Victor De Diego. Musikaria

«Ez dut jendea erakarriko duen musika komertzial erraza egin nahi»

Bartzelonan bizi den musikari bilbotar honek seigarren diskoa kaleratu zuen iazko urteko irailean; 'Tribute'. Hainbat kontzertu eman ditu diskoa Donostiako Jazzaldian aurkeztu aurretik

CARLOS CATARECHA.
Donostia
2014ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
1984an ekin zion Victor De Diegok (Bilbo, 1964) musika ibilbideari. Saxofoian maisua da, eta hainbat sari eskuratu ditu Donostia, Getxo, Eivissa eta Mallorcako jaialdietan. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bartzelonako Orquestra de Cambra del Teatre Lliuren aritu izan da, eta, hainbat musika taldetako liderra izateaz gain, askotariko formazio musikalekin kolaboratzen du. Egun, Bartzelonan bizi da, eta bertan jarraitzen du ibilbide musikalarekin.

Zuk estreinatuko duzu aurtengo Jazzaldiko agertokietako bat. Zer da Jazzaldia zuretzat?

Europako jazzaldi ospetsuenetariko bat da, eta, edozein artistarentzat bezala, oso garrantzitsua da niretzat ere. Ilusioa pizteaz gain, musika dibulgaziorako ere ezinbestekoa da, jende askori bere lana ezagutarazteko bidea ematen baitio.

Jaso duzu sariren bat edo beste Donostiako Jazzaldian. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Izugarrizko bultzada izan zen. Sariek beti pizten diote ilusioa musikariari bere lanarekin jarraitzeko. Badira oso proposamen interesgarriak dituzten musikari onak, eta, tamalez, saririk ez irabazi ez dutenez bere horretan utzi ditu, ez atzera ez aurrera. Halako sariek bidea irekitzen diote artista bati, eta hori izan zen nire kasua.

Tribute da Jordi Gaspar eta Gonzalo Del Valekin batera kaleratu duzun azken diskoa. Zer bildu nahi izan duzu bertan?

Orain arteko diskoetan denetarik bildu izan dut, momentuan sentitutakoa. Azken horretan jazzean maisu direnei omenalditxo bat egin nahi izan diet. Nire musika ibilbidean lorratza utzi duten musikariei eskerrak eman nahi izan dizkiet, haiei esker bainago hemen.

Izango da disko horren berri Donostiako kontzertuan?

Bai. Iazko urteko irailean kaleratu genuen diskoa, eta horren harira hainbat kontzertu jo ditugu Espainian eta Euskal Herrian bertan. Orain Donostiaren txanda da, eta hemen ere aurkeztuko dugu diskoa.

Baduzu beste proiektu musikalik buruan?

Lider moduan, diskoa atera ostean 2-4 urte ematen ditut kontzertuak ematen. Beraz, horrela jarraitzeko asmoa dut. Irailean hainbat kontzertu eskainiko ditut Euskal Herrian zehar: Bilbon, Bakion, Gorlizen eta Soraluzen, besteak beste. Baina gero, segur aski disko berria egiteari ekingo diot beste talde batekin. Liderra ez naizen taldeetan, berriz, banabil hainbatproiektutan ere.

«Jo nahi dudana baino gehiago,zer jo nahi ez dudan dakit» azaldu zenuen elkarrizketa batean. Zer da jo nahi ez duzun hori?

Hala da, bai. Ez dut jendea erakarriko duen musika komertzial erraza egin nahi. Musika landua egin nahi dut; nortasuna eta kalitatea nahi dut, horrekin jendeak goza dezan. Gerora hori komertziala bada, ez zait axola, baina kalitatea nahi dut ororen gainetik.

Izen handiko artistekin aritu zara lanean. Zein gogoratzen duzu hobekien?

Egia esan, izen handiko artistekin eta famatu ez direnekin aritu izan naiz. Eta berdin zait musikari horren ospea zenbaterainokoa den, izena baino gehiago, harekin kidetasuna izatea nahi izaten dut. Hala ere, Phil Woodsekin diskoa grabatu nueneko unea da hobekien gogoratzen dudana. Esperientzia itzela izan zen.

Zeinekin aritzea gustatuko litzaizuke?

Ez dut gogo berezirik. Esan bezala, kidetasunari begiratzen diot. Hala, haiek nirekin gozatzea da nahi dudana. Hori, gainera, musika egitean nabaritzen da.

Jazzaldiari dagokionez, zer da programatik gehien erakartzen zaituena edo faltan duzuna?

Egia esan, ez dut programa zehatz aztertzerik izan, begiratu azkar bat bota diot. Talde asko zaizkit ezezagunak, eta proposamen ezberdinak egotea egokia iruditzen bazait ere, horrek badu oztoporik. Jazz doinuetatik aldentzen dira horietako proposamen asko, eta faltan botatzen dut jazza Jazzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.