Literatura. Manuel Rivas. Idazlea

«Ezezagunaren, arrotzaren eta arraroa denaren ahoa da literatura»

Hainbat euskal idazlerekin poemak errezitatzen eta hitzaldi bat eskaintzen izan da Rivas egunotan Donostian, 'Todo é silencio' lan berrian oinarrituta. Oin bat errealitatean eta bestea fikzioan, hala idazten duela dio.

Jon Benito.
Donostia
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
1979. urtea zen Manuel Rivasek (Coruña, Galizia, 1957) Libro do Entroido argitaratu zuenean. Poemena zuen lehengo hura. Gerora, eskueran jarri zaizkion letren genero guztiak gurutzatu ditu, poesia narrazio eta nobelekin txirikordatuz, eta baten baliabideak bestean txertatuz. Saiakerak eta kazetaritza kronikak ere idatzi ditu, liburu edota ohiko kolaboratzaile den egunkarietarako. Fikzio edo errealitate, ondo bereizi ezin, Charloten pertsonaia ibiltzen den bezala idazten duela dio: hankak zabal, oin bat errealitatean, bestea fikzioan.

Donostia Kulturak gonbidatuta izan zen joan den astearte eta asteazkenean Gipuzkoako hiriburuan. Euskal idazle zenbaitekin jendaurrean poemak irakurtzeaz batera, idaztearen lanez hitzaldi bat eman zuen, bere azken lanean oinarrituta. Todo é silencio izena du, eta narkotrafikoaren eragina hartu zuen abiapuntu, horren itzal guztiekin. Galiziatik abiatu eta kanporantz hedatzen den zurrunbiloa nola, mundu osoarentzat, herri batean gertatzen dena jendarte oso batean ere gertatzen dela, gerta litekeela, adieraziz.

Galdera egin eta pentsakor, zain, isil, haren erantzun bakoitza istorio bat da bere ahotan, hitzaldia eman aurretik, kafetegi batean, elkarrizketan.

Ahoa

«'Ahoa ez dago hitz egiteko, ahoa isiltzeko eman da' esaldiarekin hasten da nire azken nobela. Pertsonaiaren garunean esaten da hori, ez ahoz gora. Hori dioen pertsonaia capo bat da, mariskal bat. Nobelaren hasiera paradoxikoa da, beraz: jendeak adierazteko behar duela uste duena isiltzeko dela diodalako, eta hortik aurrera literatura bidea egiten hasten delako, hitzekin. Nahita egindakoa da, jakina. Logikoena, istorioa horrela amaitzea litzateke, esaldi horrekin biribiltzea nobela. Baina hasi egiten da horrela, eta ezkutuko indar bat erabiliko dudala adierazten ari naiz. Sekretua, isilpekoa, gorde-gordean hobeto dagoenarekin arituko naizela. Tabu denaz-edo... Besteren isiltasunaz».

Hitzen zarata

«Pertsonaia bat noiz jaio da benetan, noiz heldu da? Idazleari galdezka hasten denean. Nik capo hotz, zurrun, gogor eta bihozgabe bat nuen buruan nobela idaztera jarri nintzenean, baina gero, nobela garatu ahala, hitzontzi bat bihurtu zen. Hitz eta hitz egiten du, beste mafia bateko edozein buruk baino gehiago hitz egiten du: Godfather bere ondoan minimalista da! Baina jabetu nintzen asko hitz egitea edo informazio gehiegikeria estaltzeko modu bat ere bazela.

Ahoa ez dela hitz egiteko eta isiltzeko dela nioenean, bi gauza oso ezberdin eman nahi nituen ulertzera: literaturarekin isiltasuna adieraz daitekeela eta hizkuntza bera ere izan daitekeela zerbait bildu eta estaltzeko eta ez argitzeko mantakia».

Literatura eta historia

«Literatura bi ahoko ezpata da. Historia idazten du, baina historiaren aurka ere borrokatzen da. Saiatu behar luke literaturak historiak kontatu ez duena kontatzen. Gutxienez, alde batetik ezkutatu den historia berridazten. Baina, bestetik, ohiko bideetatik erakusten ez den errealitatearen beste dimentsioak ere adierazi behar ditu: ezezagunaren, arrotzaren eta arraroaren ahoa da literatura.

Hau esanda, ni azken nobelan bezala narkotrafikoaren historia kontatzen hasten naizenean, gaizkileen historia bat deskribatzen dudanean, herrietan gertatu zena ere kontatzen hasten naiz, eta baita bertan bizi zen jendearen bizipenak ere. Nola batzuen aberastasun izugarriak besteengan ere eragin zuen, eta aberastasun inplizitu horren aurrean isilik geratu zirela herritar asko...

Miguel Torgak esaten zuen hormarik gabeko historiko lokal eta pertsonala dela unibertsala. Eta, ezinbestean, beraz, antzeko istorioak idazterakoan, ez dituzu unean uneko eta garaian garaiko pertsonak soilik gogoan; idazterakoan antipodetako jendeari ere interesekoa izango zaion zerbait kontatzea duzu helburu. Zentzu horretan, narkotrafikoarena bezalako istorioak mugez gaindi daude, nahiz Galizian gertatu. Niretzat, literaturan, garrantzitsuena ez da non kokatzen den istorioa, pertsonekin zer gertatzen den baizik. Todo é silencio-n, narrazioaren substantzia, gakoa, indarra, ez dago horrenbeste kokainan edo beste liburu batzuetan bezala, itsasoan. Liburu honen gakoa boterea da. Eta lerroz lerro, boterearen metamorfosia azaltzen saiatu naiz: hasieran ezkutukoa den botere hori nola doan garatzen, benetako boterea lortu arte, alkatetzak, futbol taldeak eta abar eskuratuz... gezurrezko txanponak egiazkoa behar duen bezala, izateko, botere ezkutukoak ere, denborarekin, ageriko boterea behar baitu.

Neurri batean, faxismo berri baten historia da kontatu dudana».

Agertokia

«Agertoki garrantzitsu bat dago: etorkinek eraiki zuten eskola zaharra. Suntsitua dago, baina hor dago oraindik, eta espazio misteriotsu baten rola jokatzen du, kontzientziaren lekuko gisara edo. Han, suntsitua egon arren, denek hartzen dute aterpe: amodioa egiteko, zerbait ezkutatzeko edo txute bat sartzeko... Argiaren eta ilustrazioaren lekua zen lehen, eta orain ezkutuko eta iluna bihurtu da, suntsitzera utzia. Hau esaten badizut, literaturarekin ere antzeko zerbait gertatzen delako esaten dizut: aurrera egiten duzu, bidea egiten duzu idatzi ahala, eta Rodolfo Walshek esaten zuen bezala, orriak betetzen dituzu zeure ergelkeriaren aurka eginez. Bide horretan, ilunpean zeuden eremu batzuk argitzen dituzu, baina aldi berean, argi horrekin itzal berriak ere sortzen dira, enigma berriak».

Morala

«Lehen moral aztarna, testu literario batean, Iliada-n aurkitzen dugu. Akilesek Hektor hil ostean, bere hilotzarekin anker jolastu eta hura lurperatzea eragozten duenean. Orduan ezohiko gertakari bat jazotzen da. Jainkoak batzartzen dira, —gaur egun kontzientziak esango genuke—, eta Akiles eredugarri eta heroiari kargu hartu ondoren, Hektorren gorpua senideei itzultzera behartzen dute, barkamena eskatzea agintzeaz batera.

Gaur egun, 36ko altxamenduaz eta ondorengo gerraz ari garenean ere, antzerako zerbait aurkitzen dugu. Zenbaitetan, gai horrekin, fikzioa erabiltzea, errealitatean oinarririk ez duen zerbaitekin aritzea dela uste da, baina, nik fikzioaz dudan ideia, arkeologo bat banintz bezala, errealitatearen aztarnetatik abiatuta harago joatea da. Ez errealitateari bizkarra emateko, hura gainditu eta aurrera egiteko baizik. Hura ahal bezain erreal bilakatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.