«Errealitate hutsa da». Geldialdia egin du Edorta Jimenez idazleak. «Errealegia akaso». Baieztapenari bainak atera dizkio jarraian. «Liburua errealitatearekin alderatzen baldin bada, inozente baten liburua da idatzi dudan hau. Gertatzen dena da, egunero, oso ipuin politak kontatzen dizkigutela albistegietan. Horregatik, nire perspektibatik begiratuta, esango nuke labur geratu naizela». Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Iñigo Cabacasen gurasoak aurrean dituela aurkeztu du Jimenezek Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua (Txalaparta) eleberri beltza, Bilboko Indautxu kaleko Kirruli tabernan. «Labur geratu naiz». Hainbat pertsonaiaren istorioak nahastu, eta ustelkeria, tortura, biolentzia eta mendekuak bildu ditu liburuan, Ertzaintza lehen planora ekarriz. Ironiaz aurkeztu du lana. «Pentsatzen aritu naiz ez ote den hau liburu zuria, eta ez beltza. Hauxe baita Bizkaia zuria: denok gara zoriontsuak hemen».
Ahoan bilorik gabe aritu da Jimenez. «Non bizi eta zer idatzi; horixe da gaur egungo literaturaren erronka nagusia. Ni hemen bizi naiz, eta hemengoari buruz idatzi dut». Bizkaiari buruz ari da idazlea, lurraldeko ustelkeriari buruz idatzi baitu, besteak beste, bere lan berrian. «Interpelatuko naute, eta erantzun egingo dut. Ez naiz ezkutatuko». Azaldu ditu narrazioaren nondik norakoak jarraian: Camboya ezizena duen ertzain erretiratuak eta Arkautinharen ikasle izan zen Gaztelu-k beren arduraduna izan zenari desagertu zaizkion hiru txakurren auzia ikertuko dute. Ikerketan aurrera egin ahala, iragana azalduko zaio erretiratuta dagoen ertzainari. Eta hor agertuko da Jimenezek behin eta berriz aipatutako errealitatea: tortura kasuak, ustelkeria pasadizoak eta pilota kolpe batez hildako gaztearen pasartea, tartean. Iñigo Cabacas bera azaltzen da liburuan.
Azalekoak eraman ditu idazle mundakarrak paperera, bere militantziatik eta bizipen pertsonaletatik aritu baita hainbat pasartetan. «Gertaera asko zauriak dira. Nik ez dut motxilarik lepoan, nik zauriak dauzkat, erredurak eta kolpeak; baita torturarenak ere». Horiek denak azaleratzeko saioa egin du eleberrian. Kontrapuntua jaurti du, jarraian. «Halakorik ez da gertatzen gure Bizkaia zuri eta perfektuan. Hau da zorionaren paradisua, nahiz eta polizia integral bat dugun».
Izenaren eta ezizenaren kontzeptuekin jolasean aritu da. «Eleberrian hala planteatu dut: izena duen orok izana badu, ezizena duen orok ez-izana du?». Hitz jokoarekin erantzun du galdera. «Eman dezagun polizia integrala ez dela izena, baizik eta ezizena. Zer ez du polizia integralak? Denerako prest egon behar du; beraz, ez du argitasunik, ez du esango non atxilotzen dituen herritarrak edo non dauden. Hortaz, zein da polizia integralaren egiazko izena?».
Isildu egin da Jimenez, eta beste adibide bat jarri du jarraian. «Prekaritatea zer da, izena ala ezizena? Eman dezagun ezizena dela eta saiatu gaitezen izena asmatzen». Hasi da hitz jokoarekin. «Prekaritatean kontratatuak ez du kontratua eteteko eskubiderik, ezta bere soldata adosteko eskubiderik ere. Aldebakarrekoa da. Enpresariak erabakitzen du zer errenta jarri, eta hori esklabotza da. Beraz, prekaritatea esklabotzaren ezizena da». Ariketa bera egin du justizia hitzarekin ere. «Hori da eleberriaren gako nagusia: hemen denak dira ezizenak eta ez-izanak».
Gaurkotasuna duen lana
Eleberrian etengabe azalduko da irratia, eta gaurkotasuna emango dio horrek istorioari. Kataluniari buruzko albisteak azalduko dira etengabe, eta Bizkaiko adinekoen egoitzan izan zen lan gatazka ere aipatu du. «Langileak greban ari direla azalduko da liburuan, baina inork ez daki zergatik, agintariek diotelako hemen ez dela ezer falta». Pentsakor, hitz jolasera jo du berriz. «Egoitza, zeren izena da, negozio gunearena?». Eta jokoa berriz. «Munduan Polizia guztiek dute ezizenen bat. Polizia sortzeak dakar herriak ezizena ematea izena duen horri».
Txakurrak ere istorioaren lehen planoan azalduko dira, animalien desagerpena ikertzen baitu protagonistak. «Gizarte eredua aldatu egin da, eta txakurrak ere familiaren parte dira gaur egun». Iradoki du txakurrek pertsonek baino eskubide gehiago dituztela, sarritan. «Txakurrak ni baino hobeto bizi dira». Behin eta berriz nabarmendu du ideia hori idazleak. Txakur borrokak ere azalduko dira eleberrian. Mezua du atzetik horrek ere. «Zein da borroka horiek egiteko lekurik onena? Babestutako tokiak edo aberatsenak: txaletak, adibidez. Ezen, Poliziak etxea norena den itauntzen du ezer baino lehen, ez ikusiarena egin behar duen edo ez jakiteko».
Kezkak biltzen ditu Jimenezen liburuak, Jon Jimenez Txalapartako editorearen arabera. «Liburuan bada etengabe azaltzen den ideia bat, Bizkaian ustelkeria ez dela salbuespen bat, baizik eta egunerokoa. Eta ustelkeriaren barruan sartzen dira tortura kasuak, bortxa, polizia indarkeria...». Errealitatearen kontakizun beltza egin duela dio editoreak. «Uste dut Jimenezek baduela buruan kezka bat: euskal literaturak gaur egungo gizartea eta historia nola kontatu behar duen».
Ez direnen benetako izanak
'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' eleberri beltza argitaratu du Edorta Jimenezek. Torturaz, ustelkeriaz, biolentziaz eta erruduntasunaz idatzi du, erretiratutako ertzain baten azaletik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu