Bi urte eman ditu Seiurte taldeak beharrean azken lana ekoizteko; Atlantida izena jarri diote. Estudioko bosgarren diskoa da, zuzenekoaz gain. «Atlantida ezinezko bilatze prozesu bat da berez, jende piloa topatzen saiatu den kontinente galdua. Guk ere musikan irudipen hori daukagu: beti ari gara ezinezko bat bilatzen, abesti perfektua edo disko perfektua», Iokin Elorza abeslari eta gitarristak azaldu duenez: «Gureaeta musikari guztien erronka ere bada hori». Baztertu duten abesti batetik eratorri dute diskoaren izena. Haren anaia Iñakik (gitarra) eta Ekainek (bateria), eta Julen Oarbeaskoak (baxua) osatzen dute laukotea.
Ohi duten baino abiadura eta gogortasun handiagoko abestiak aurkitu daitezke Atlantida-n, rocketik hurrerago. «Hasieratik geneukan argi aldaketa bat egin nahi genuela, nahiz eta ez genekien oso ondo norantz. Abestiek markatu dute estilo aldaketa, aukeratzen edo baztertzen genituen heinean», abeslariaren berben arabera. Presentzia handiagoa eman diote rockari. Abiadura ez oso azkarreko kantuak egin izan badituzte ere, «erritmoa pixka bat handitzen» saiatu dira oraingoan. Joera rockeroa beti izan dute, baina disko honetan hori «nabarmenagoa» dela deritzo Elorzak.
«Norabide gabe zinela / airea falta zenuela / inork maite ez zintuela / zenidan». Arnas gabe-ren hitzak dira.«Diskoko onenetarikoa da, edo gehien gustatzen zaidanetarikoa. Lortutako girotzea, abestiaren sonoritatea, hitzek nora eramaten zaituzten... Sekula egin dugun abestirik tristeena», eman du epaia. Hazia edo Bizirauten abestiek, esaterako, doinu gogorragoak dauzkate.
Kantu gehienen hitzak azken urtebetean egin dituzte, eta izan diren gertakizunek badute horiengan eragina. Kairoko Tahrir plazan izan diren erreboltariei eskaini diete lekuaren izen berbera daukan kantua: «Suminduak Tahrir plazan / ezinezkoa zena lortu dute / agintean izan diren / gaizkileak bota dituzte». Elorzaren ustez, «herriak nahi duenean gauzak aldatu daitezkeela erakutsi dute eta. Ez dago gobernurik, ez armadarik hori geldi dezakeenik. Munduko beste edozein txokotarako ere interesgarria da ideia». Halere, tentu handiz tratatu dute gaia, «ez garelako nor hango egoera baloratzeko».
Riff sendoduna eta hitz gordinduna egin dute Insert Coin kantua, diskoan nabarmendu egiten dena. «Rockaren joera apurtzailea apur bat bilatu nahi izan dugu honetan, baita hitzetan ere. Duela hainbat hamarkada rockak izan zezakeen trangresibitate puntua, gauzak aldatzeko eta apurtzeko nahia. Gaur egun hitza burgestu egin da, sistemaren parte bihurtu da». Ez du estilo apurtzailetzat jotzen Elorzak; funtzio hori beste estilo batzuek jorratu behar dutela uste du.«Baina pop-rock musika gehien betetzen nauen estiloa da, jotzeko batez ere», Seiurteko abeslariaren arabera.
Jauzi hirugarren diskoa eta Plateruenan zuzenean laugarrena autoekoiztu egin zituzten. Baga-Biga disketxearekin egin dituzte, ordea, azken biak. Ekoizpenak dakarren lan eskerga arintzeko modua da disketxeekin argitaratzea, Elorzaren ustez. «Modu bat edo beste hautatzeak baditu bere alde onak eta alde txarrak. Bizitza daukagun bezala,autoprodukzioak lanordu larregi ekartzen dizkigu, eta ez genuen geure burua gai ikusten hori ganoraz egiteko».
Datozen hilabeteetan, diskoa aurkezteari ekingo diote. Elizondon izango da lehen kontzertua, urtarrilaren 25ean. Durangon eta Ondarroan ere izango dira.
Ezinezko «abesti perfektuaren bila», 'Atlantida' diskoa atera du Seiurtek
Taldeak pop-rocka jorratzen jarraitzen du, baina «erritmoa pixka bat handitzen» saiatu da lan berrian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu