esker?

Ez, ez. Nik musikari eta artista modura lan egiten dut soilik. Nik ez diot inori ezer erakusten. Aipatu dituzun moduko artista handiek euren kabuz ikasten dute, ez dute bilakaerarik izaten beste norbaiten eskutik, autodidaktak dira. Nik eman diezaieket nire iritzia, eta bidera ditzaket hemendik edo handik, baina bide horiek guztiak aldez aurretik markaturik daude. Ezer ez dago zoriaren esku, ezta musikaren arloan ere, Jahek gidatzen du gizakia, eta gizakiak bere ekintzak egiten ditu.

Zure estudioa, Black Arc, erre zenuen 80ko hamarkada hasieran. Zergatik?

Espiritualtasun txar gehiegi zegoen kontzentraturik, satanen botere gehiegi bildurik, bibrazio txar gehiegi, txarkeria gehiegi arnasten zen airean. Satanek geure buruen eta musikaren boterea hartu nahi zuen, eta soilik suak saihestu zezakeen egoera hura. Bibrazio txar hura desagertzeko estudioa purifikatu nuen suaren bidez. Ezin zen ezertxo ere salbatu, hori zen egia.

Zer garrantzia du Mad Professorrek zuretzat?

Soinu ingeniari handi bat da Mad Professor. Musika bisionario handia, eta soinu nahiz teknika berriekin asko eta ondo esperimentatutakoa. 90eko hamarkada aldera talde bat osatu genuen, eta elkarrekin zer lor genezakeen ikusi genuen. Hainbat soinu eta esperientzia berri ezagutu eta bizi izan genituen, eta haren Ariwa zigiluan hainbat disko plazaratu genituen elkarkidetasunaren ondorio.

Musikaren historian handi izan diren beste musikari beltz zenbaitek ere, Sun Rak, John Coltranek edota Jimmi Hendrixek musikaren oso ikuspegi izpirituala izan zuten. Zer iritzi duzu horretaz eta musikari horiez?

Musika orok du bere izpiritualtasun puska. Musika pertsonen barnetik sortzen da, euren barneko izaera sakonenetik. Ez dago musikaririk izpiritualtasunik gabe lanean ari denik. Jahek gidatzen ditu eskuak, burua, inspirazioa.

Musika beltzaren eta zuriaren arteko bereizketarik egin al daiteke?

Ez dago inolako desberdintasunik. Arrazistek edota segregazionistek bakarrik egin dezakete banaketa hori. Gizaki guztiak berdinak dira ahalguztidunaren aurrean. Odol gorri berbera dute zuriek, beltzek, txinatarrek, indioek.

Zenbaitek dio musikaren jenioa zarela, beste zenbaitek musikari eroa zarela. Zer diozu zuk?

Jenio zoro bat naiz!

Musikaren munduan ezer interesgarririk egiteko geratzen al zaizu oraindik?

76 urte ditut, eta musika nire odolean dantzan ari da 20 urte nituenean bezalaxe. Egun bakoitza opari bat da, eta egun berri bakoitzean egitasmo bat daukat, eta ideiak berriak. Birak eta bidaiak etengabekoak dira. Europa orain, AEBak ondoren, Australia eta Zeelanda Berria bukaeran... eta berriro ekin... Ahalguztidunak nahi duen artean.

Internetekin zer harreman izan duzu. Musika sorkuntzarentzat ona izan al da?

Internet ona izan da, baina erabiltzen duen jende askok kaltegarri bilakatzen du. Internet eta antzeko erreminten kontrola ez da existitzen, eta horrek industriari egiten dio kalte, baina banaketa eta irakaspen tresna gisa oso garrantzitsua izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.