Telmo Esnal. Zinemagilea

«Ez legoke gaizki pauso bat eman eta aurrekontu handiagoekin filmatzea»

Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatuko du Telmo Esnalek 'Urte berri on, amona!'. Ez daki zer harrera izango duen, baina egindako lanarekin gustura dago.

Juan Luis Zabala
Pasaia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Filmari postprodukzioko azken-azkeneko ukituak eman ondoren agertu da hitzordura Telmo Esnal, egin beharrekoak egin dituenaren lasaitasuna agerian. Amaitua du bere bigarren film luzea, bakarka egindako lehena, aurrekoa —Aupa Etxebeste! (2005)— Asier Altunarekin elkarlanean zuzendu baitzuen. «Esan daiteke gaur amaitu dugula benetan pelikula», dio. «Lasai nago. Uste dut istorioak indarra duela eta lana ondo egin dugula. Orain nahi dut jendeak ikus dezala, eta neurea izateari utz diezaiola. Nahi dutena esango dute gero, baina ni oso gustura geratu naiz». Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean izango du estreinaldia Telmo Esnalen (Zarautz, 1967) Urte berri on, amona!-k, eta hilaren 30ean iritsiko da zinema areto komertzialetara, jatorrizko bertsioan, euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.

Filmeko pertsonaia nagusia, Mari amona (Montserrat Carulla), burutik gaizki dabil, eta egoera oso latza da Maritxu alabarentzat (Kontxu Odriozola) eta haren senar Joxemarirentzat (Pedro Otaegi). Zahar etxe batera eraman nahi du Joxemarik amona Mari, baina hark ez du hori ametitzen. Egoera konpontzeko «plan perfektua» jarriko du martxan: familia osoa Benidormera joatea, etxean amona Kintxorekin (Joxean Bengoetxea) utzita, Maritxuren alaba Mirenen (Nagore Aranburu) senarra, hark amona zahar-etxera eraman ahal izango duelakoan… «Baina amonak ere badu zer esanik istorio horretan» esanez amaitzen du tramaren kontaketa Esnalek.

Filma amaitu berri duzu. Dena nahi bezala atera al da azkenean?

Ni oso gustura nago egindako filmarekin, baita taldeak eman duen erantzunarekin ere. Ez zen pelikula erraza, baina asko gozatu dut aktoreekin lanean. Oso lan ona egin dute denek; umeek ere bai. Ekipoarekin ere oso gustura nago. Azken batean, zineman ezin duzu bakarrik egin lana. Zurea izan daiteke ideia, baina azkenean besteen menpe zaude dena egiteko. Norberaren harrikada da, baina lantaldeak laguntzen ez badizu alferrik ari zara.

Aktoreekin eta lan talde osoarekin gustura egoteko, lagungarri izan duzu lanbidean duzun urteetako esperientzia?

Jakina. Ba al dakizu zer gertatzen den? Elkar ezagutzen dugula denok. Lantaldea garela esaten dugu, baina lagun kuadrilla bat bezalakoak ere bagara, eta ondo dakigu adarra nola jo batak besteari.

«Komedia beltza» dela esanez aurkeztu duzue film berria.

Ez dakit komedia beltza den. Badakit komedia badaukala, badakit komedia beltza ere badaukala, eta suspensea eta drama ere badituela. Hori dena nahastu dut eta koktel moduko bat atera da. Bi pertsonaiaren arteko gatazka kontatzen da, amonaren eta haren bilobaren senarraren artekoa, eta nahiko ume-gatazka da azken batean. Bata bestearen aurka hasten dira, eta, gero, frenoa bota ezinik, atzera ez egiteagatikaurrera jarraitzen dute, teman, egoskorkeriaz, itzulerarik gabeko bidean sartuta, gero eta okerrago. Ez dakit zer harrera izango duen pelikulak, baina orain arte ikusi dutenek —erabat amaitu gabe ikusi dutenek— esan didate oso pausaldi ona duela, ahogozo ona uzten duela ikusi eta gero.

Harrerari dagokionez, filma Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatzea ez da hasiera txarra.

Zinemaldia hemengoa denez, ematen du film bat Zabaltegirako aukeratua izatea erraza dela, baina hemendik kanpora irtenda konturatzen zara Zabaltegin egotea garrantzitsua dela, Donostiakoa A mailako zinema jaialdia baita.

Noiz eta nola sortu zitzaizun Urte berri on, amona! filmeko ideia?

Aupa Etxebeste! aurkeztu ondorengo Gabonetan bururatu zitzaidan. Grazia egin zidan gaizki dagoen baina beharbada ematen duen bezain gaizki ez dagoen amona bat imajinatzeak, nahita egin ohi ez diren gauza asko nahita egiten dituen amona bat… Gero neure buruan garatuz joan nintzen ideia. Ni ez naiz apunteak hartzearen oso zalea, eta buruan ematen dizkiet bueltak ideiei. Ideia hari buelta pila bat eman eta gero, gidoia idazteko Jaurlaritzaren diru laguntzaeskatu, eta eman egin zidaten. Horrek ja behartu ninduen gidoiaren idazketa amaitzera. Lehen bertsioa neuk bakarrik egin nuen, baina ikusi nuen laguntzaile batenekarpenarekin hobeto geldituko zela. Eta laguntzaile onena… ezagutzen dudana: [Asier] Altuna. Bertsolari-ren proiektuan nahiko sartua zegoen ordurako, baina tarte batzuk hartu zituen nire gidoiari buelta batzuk emateko. Gidoia amaitu eta gero Irusoinekoengana jo nuen, eta zortea izan nuen, gustatu egin baitzitzaien. Hurrengo pausoa, ondo kostata lortutakoa, diru laguntzak lortzea izan zen…

Oso prozesu luzea, beraz, filmatzen hasi aurrekoa.

Iazko azaroan erabaki genuen jada nahiko laguntza bagenuela ziurtatuta pelikula egiteko. Nik nahiko prestatua nuen dena, aktoreekin ere hitz egina nengoen, eta lehenbailehen egin behar zela ikusi nuen, gabonetan girotutako pelikula delako eta komeni zelako udaberrian dena loratzen hasi aurretik egitea dena. Aldehorretatik nahiko azkar joan da dena.

Aktoreekin hitz egina zeundela esan duzu. Hasieratik zeneuzkan buruan gero aritu diren aktoreak?

Beharbada lehen bertsioa idatzi nuenean ez neuzkan denak buruan, baina Nagore Aranburu eta Kontxu Odriozola bai. Amonarenaz duda gehiago neuzkan, adin batetik gorako aktoreak ez baitaude asko. Joxean Bengoetxearen kasuan, harekin Brinkola-n lan egin ondoren gero eta argiago ikusi nuen hura zela egokiena. Pedro Otaegiren kasuan ere, antzera, ez nuen buruan hasieratik, baina gero eta argiago ageri zitzaidan aukera zen.

Amonarena egiteko, urrutirago jo duzu, Kataluniaraino, hangoa baita Montserrat Carulla.

Carulla nire emaztearekin [Lola Lopez makillatzailea] Orfanato pelikulan lan egina da, eta haren bitartez ezagutzen nuen batez ere. Oso aktore estimatua da Katalunian, antzerki arloan batez ere, eta pertsona gisa ere ikaragarria da. Oso zaila da adin horretako aktore bat aurkitzea burua hain ondo daukana eta hain ondo lan egiten duena.

Nola moldatu da euskarazko film batean lan egiteko?

Dagoeneko trebatuta gaude horretan, euskaraz ez dakiten aktoreak euskaraz hizketan jartzen. Dena den, pelikulan ez du asko hitz egiten, eta ez dugu lan asko egin behar izan horretan.

Hizkuntzaren aldetik, nola jokatu duzue? Nolakoa da pertsonaien euskara?

Kasualitatez, bai Kontxu [Odriozola], bai Nagore [Aranburu] eta bai Pedro [Otaegi] azpeitiarrak dira, edo ingurukoak. Baina nik ez nuen nahi Azpeitiko euskaraz egin zezaten. Gipuzkera neutroago bat egitera behartu ditut. Joxean [Bengoetxea] donostiarra da, eta hark bere euskara erabili du, besterik gabe.

Gipuzkeraz mintzatzen dira, beraz, pertsonaiak?

Bai. Alde horretatik, Aupa Etxebeste!-ren oso antzeko tonua du.

Azpidatziekin edo azpidatzirik gabe banatuko da?

Gaztelaniazko azpidatziekin banatuko da, Bartzelonara bidaliko diren kopiak izan ezik, horiek katalanezko azpidatzikin banatuko baitira. Baliteke azpidatzirik gabeko kopia bat izatea, baina ez da zinema aretoetara iritsiko seguru asko. Horiek ekoizleen eta banatzaileen erabakiak dira.

Familian girotutako filma da Urte berri on, amona!, eta Aupa Etxebeste! ere familia baten istorioa zen. Zer du familiak?

Dena ondo doanean, familia ondo dago, baina dena ondo ez doanean… Dena sartzen da familian, gauza onak eta txarrak. Familiari elkartuta eusten tematzea da askotan familia desegiteko bidea. Familiak joko handia ematen du istorioak kontatzeko. Eta bai, egia da bietan duela garrantzi handia familiak. Dena den, nire ustez, Aupa Etxebeste!-ren antza badu alderdi askotan Urte berri on, amona!-k, baina beste mundu batera eramaten zaitu. Bizitza bezalakoa da pelikula. Batzuetan barre egiten da eta beste batzuetan negar. Eta hobe da alderdi onari begiratzea. Kantuak esaten duen bezala: «Canta y no llores» [Kanta ezazu eta ez negarrik egin].

Film berriaren eta zure aurreko lanen arteko beste lotura bat: Kintxo taxilaria da, eta filmak Kintxoren eta amonaren arteko borroka kontatzen du; eta zure aurreko bi film laburren izenburuak Taxi? eta Amona putz! dira. Premonitorioak dirudite.

Hala da, bai. Badirudi beste biak egin nituela gero hau egiteko. Baina ez da hala.

Ez dute zerikusirik?

Izango dute seguru asko, baina neu horretaz jabetu gabe. Nik film luzearen istorioa burua nuen film laburrak egin nituenerako. Baina Amona putz!-eko amona ez da Urte berri on, amona!-koa bezalakoa. Amona putz! oso istorioa naif-a da, umore txurikoa. Urte berri on, amona!-k eduki handiagoa du azpitik, gordean.

Hiru kokagune nagusitan filmatu duzue Urte berri on, amona!: Donostia, Nafarroako hainbat herri eta Benidorm. Nolako lekuak bilatu dituzu?

Filmean agertzen den Donostia amonaren Donostia da, Donostia residentziala, kanpora begira beti ondo ageri diren familien Donostia, marco incomparablea-rena. Horrekin kontrastean, herri txikietako giroa dago. Nafarroara jo genuen Gipuzkoan herri txikiak gero eta hiriago direlako, gero eta berdinagoak. Herri txikietako giroari eusten dioten herririk gertukoenak Nafarroakoak dira. Nik oroimenean dauzkadan Zarauzko etxe batzuen bila ibili nintzen, oraindik ere badaudenak baina desagertzen ari direnak, familia dirudunen etxeak, eta Beran aurkitu nuen etxe aproposa. Herriko kanpoaldeko sekuentziak gutxi dira, baina horiek Etxalarren eta Erratzun filmatu ditugu. Nik ezagututako herri txikietako giroa islatu nahi nuen, eta hori galtzen ari da. Benidorm, berriz, kontrastea da. Hemen negua denean han uda da… Leku tipikoa da.

Bigarren filma duzu, baina bakarka egindako lehena. Nola sentitu zara jauzi hori emanda?

Hasieran sumatzen da lagunaren falta, beste zuzendariaren falta. Aupa Etxebeste! filmatu genuenean, eszena bat amaitu ondoren elkarri begiratzen genion beti Asierrek [Altuna] eta biok, baieztapenaren bila. Orain, berriz, ez neukan nori begiratu, bakarrik nengoen. Baina aurrera egin behar duzu, pauso hori eman beharra dago. Gainera, nik asko gozatzen dut horrelakoetan.

Aupa Etxebeste!-k oso harrera ona izan zuen. Langa altu jarria duzue bai Asier Altunak eta bai zuk.

Ez dut horretan pentsatzen. Ez du merezi. Hobe da nork bere lanean pentsatzea eta hori ahalik eta ondoen egitea, oso koherentea izatea istorioarekin, saiatzea ez galtzen handik eta hemendik… Konparazioak etorriko dira gero, baina egingo diren konparazioetan pentsatzen hasiz gero ez nukeen lerro bakar bat ere idatziko. «Noiz egin behar duk bestea?» galdetzen didatenean esaten dudana ekartzen dit horrek gogora: «Gaizki geratu al da ba, beste bat egin behar izateko?»

Azkeneko zazpi urteetan aurrekoetan baino askoz ere euskarazko film gehiago egin dira, eta badirudi nolabaiteko erritmoa hartu duela euskarazko zinemagintzaren ekoizpenak .

Ez dago dudarik gaurko egoera Aupa Etxebeste! egin genuen garaikoa baino askoz hobea dela. Urtean bi edo hiru pelikula egiten dira orain euskaraz, fikzioan behintzat. Horrek esan nahi du laguntzak badaudela. Laguntzak dauden bitartean, jendeak jarraituko du zinema egiten, laguntzarik gabe filmak egiteko oso militantea izan behar baita; edo oso gauza puntualak egin behar dira bestela, lanbidean jarraitu gabe. Oraingo dinamikarekin jarraituz gero, segituko dugu pelikulak egiten. Baina betiere pelikula txikiak, aurrekontu txikikoak. Beharbada ez legoke gaizki pauso bat eman eta aurrekontu handiagoko pelikulak egiten hastea.

Zer asmo duzu Urte berri on, amona!-ren promozio lanen ondorenerako? Baduzu beste proiekturik esku artean?

Deskonpresioa beharko dut, eta gero etxeko lana: idatzi, paseatu, pentsatu, ikusi zer sortzen den… Oraingoz Hamaiketakoa film laburra zuzentzeko asmoa daukat, neuk idatzitako gidoiarekin, umorezkoa eta benetako gertakarietan oinarritua. Aspaldiko istorioa da, Zarautzen gertatzen dena, bi pertsonaiaren arteko jokoa… Aktoreak pentsatuak ditut, eta nola garatuko dudan ere bai. Film luzeetarako, berriz, ideia batzuk baditut, baina oso ideia solteak dira oraingoz, garatu gabekoak. Ez nuke nahi beste sei urte pasatzea hurrengo filma egin arte, baina ezin da jakin. Istorioa edukita ere, ez da erraza, eta prestatuta egon behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.