Bigarren aldiz jasoko du Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) haur eta gazte literaturako Euskadi saria. 2002an jaso zuen lehenik, Itsaslabarreko etxea-rengatik (Aizkorri). Horretaz gain, euskarazko literaturaren atalean finalista izan da Bitsa eskuetan poema liburuarekin (Susa).
Sari garrantzitsua jasoko du Errepidea-k. Ez da orain artean oso liburu aipatua izan, baina sariak bultzada handia eman diezaioke.
Nik itxaroten dut saria bultzada bat izatea liburua gehiago zabal dadin. Joan den urtean atera zen Durangoko Azokarako, eta oharkabean pasatu zen. Kritika onak izan zituen gero, eta horrek poztu egin ninduen. Orain poz hori handitu egin da liburuari arnasa eman diezaiokeen sari honekin.
Ausardia laudatu du epaimahaiak. Gazteentzako liburua da, baina ez duzu errealitate gordinak planteatzeko erreparorik izan.
Gazte askok bizi dituzte egoera gordinak, batez ere krisi ekonomikoan murgilduta gaudenetik. Liburuko ama-alabak egoera gordinean bizi dira, eta iruditu zitzaidan ez dagoela zertan gazteei beti istorio samurrak eta politak kontatzen ibili, babeskeriaz betetakoak; ez dela nahitaezkoa beti umorea eta samurtasuna erabiltzea. Irakurle gazteak izan arren, bestelako emozio batzuk ere helarazi behar zaizkiela. Neuri liburu honegaz tokatu zait horretarako txanda.
Ez da, hala ere, dena iluntasuna etsipena liburuan. Pertsonaiei itxaropenerako aukera uzten diezula dio epaimahaiaren agiriak.
Kontaketaren gordintasuna konpentsatua dago, neurri batean, fantasiazko elementuen bitartez.
Errealitate gogor horretan, gogorrak dira bi pertsonaia nagusiak ere, autokarabanako ama-alabak.
Ama-alabak autosufizienteak dira, inoren segadetan ez erortzeko bezain zuhurrak; ez dependentzia afektiboetan, ez dependentzia sozialetan. Haiek duten kezka nagusia bizimodua ateratzea da, baina hori ere duintasunez egiten saiatuko dira. Amak alabari esaten dio une batean duintasuna karnet iraunkorra dela, une batzuetako ekintzak gorabehera.
Euskadi literatura sariak. Miren Agur Meabe. Idazlea
«Ez dago zertan gazteei beti istorio politak kontatu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu