Idatzi zituen liburuak Jose Luis Sampedrok. Ekonomiari buruzkoak, nobelak, ipuinak, saiakerak... Pare bat dozena pasatxo guztira. Irakaslea ere izan zen, bai Espainian eta bai Erresuma Batuan; eta nahiz eta 90 urtetik gora izan, M-15 mugimenduaren ikur bilakatzera ere heldu zen, hainbat belaunaldik osatutako langak gaindituz. Baina ezer baino lehen, humanista bat zen, eta ekonomia humanoago bat, solidarioago bat, aldarrikatzen zuen. «Herrien duintasuna garatzen lagunduko duen ekonomia bat behar dugu». 96 urterekin hil zen, Madrilen, herenegun. Modu «soil» batean «joan» nahi zuela adierazi zuen zendu aurretik. «Publizitaterik gabe». Atzo goizean erraustu zuten.
Ekonomiako irakasle aritu zen urte luzez, eta hala azaltzen zuen bere ofizioa: «Bi ekonomialari mota daude: aberatsak are aberatsago bihurtzeko lan egiten dutenak, eta txiroei horren txiro ez izaten laguntzen diegunak». Gizakiaren garapenean sinesten zuen, eta gogoangarriak dira haren adierazpenetako dezente. Ondokoa, adibidez: «Gure baitan badira makina bat gauza garatzen ez ditugunak, eta benetako garapena da norbera ahalik eta gorenen iristea bere ezagutzan (...). Garapen eta ezagutza saiakera hori ondo etorriko litzaizkioke ekonomiari ere bai, justuagoak eta orekatuagoak izango ginatekeelako».
Lehen nobela 22 urterekin idatzi zuen, La estatua de Adolfo Espejo, nahiz eta ez zuten 1994 arte publikatu. Halere, La sonrisa etrusca-k (1985) eman zion sona eleberrigile gisa. Espainiako Errege Akademiako kidea zen 1990etik, eta, 2011n, Letren Sari Nazionala eman zioten, beste hainbat sariren artean.
Sistemarekin kritikoa izan zen beti. Orain hilabete esan zuen, esaterako, Espainiakoa ez dela demokrazia bat, eta sistemak balioekiko errespetua galdu duela erabat. 2011n, gainera, Stepehan Hesselen Haserretu zaitezte! liburuaren hitzaurrea idatzi zuen gaztelerazko itzulpenerako. Ezer baino lehen, humanista zelako.
Hilberria. Jose Luis Sampedro
Ezer baino lehen, humanista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu