Zinema estreinaldiak

Ezohiko hirukote bat eta haien Gabonak

Alexander Payne zinemagile estatubatuarrak prestigio handiko eskola batean girotu du bere azken filma, 1970eko hamarkadan. Gabonak elkarrekin igaro behar dituzten hiru pertsona guztiz ezberdinen gorabeherak ditu abiapuntu.

'THE HOLDOVERS'
'The Holdovers' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko abenduaren 13a
05:25
Entzun

Paul Hunham AEBetako eskola-barnetegi pribatu bateko historia irakaslea da. 1970eko hamarkada da, eta herrialdean influentziarik handiena duten familia aberatsetako semeak joaten dira Barton akademiara. Hunhamek, Bartoneko ikasle ohia bera, ez ditu estimu handitan ez ikasleak, ezta eskolako langileak ere. Harentzat, edozer egiteko eskubidea dutela uste duten haur lotsagabeak dira ikasleak, eta Bartoneko administrazioa ustela dela iruditzen zaio; familiarik aberatsenen esanetara lan egiten dutela. Hunham une oro haserre dagoen irakasle marmarti bat da, eta ikasleei suspenditzen ari ez denean, arau urratze txikienak zigortzen ari da. Horiek horrela, ikasle eta irakasleek ez dute gizona gustuko, baina ez dirudi hari askorik axola dionik.

Gabonetako oporrak gertu daude, eta ikasle gehienak familiarekin bidaia ikusgarriak egitera joango dira, baina urtero badaude gutxi batzuk etxera itzultzeko aukerarik ez dutenak eta, beraz, eskolan gelditu behar dutenak. Bere eta haien zoritxarrerako, gazte horiek zaintzen gelditzeko agindua jasoko du Hunhamek, baina, azken uneko ezusteko bat dela medio, taldea murriztu egingo da, eta hirukote bilakatuko da. Hunhamez gain, beste hauek geldituko dira han: Mary, sukaldean lan egiten duen emakume bat, Vietnamgo gerran semea galdu berri duena, eta Angus, ikasle oso azkarra baina familia aberats horietako baten seme lotsagabea.

Bizitzako une ezberdinetan dauden jatorri ezberdineko hiru pertsonaren istorioa kontatzen du The Holdovers-ek: komunean ezer ez duten arren azkenerako elkar ulertu eta elkarrengandik zerbait ikasiko dutenak. Alexander Payne zinemagile estatubatuarraren film berri honek David Hemingson du gidoilari, eta Tellurideko (AEB) eta Torontoko (Kanada) jaialdietan egin zuten aurrestreinaldia. Bere filmografian bereizgarri diren hainbat puntu errepikatzen ditu The Holdovers-ek: tonu gazi-gozoa, zoriontsu ez diren pertsonaiak, errazak ez diren harremanak, eta Paul Giamatti protagonistaren rolean —elkarrekin film bakarra egin badute ere, Sideways duela ia 20 urteko filma hain zuzen, Payneren aktore fetitxetzat hartu izan da Giamatti—.

Paynek eta Hemingsonek aurkezten duten istorioa ez da berria. Irakasle inspiratzaileari buruzko milaka film egin dira; familia bihurtzen diren pertsonaia guztiz ezberdin mordoa daude, baita hasieran elkar gorrotatu eta bukaeran elkarrengandik zerbait ikasten dutenak ere. The Holdovers-en kontakizunaren bilakaerak ere ez du ezusteko handirik emango: erraz asmatu daiteke nondik joango den filma. Hala ere, Paynek eta Hemingsonek argi dute hori horrela izango dela, eta ezaguna den bide horretan ikuslea entretenitzea dute helburu. Kritikak, hiru pertsonaien antzezpen bikaina azpimarratzeaz gain, filmaren sinpletasuna goraipatu du: eta ezustekorik gabe baina era delikatu eta sotilean komediaren eta dramaren arteko oreka polit batekin eraikitzen den harreman horrek borobiltzen du kontakizuna.

'THE HOLDOVERS'

  • Zuzendaria: Alexander Payne. Gidoilaria: David Hemingson. Aktoreak: Paul Giamatti, Dominic Sessa, Da’vine Joy Randolph. Argazkia: Eigil Bryld. Generoa: Komedia. Iraupena: 133 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak. Estreinaldia: bihar estreinatuko da Iparraldean, eta urtarrilaren 5ean Hegoaldean.

Beste estreinaldi batzuk

 

Alteritats

Katalunian bizi diren lau belaunaldiren bizipen lesbikoen ahotsa jasotzen duen dokumentala, genealogia bat. Elkarrekin lotzen diren bizi ibilbide batzuk dira, eta horien bidez deskubrituko du ikusleak zertan datzan egituraz heterosexuala den mundu batean bizitzea eta aldi berean LGTB kolektiboko kide izatea.

Zuzendariak: Alba Cros, Nora Haddad. Gidoilariak: Alba Cros, Nora Haddad. Argazkia: Alba Cros. Musika: Maria Arnal, Nora Haddad. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Katalunia.

Disco Boy

Europan zehar bidaia zail bat egin ondoren, Aleksei Parisera iritsiko da Frantziako Atzerriko Legioan izena ematera. Talde militar oso selektiboa da, eta Frantziako pasaportea edozein atzerritarri ematea ahalbidetzen du, baita paperik ez duten horiei ere. Niger ibaiaren deltan, Jomo bere herrixkaren iraupena arriskuan jartzen duten petrolio konpainien aurka borrokatuko da. Haren arreba Udokak, ordea, ihes egin nahi du, bai baitaki han dena galduta dagoela.

Zuzendaria: Giacomo Abbruzzese. Gidoilaria: Giacomo Abbruzzese. Aktoreak: Franz Rogowski, Morr N'Diaye, Laetitia Ky. Argazkia: Helene Louvart. Musika: Vitalic. Generoa: drama. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Frantzia

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.