Mikel Zubeldia. Ipuin lehiaketaren irabazlea

«Ez dut neure burua ikusten nobelak idazten»

gorka erostarbe leunda
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bi nobela labur, edo, egileak dioen moduan, bi ipuin luze ditu argitaratuak orain artean: Manikien galeria (2004, Euskaltzaindia-BBK) eta Ekilibristaren polka (2008, Euskaltzaindia-BBK). Gainera, Enarak bezain fite narrazioa ere plazaratu zuen 2005ean (Arabako Foru Aldundia). Aurrerantzean ere, ipuingintzan ikusten du bere burua Mikel Zubeldiak (Donostia, 1972).

Epaimahaiak lanaren «estilo jasoa» nabarmendu du. Zer sentitu duzu hori entzutean?

Poza eta harrotasuna. Idazle exigentea naiz. Neure buruari asko eskatzen diot, nahiz eta asko idazten ez dudan. Neure buruarekin bakean geratu arte, ez naiz lasai geratzen. Ipuin hau ere lasai idatzi nuen, eta emaitza hor ikusten da, estiloan eta erritmoan.

Marlboro gizona izenburua du ipuinak. Western baten izenburua dirudi.

Bai, eta maskulinotasunaren arketipo edo adibide. Arketipo hori hartu eta buelta eman nahi izan diot; maskulinitatearen arketipoa zalantzan jarri, alegia.

Margolaria da protagonista, eta bere barne munduaz dihardu, ezta?

Emakumea da margolaria. Bere barne gatazkak azaleratzen saiatu naiz. Bere ingurunean dauzkan arazoak, sexuaren inguruan dauzkanak... Marlboro izeneko kaleko eskale zahar bat ezagutzen du, eta bien arteko istorioa kontatzen da ipuinean.

Bi nobela plazaratu dituzu: Manikien galeria eta Ekilibristaren polka. Zerikusirik ba al dute Marlboro gizona-rekin?

Ez dira nobelak ere; ipuin luzeak direla esango nuke. Hori da nire espezialitatea. Badute antzekotasunik ipuin berriarekin. Ekilibristaren polka-n azaltzen den pertsonaia bat da narrazio honetako protagonista: Dora Maggo izeneko pintorea, hain zuzen ere. Gainerako liburuetan, hiriak-eta asmatu egin izan ditut, eta, honetan ere, alegiazko hiri bat agertzen da.

Ipuingintzan ikusten duzu zeure burua erosoen?

Bai, betidanik ipuinak idatzi izan ditut: ipuin luzeak, ipuin motzak... Oraintxe, ez dut ikusten neure burua nobelak idazten. Nire langintza ez da idazketa, eta, denbora kontuengatik ere, errazagoa zait ipuinak idaztea. Erosoago sentitzen naiz ipuinak idazten, beste ezertan baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.