«Eztabaidarako» espazio artistiko bat izango da Sydneyko 24. Biurtekoa

Euskal Herrian izan dira Cosmin Costinas eta Inti Guerrero komisarioak, Etxepare Euskal Institutuaren Zabal programaren harira eginiko bisitan

Sidneyko 24. Biurtekoaren aurkezpena, Gasteizen, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Cosmin Costinas eta Inti Guerrero arte komisarioak dira Sydneyko (Australia)24. Biurtekoa antolatzeko arduradunak, eta atzo aurkeztu zituzten erakusketaren nondik norakoak, Gasteizko Artium museoan. Etxepare Euskal Institutuak 2019an abian jarri zuen Zabal programaren barruan jazo da bisita, «sortzaileen, profesionalen, eragileen eta erakundeen arteko truke luzea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea» baita bere helburu nagusia. Programa horren bitartez, gainera, harreman iraunkorrak ezarri nahi dituzte nazioarteko erakusketekin, eta nazioarteko eta Euskal Herriko artisten artean zuzeneko harremanak sortu.

Costinasek eta Guerrerok, esaterako, lau egun izan dituzte guztira Bilboko, Donostiako eta Gasteizko «museorik esanguratsuenak» ezagutzeko, baita Euskal Herriko testuinguru artistikoan murgiltzeko ere. «Ideia zehatz batetik jaio da bidaia hau: partekatzen dugun errealitatea amankomunean jartzea», azaldu du Costinasek. «Sydneyko biurtekoa prestatzen dihardugu oraindik ere, eta aukera hau paregabea da jasotako ezagutzak txertatzeko». Ondoren, Guerrerok gaineratu du Sydneyko 24. Biurtekoa egungo egoeraren inguruan eztabaidatzeko espazio bihurtu nahi dutela, «gatazka politikotik ingurumenaren hondamendira».

Paganotasuna, kristautasunaren aurreko kulturak, inauteriak, kultura aniztasuna islatzen duten tradizioak, herrikoitasunaren ideia, hizkuntza indigenak edota gastronomia izan dira biurtekoari forma ematen hasteko oinarrizko ideiak. «Diskurtso katastrofikoak deseraiki nahi ditugu, eta horren aurka egiteko ikusmolde berriak ezagutu». Erresistentzia politikoa artearen bidez berrasmatzea da helburuetako bat, eta, horretarako, «alaitasun kolektiboa» jarriko dute martxan.

Artistak, erdigunean

Sydneyko 24. Biurtekoak diziplina desberdinetako artistak bilduko ditu 2024ko martxotik ekainera, eta komisario biek «denena izango den erakusketa» antolatu nahi dute, «plataforma anitz erabiliz». Besteak beste, arkitektura kolonialeko espazio bat, hiriko egoitzak eta elektrizitate fabrika zahar bat izango dira bileralekuak, eta gonbidatuek eztabaidatzeko aukera izango dute haietan. «Umilak izan behar dugu, eta ulertu behar dugu gure erantzukizuna harremanak ahalbidetzea dela», aitortu du Costinasek. «Erakusketaren erdigunean artistak egongo dira beti».

Azken hamabost urteotan artistek bizi izan dituzten aldaketak elkarrekin trukatzeko momentua izango da biurtekoa, baita testuinguru desberdinak ezagutzekoa ere. «Jai kolektiboa da», berretsi du Guerrerok. Bat dator Costinas: «Zoragarria da plataforma hauen bidez artisten ezagutzak handitzea eta haien egoerak alderatzea». Arte kolektiboa garatu ahal izateko aurreko ezagutza guztiak deseraiki behar izan dituztela uste du, hain zuzen, komisarioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.