«Ez hitz egiteagatik harroputza nintzela usteko zuten batzuek»

Igor Susaeta.
Donostia
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Liburu bat irakurtzen duenean, ez zaiola axola idazlearen bizitza. Soilik esku artean duena inporta zaio. «Hori bakarrik». Horregatik beragatik, ez du bere literaturari buruzko elkarrizketarik eman inoiz orain arte.

30 urteko ibilbide literarioan, aurrenekoz ari zara zure liburu bati buruzko azalpenak ematen elkarrizketatan. Zer moduz?

Egin egiten ditut. Oro har, lasai, arazorik gabe. Izan ditudan arazoak izan dira filosofikoak, nolabait esatearren. Iruditzen zitzaidan, eta iruditzen zait, ez baitut iritzia aldatu elkarrizketa hau egiten ari naizela, argitaletxeak behartu nauelako egitera. Nik, egia esan, oso erraz eman nuen amore, jada nire estereotipoaz pixkat nazkatuta nengoelako.

Nolakoa da ba estereotipo hori?

Beno, ba joder, laostia, badakizu, «xelebre hori», edo «arraro hori» [umorez]. Edo, alderantzizkoa. Izan ere, niri ez esan arren, ziur nago batzuek pentsatuko zutela harroputz bat nintzela elkarrizketak ez emateagatik. «Zertzat jotzen du bere burua? Zer uste du, gu baino hobea dela? Gu baino gehiago dela?». Seguru gehienak hori ari zirela pentsatzen. Baina tira, berdin da zer egiten dudan nik, edo edonork. Nola esan... Beti edukiko duzu norbait inguruan irainduko zaituena! [umorez]

Ez zegoen, agian, beldurren bat, elkarrizketak ez emateko orduan?

Ez, ez. Gainera nire espezialitatea da elkarrizketetan hanka sartzea. Musikari buruzkoak egin izan ditudanean, hanka sartzen nuen, eta horrek ondorio gogorrak ekarri izan dizkit. Gainera, ezin zara jende guztiarekin ondo konpondu.

Zer bilatzen duzu liburu bat irakurtzen hasten zarenean? Zirrara bat?

Ez dakit. Ez dut inoiz horrela planteatu. Zergatik idazten dudan? Ideiarik ere ez daukat, eta ez zait axola. Irakurle amorratua naiz, baina hori mendekotasun bat da, beste batzuk dauzkadan moduan. Inoiz izan dudan mendekotasun handiena eta goiztiarrena da, eta benetan beti izan dudan ia bakarra. Beste batzuk eduki izan ditut, eta joan dira, eta etorri dira...

Ez zaizu literatur kritikarien iritzia gehiegi interesatzen.

Ez, begira, ni gauza horietarako eta gauza guztietarako [Pep] Guardiola zalea naiz, eta Guardiolak esaten du berak ez duela epaileez hitz egiten, eta nik kritikariez eta kritikez ere ez.

Baina irakurtzen dituzu?

Bai... Ez dut ahalegin berezirik egiten irakurtzeko, baina BERRIA irakurtzen dut egunero, eta igandeetan ere bai. Beraz, kritika bat badago, ba irakurtzen dut, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.