Ezohikorako gonbita

Azken hamar urteotako bere lan hautatu batzuei buruzko erakusketa zabaldu du Maider Lopezek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

Maider Lopez, atzo, KMK-ko erakusketa aretoan, PolderCup instalazioko argazki baten aurrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Errealitate eta egia finkatuak zalantzan jarriz, gizakiaren eta espazioaren arteko harremanen inguruko esperimentazioa eta gogoeta jorratu ohi ditu Maider Lopez artistak (Donostia, 1975) bere lanetan. Halaxe egiazta daiteke gaurtik 2016ko otsailaren6ra arte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean duen erakusketan. Tokialdatu / Desplazamiento izenburuarekin, azken hamar urteotan egin dituen hamahiru lan aukeraturen inguruko argazki, bideo eta bestelako materialak batu eta elkarrekin harremanean jarri ditu Lopezek. Horrez gain, artistak aretorako beren-beregi egindako esku-hartze espezifiko bat ere aurkituko du bisitariak, eta baita artistak datorren urtean Donostian ezarriko duen instalazio baten inguruko aldez aurreko informazioa ere. Vigoko (Galizia) Marco arte garaikideko museoarekin batera ekoitzi du erakusketa Koldo Mitxelena Kulturuneak, eta 2016ko ekainean museo horretan izango da ikusgai.

Erakusketak bezala, Tokialdatu/ Desplazamiento du izenburu Lopezek erakusketa aretorako egin duen esku-hartze espezifikoak ere. «Aretoko hormen bikoiztea planteatzen du esku-hartze horrek», Lopezek azaldu duenez. «Hormak lerratu egiten dira; aurrera, 140 zentimetro; albora, 190 zentimetro. Horrela, 50 zentimetroko horma berriak sortzen dira. Horma berri horiek espazioa birpentsatzera eramaten gaituzte, aretoaren erabilera eta pertzepzio dinamikak hautsiz, ikuspegi berriak sortuz eta ohikoak ez diren ibilbideak eta zirkulazioak eraginez». Oztopo arkitektoniko gisa bezala, aukera berrietarako bidetzat ere har daiteke esku-hartze hori, Lopezen ustez, eta horrez gain eraikinari buruz pentsarazten du, bereziki hura osatzen duten hormei buruz.

Lan guztiak «solasean»

Esku-hartze hori, horrenbestez, erakusketan jasotako Lopezen gainerako lanen ahaide gertukotzat jo daiteke. Bere hainbat lanetako materialak biltzeaz gain, haiek «elkarrekin harremanetan eta solasean» jartzea ere bilatu du Lopezek erakusketa eratzerakoan, eta egin duen esku-hartzea pieza garrantzitsua da solas horren sorreran.

Euskal Herritik kanpo egindako instalazioak eta askotariko esku-hartzeak dira erakusketan jasotako gehienak. Ataskoa salbuespena da: Lopezek hala eskatuta, buxadura handi bat sortu zuen autoak hara eramanez parte hartu zuen jendetzak, 2005ean, Intzan (Araitz, Nafarroa), eta erakusketan egun hartako bi argazki ikus daitezke, airetik eginak. Buxadura hartan bildu zen jendearen artean, oso motibazio desberdineko jendea batu zen, Lopezek azaldu duenez. «Batzuk ikuspegi ekologista batek bultzatuta joan ziren, baina haiekin batera Seat 600 markako autoen zaleak zeuden». Intzan bezala, motibazio desberdineko jendeak osatutako «behin-behineko komunitateak» sortu ziren Ottolanden ere (Herbehereak), 2010ean, Lopezek jendea ur kanalek aldenik alde zeharkatutako zelaietan futbolean jokatzera deitu zuenean, PolderCup instalazioko argazkietan ikusten den moduan.

Bi kasu horietan, Lopezen lan gehienetan bezala oro har, itxuraz traba eta zailtasun denak aurretik uste ez ziren aukera berri eta kitzikagarriak eskaintzen ditu. 366 sillas instalazioan gune zabal batean aulki arin mordo bat ezarriz lortu zuen hori artistak, Madrilen, 2007an. Jendeak, inoren agindurik jaso gabe, unean uneko beharraren edo apetaren arabera erabili zituen aulkiak. Bere mugimenduen bidez, jendea «hiria egiten» aritu zen aulkiak nahi bezala erabiltzean.

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzako programaziorako, Iturriak prestatzen ari da gaur egun Lopez, Ondarretako lorategian urtebetez izango den instalazioa. Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketan instalazio horren inguruko zirriborro batzuk jarri ditu ikusgai, eta azaldu du bere lekutik kendutako eta baliorik gabe utzitako altzari publikoei buruzko lana izango dela, iturriei buruzkoa batik bat. Dagoeneko ezagunak diren itsasargiez gain, kaiak ere izango ditu Donostia 2016k, eta haietako baten parte izango da Lopezen instalazioa, Xabi Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak azaldu duenez; Pagadi kaiarena zehazki.

Erakusketa itxi baino lehen, erakusketaren katalogo bat argitaratuko dute Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Vigoko Marco arte garaikideko museoak, Donostia 2016ren laguntzarekin, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Erakusketako obren argazkiekin eta haiei buruzko informazio zehatzarekin batera, Fulya Erdemci komisario eta idazlearen testu kritiko bat ere jasoko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.