Ezkutuan, umorea eta sexua

Claes Oldenburgen 60ko hamarkadako obren erakusketa ireki dute GuggenheimenPop artearen aitzindariaren eskultura esanguratsuak daude erakusketan: 'Patata frijituak', 'Izozkia', 'Haizagailu biguna'...

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Claes Oldenburgen entxufe, ezpainetako barra, izozki eta haizagailuen aurrean paratzean, lehen begi kolpean, Mendebaldeko gizarte kapitalistan ohikoak diren eguneroko objektuak ikus ditzake bisitariak. Hanburgerrak, konketak eta zerrak besterik ez. Ordea, «irudimena baliatu eta objektu horiek begiradarekin ukitzen saiatuz gero», Mendebaldeko gizarte kapitalista ezaugarritzen duten desira, beldur eta obsesioez jabetuko da ikuslea. Oldenburgek baitio berea ez dela hitzen bidezko hizkuntza. «Nire hizkuntzak zerikusi handiagoa du objektuekin eta horien begiradarekin eta ukimenarekin». Horregatik, akaso,hitz gutxiko agertu da Guggenheimen eginiko agerraldian. Erakusketa oparoa aurkeztu du, haatik. Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada du izenburu.

1929an Stockholmen jaiotako artista estatubatuarrak bere ibilbidearen hastapenean sortutako 300 obra biltzen ditu: eskulturak, margolanak, marrazkiak, instalazioak eta filmak. Lan horietako asko inoiz erakutsi gabeak dira. Otsailaren 17a arte izango dira Bilbon, eta, ondoren, New Yorkeko MOMAn erakutsiko dituzte.

AEBetako artegintzaren ikuspegia errotik hautsi zuten lan horiek, 60ko hamarkadan, Oldenburg pop artearen aitzindari eta performancearen eta instalazioen artista gailen bihurtzeraino. Alabaina, Oldenburgen pop artea«gizatiarragoa eta espresionistagoa» dela ohartarazi du Achim Hochdorfer komisarioak. «Ez da horren hotza. Objektuen eta ikuslearen artean den amildegia bete nahi du Oldenburgek».

Artistak dio ikuslearen heldulekua izan nahi duela, objektu bakoitzak daukan atea irekitzeko eskutokia, hain justu. «Objektuaren aurrean paratzean eta atea irekitzean, mundu ugarirekin topo egingo duelako ikusleak: umorea, sexua eta beste», azaldu du komisarioak.

Umezaroa eta gaztaroa Chicagon eman ondoren, New Yorkera joan zen Oldenburg, 1956an. Lower East Siden bizi zen, bazterreko auzo txiro batean. Hango paisaia humano eta arkitektonikoak izugarri baldintzatu zuten haren artea, erakusketa irekitzen duten lanetan nabarmena denez.

Kartoia, zura, egunkariko papera, lokarriak eta tinta baliatu zituen eskulturak egiteko. «Kaleari erreparatu, eta hango giroa eraman zuen bere lanetara», azaldu du Hochdorferrek. Figurak sortu zituen, emakume bat, gizon bat... «Baina ez dira banako gisa ulertu behar; giza paisaia osatzen dute. Kaleko argazkiak dira».

Sustraiak grafitian eta komikian dauzkaten marrazkiak ere egin zituen sasoi hartan: Kaleko poema, Izpi pistolaren posterra,Kaleko eszena, Gizona, Estolda eta beste. Baita kaleko indarkeria erakusten duten zenbait film ere.

Kalearen hotz eta ilunetik dendan hartu zuen aterpe. Hots, denda bat alokatu zuen 1962an, eta lantegi eta saltoki bihurtu. Orduan egin zituen geroago pop arte gisa sailkatu zituzten aurreneko lanak. Esmalte distiratsuz pintaturiko eskulturak: alkandora eta gorbatak, izozkiak, bularrekoak, kapela arrosak, zapata berdeak, tarta zatiak, hanburger bikoitzak... Lantegi eta saltoki izan zen toki hura Oldenburgentzat. Bere obrak saldu zituen han, eta dendaren barrualdean zenbait happening grabatu zituen. Guggenheimen daude horietako batzuk.

Etxeko tresnak ironikoki irudikatzeari ekin zion 1963an, Kalifornian zela. Eskultura handiak egin zituen: entxufeak, haizagailuak, bainerak, konketak... Pop artearen material preziatuetako bat, binilozko oihala erabili zuen horietako asko egiteko. Eta, material ugari tartekatuta, bertsioak egin zituen, serieka: bigunak, gogorrak eta mamuak. Hau da, komun gogorrak, bigunak eta mamuak egin zituen. Baita entxufe gogor, bigun eta mamuak ere. Entxufeen kasuan arreta lehen begi kolpetik harantzagoko mundu horietan pausatzea ezinbestekoa dela adierazi du komisarioak. «Zein dira gure gizarte ustez neutralaren atzean dauden konnotazioak?».

Entxufeak —hainbat kolore, tamaina eta materialetakoak— nonahi daude erakusketan. Eta horietako baten ondoan Biluzik entxufearekin izenburuko marrazkia dago. Neska bat ari da hainbat entxuferekin jolasean. Konnotazio sexualak agerikoak dira, badaezpada ordura arte bakarren bati oharkabean igaro zaizkion.

Gertu, Oldenburgen lan esanguratsuetako asko daude, halaber: Xurgagailua, Zerrotea (bertsio gogorra), Patata frijituak poltsatik erortzen...

Espazio publikoa eraldatzeko obrei ekin zien 1965ean, Coosje van Bruggen emaztearekin batera. Baina erakusketan maketak baizik ez daude. Horien artean, Yale unibertsitatean jarritako Ezpainetako erraldoia, mugikorra eta tentegarria eskulturarena. Vietnamgo gerra betean sortu zuen artistak, oihu antibelizista gisa. Eta Hochdorferrek ez du dudarik: «Umorea eta sexualitatea dira ardatzak, beste behin ere».

Orobat, Coosje van Bruggenekin batera 1969an sortutako Sagu museoa ekarri dute Bilbora. Oinarrizko forma geometriko falikoetara murriztutako sagu itxurako egitura da, eta barnean Oldenburgek hainbat urtean bildutako objektu gutiz kitsch-ak daude: panpinak, zirtzileriak, adarra jotzeko jokoak... «Nire mausoleo txikia da», esan du artistak.

Ibilbide luzea du atzean. Ez dago ziur zerk gidatu duen bere lana, arrazoiak edo senak. «Agian biek. New Yorken egin nuen obran agian arrazoiak gehiago; eta Kaliforniakoan, senak». Atzera baino, nahiago du aurrera begiratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.