Ezetz bazirudien ere, amaiera zuen

Manoel de Oliveira zinemagilea hil da, 106 urterekin.Soinurik ez zuen garaian ezagutu zuen zinema, eta 60 film inguru zuzendu ditu

Manoel de Oliveira, 2011ko azaroaren 11n, Porton. JOSE COELHO / EFE.
Juan Luis Zabala
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Laurogei urte baino gehiago zinemagintza lanetan emanda, Manoel de Oliveira zinemagile portugesa atzo hil zen, 106 urte zituela, Porton, azkeneko hilabeteetan hainbat osasun arazo izan eta gero. Arnasa hartzeko zailtasunak zituelako erietxeratu zuten 2012an, eta iazko neguan ere pattal antzean ibili zen. Hainbat pertsona ezagunek dolua adierazi zuten atzo, albistea jakitean. «Portugalgo zinemaren sinbolorik handiena zen», adierazi zuen Anibal Cavaco Silvak, Portugalgo presidenteak. «Portugalgo kultura oso ondo interpretatzen asmatu zuen, hala ikuspegi herrikoitik nola ikuspegi eruditutik, eta haren lana gure kulturaren adierazpen gisa geratuko da betiko». Gilles Jacobek, Cannesko zinema jaialdiko zuzendariak, esan zuen Oliveiraren heriotzak zinemagintzaren mundua «umezurtz» utzi duela. «Ehun urte bete zituenez geroztik, irudipena genuen Manoel ez zela inoiz desagertuko».

Porton jaio zen Manoel de Oliveira, 1908ko abenduaren 11n. Zinemaren munduan aktore lan txikiak eginez sartu zen, artean zinemak soinurik ez zuen garaian. Gero, zuzendari lanari heldu ziolarik, berak zuzendutako filmetan rol txikiak eginez, agertzeko zaletasunari eutsi zion. 23 urte zituela zuzendu zuen bere aurreneko filma, Douro Faina Fluvial, Douro ibaiko arrantzaleen bizimoduari buruzko lan dokumentala. Já se fabricam automóveis em Portugal eta Miramar, praia de rosas filmatu zituen gero, 1938an; gaur egun galduta daude bi film dokumental horiek.

Aniki Bobó zuzendu zuen 1942an, Portoko mutil gazte talde baten inguruko film zuzen eta bizia, ondorengo urteetan Italiako neorrealismoak egingo zuenari aurrea hartuz. 1956an O Pintor e a Cidade zuzendu zuen, hizkuntza zinematografikoa aldatuz: muntaketari garrantzia kendu, eta pertsonaien arteko elkarrizketa landuei eman zien lehentasuna. Hala kritika zorrotzak, nola aldeko komentarioak bereganatu zituen aldaketa formal horri heldu zionean.

Diktadurapean, mugatuta

Antonio de Oliveira Salazarren diktadura eragozpen handia izan zen Oliveirarentzat, hala aurrekontuen aldetik nola adierazpen askatasunaren aldetik oso mugatuta egin baitzuen lan garai hartan. 1974ko Portugalgo Iraultzaren ondoren indartu zen haren ibilbidea, Amor de Perdição (1979), Francisca (1981), Visita ou Memórias e Confissões (1982) eta beste hainbat filmekin. Le Soulier de Satin filmari esker Urrezko Lehoia eskuratu zuen 1985ean, Veneziako zinema jaialdiko sari nagusia. Catherine Deneuve, John Malkovich eta Marcello Mastroianni aktoreekin lan egin zuen, besteak beste, 80 eta 90eko hamarkadetan, eta haren lanak oso estimu handian izan zituzten Europako nahiz Brasilgo zinemazale eta kritikariek.

XXI. mendeak ere lanean harrapatu zuen, Je rentre à la maison filma, Frantzian grabatua, estreinatu zuen 2001ean, eta urte berean estreinatu zuen Porto de mi infancia ere, portugesez. Hamarkada bereko ondorengo urteetan ere gutxienez film bat gehitu zion bere filmografiari.

Cannesko zinema jaialdiak, 2008an, Urrezko Palma emanez, aitorpena egin zion Manoel De Oliveiraren ibilbide osoari, hura ehun urte betetzear zela. Orotara hiruroegi film inguru zuzendu ditu. Azkenekoa, El Velho do Restelo, 2014an estreinatu zen, eta etorkizunari begira proiektu gehiago zituen buruan.

Zinema adierazpide «moderno eta beharrezkoa» iruditzen zitzaion Oliveirari. Kenji Mizogutxi, Jean-Marie Straub, Roberto Rossellini eta Luis Buñuelen zinemagintza goraipatu zuen, besteak beste, eta haren lanetan beti zabaltzen zen giza izaeraren konplexutasunaren inguruko gogoetarako bide bat baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.