DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA

«Ez dut nostalgiarako ziorik»

Filmak denen gustuko ez izatea hautaketan hartutako arriskuen ondorio izan da, Mikel Olaziregiren ustez

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak aurten eman duenarekin pozik eta egindako lanarekin gustura agertu zen atzo Mikel Olaziregi, jaialdiaren zuzendaria, epaimahaiak aurtengo palmaresaren berri eman ondoren. Jaialdiaren zuzendaritza «nostalgia izateko motiborik gabe» utziko du Olaziregik urtearen amaieran, lekukoa Jose Luis Rebordinosi utzita. Zuzendari berriari eskatzen duen guztian lagunduko diola agindu dio Olaziregik. «Baina ez naiz beti haren belarriaren ondoan egongo, zer egin behar duen esateko», argitu du.

Ia urtero bezala, txistuak entzun dira epaimahaiak palmaresaren berri eman duenean. Baina Olaziregik, ia urtero bezala, ez zion horri garrantzi handirik eman. «Guk filmak aukeratzen ditugu, eta epaimahai bat aukerazten dugu», azaldu zuen. «Behin hori egin eta gero, epaimahaiak bere erabakia hartzen du eta hautatutako edozein filmek irabaz dezake edozein sari. Epaimahaiak askatasun osoz erabakitzen du eta gure errespetua merezi du».

Jaialdiaren zuzendaria ez zen ados agertu aurtengo sail ofizialeko filmen maila ohi baino kaxkarragoa dela diotenekin. «Beharbada arrisku handiagoa hartu dugu aurten filmen aukeraketan, eta horren ondorioa izan da aukeratutako filmak ez izatea denen gustukoak», esan zuen.

Julia Robertsen «argia»

Glamour-aren aldetik, «Julia Robertsen argiak itzalean utzi du gainerako guztia», Olaziregiren ustez. «Baina ezin da esan glamour-ik ez dela izan, Bruno Ganz bere filma aurkezten izan denean. Aurretik ere esan nuen aurten ezohiko glamour-a izango genuela. Paul Giamatti eta Norman Fosterizan ditugu, adibidez. Figura mediatiko handiak dira biak».

Zinemira sailak bigarren urtean hartu duen sendotasuna da Olaziregiren azken urteetako pozetako bat. «Zinemira saila sortu genuenean, iaz, genuen kezka zen ea urtero izango genuen produkturik erakusteko. Aurten bigarren aldiz errealitate bat izan da, eta pozik nago aukeraketarekin. Egia da film dokumentalek fikzioak baino presentzia handiagoa izan dutela, baina hautatutakoak ez dira dokumental arruntak, argazki eta produkzio aldetik beste anbizio bat duten lanak baizik».

Zinemaldiak euskal zinemarekin kolaborazio estua izango duela agindu du Rebordinosek. Kolaborazio horretarako, orain arte jorratutakoez gain, bide berriak bilatu beharko dira, Olaziregiren ustez. «Zinemaldiak plataformak dira eta uste dut agente guztiek plataforma horiek erabiltzen ikasi behar dugula: bai zinemaren industriak -ekoizleek, aktoreek eta abarrek- eta bai guk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.