Fabrikatik komentura

Txomin Eneko eraikina utzita, Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresako komentuan hartu du ostatu Artelekuk. Arte sorkuntza zentroaren hastapenetako filosofiara itzuli nahi dute bertan.

Santa Teresa komentuko klaustro barruan eta inguratzen duen goiko solairuan jarri dute liburutegia. ANDONI CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Zerikusirik ez dute. Eraikin zabala zen Txomin Enekoa, fabrika itxurakoa, lehenik pentsua eta gero material elektrikoa biltzeko eta gordetzeko baliatu zena. Harrizko eraikin monumentala da, berriz, Santa Teresa komentua, luzea eta estuagoa egituraz, sei solairuak eskailera bidez josita dauzkana. Txomin Enea auzoan zegoenean, baratzeek inguratzen zuten Arteleku. Donostiako Parte Zaharreko etxeek eta Urgull mendiak ematen diote babes orain arte sorkuntzaren zentroari. Baina, eraikina aldatzearekin batera, 1987. urtean Artelekuk ateak ireki zitueneko filosofiara itzultzea da arduradunen asmoa: artistei, beren praxitik abiatuta, sorkuntzarako eta prestakuntzarako bitartekoak eskaintzea.

Historia luzea du Santa Teresa komentuaren eraikinak; erromatar garaiko aztarnak aurkitu izan dituzte bertan, besteak beste. Komentua eraikitzeko lanak 1662an hasi zituzten, baina aldaketa ugari jasan ditu ordutik: 1813ko suteak zati bat suntsitu zuen, eta berritze lan ugari egin zaizkio geroztik. 1980ko urteetan Gipuzkoako Aldundiak erosi egin zuen komentuaren zati handi bat, behealdekoa —bertako mojak goiko aldeko beste eraikin batean geratu ziren—, eta goitik behera eraberritu du azken hamarkadetan. Erabilera ugari eman zaizkio ordutik hona. «Bere garaian, aldundiaren asmoa izan zen hemen Gipuzkoako historiaren museoa egitea», azaldu du Garazi Lopez de Etxezarretak, Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak, «baina hori ez zen sekula gauzatu; gerora bai, egin zen jauzi bat Gipuzkoako historiaren museo birtuala sortzeko, baina ez gauza fisiko baten moduan».

Ondoren, San Telmo museoa handitu eta berritzeko lanek iraun zuten bitartean, bertan jaso zituzten museoaren funtsak, baita bulegoak jarri ere, baina museo berria zabalduta, atzera bertara lekualdatu zituzten artelanak-eta, nahiz eta horietako batzuk gero Irungo Gordailuan ere jaso zituzten. Komentua hutsik geratu zen berriro, baina erabat berrituta egonik, Artelekurentzat toki aproposa izan zitekeela bururatu zitzaien arduradunei. «Baita paradigma aldaketa horretarako ere», Lopez de Etxezarretaren hitzetan; «nahiz eta ez izan industria espazio bat, lehengo Artelekuren modukoa, aukerak eskaintzen zituelako berreskuratu nahi genuen sorkuntza eta prestakuntzaren moldeentzako». Orain Artelekuren habia berria da, beraz, komentua, eta, Kultura zuzendariaren ustez, «aldaketa hori ongi uztartu da eraikinarekin».

Joan den astean amaitu zuten Txomin Eneko egoitzan zeuden material guztiak komentura ekartzen, eta dagoeneko hasiak dira Artelekuko espazio berriak antolatzen.

Artistentzako espazioak

Ez da erraza lehen kolpean eraikinean barrena orientatzea. Sei solairu ditu guztira, hiru lur azpirantz. Baina, gainera, eraikina lau zatitan banatuta dago: eraikin nagusia, albo batetik elkartua duen beste zati estuago bat, klaustroa eta dorrea. Erdian patio bat du, antzinako putzu batek eta kristalezko piramide txiki batek apaindua. Nagusiki, goiko solairuetan daude artistentzako espazioak. Lehen eta bigarren solairuetan daude, zehazki, mintegiak eta tailerrak egiteko guneak, «proiektuaren ardatza» direnak, Esther Larrañaga Artelekuko zerbitzuburuaren esanetan; «praxi artistikotik abiatuta sorkuntzara eta prestakuntzara bidea jartzea» baita Artelekuren helburu nagusia. Horretan nahi dute, bereziki, zentroaren hastapenetako filosofiara itzuli, Lopez de Etxezarretak azaldu duenez: «Hori berreskuratzea da asmoa; prestakuntza sendo bat egiteko saioa egitea, luzeagoa denboran, eta konpromiso handiagoa eskatuko duena parte hartzaileen aldetik, baina, aldi berean, eraginkorragoa ere izango dena». Bi espazio zabal daude, bakoitza lanean ariko diren sei bat lagun hartzeko modukoa. Baina horiek ere «une bakoitzeko beharren arabera» molda daitekezkela diote arduradunek. Lehen solairuan bertako langileen bulegoak ere badaude.

0. solairuan, berriz, multimediari eskainitako espazioak daude. «Audioari espazio berezia eskainiko diogu», dio Larrañagak, hartara bideratutako gunea erakusten duen bitartean. Gunearen atzean, beste gela batean, soinu estudio bat dago. Bideogintzari eskainitako areto bat ere badago aldamenean. Halaber, solairu berean, korridore batek lotuta, beste hiru gune zabal daude, laborategi ere dei daitezkeenak: poesiari lotutako proiektu bat garatzekoak dira lehenengoan; mugimendu tailerrak hartuko ditu bigarrenak; eta artea eta teknologia uztartuko dituzte hirugarrenean.

Solairu horretatik behera beste hiru daude. Horietatik bi biltegi moduan baliatuko dituzte printzipioz, baina ez dute baztertzen bestelako erabileraren bat ematea. Hutsik daude orain. -1 solairuan, berriz, gune berezi bat dago, hiriaren antzinako harresiez eta marmol zuriz inguratua. Kontzejuko gela esaten diote, eta espazio zabala da, nortasun berezia duena, auditorium itxurakoa. Nahi izanez gero, publikoari zabaltzeko eta kanpora begirako egitasmoak antolatzeko gune aproposena horixe izango litzateke, erakusketak egiteko, emanaldiren bat antolatzeko, hitzaldiak emateko... «Baina sorkuntzarako ere balio dezake», Lopez de Etxezarretaren ustez. Bat dator Larrañaga ere: «Eraikina oso zurruna da, baina aldi berean eguneroko erabileran oso malgua izatea nahi dugu». Eta hori artistek eurek erabakiko duten zerbait izango dela diote bi arduradunek, autonomia hori eskaintzea dela Artelekuren printzipio nagusienetako bat: «Une jakin batean programazio zuzendariak erabakiko balu espazio honetan zerbait egitea, egingo da», dio Larrañagak. «Oso garbi genuen aldaketa honetan berreskuratu egin behar zela Artelekuk jatorrian eduki zuen praxi artistikotik abiatutako prestakuntza sendo hori», gehitu du Lopez de Etxezarretak, «eta, dudarik gabe, lanketa hori sektoreak berak, artistek eurek egin behar dutela; beraz, autonomia handia eduki behar dute». Bide horretan, programazio zuzendaritza bat edukitzea funtsezkotzat jotzen dute biek. Ardura nork hartuko duen ebazteko, artistek osatutako batzorde bat eratu dute —Adelina Moyak, Txomin Badiolak, Peio Agirrek eta Idoia Zabaletak osatzen dute—, eta haiek bideratuko dute hautaketa prozesua, aurkeztutako proposamenen gainean. «Programazio hori beren beharren eta nahien arabera diseinatu beharko dute artistek», adierazi du Lopez de Etxezarretak. «Muga bakarrak eraikina bera eta aurrekontua izango dira», gehitu du Larrañagak.

Klaustroa liburutegi

Artelekuren altxor garrantzitsuenetako bat bere liburutegia izan da beti, eta eraikin berrian leku berezia eskaini diote: komentuko klaustroan milaka liburu gordetzeko lekua atondu dute. Klaustroaren barnealdean daudenak Tabakalerako eraikin berrira eramango dituzte aurrerago, 25.000 inguru guztira, funtsak bateratu egingo baitituzte —Tabakalerako mediatekak ezaugarri guztiz ezberdinak izango ditu—. Bitartean, hala ere, eskuragarri jarri nahi izan dituzte. «Tabakalerarekin elkarlanean aritzeko aukera gehiago eskaintzen ditu leku aldaketak, eta mediateka da horren adibide». Klaustroa inguratzen duen goialdeko solairuan dauden lanak, berriz, bertan geratuko dira. Oinarrizko liburuak dira horiek, arteari buruzko lan orokorragoak, teoriari lotutakoak. Badira eskulturari, pinturari zein musikari dagozkienak, baita katalogo kolektiboak ere, 10.000 ale inguru; horiek artisten eguneroko lanerako kontsultagarri izango dira. Publiko orokorrarentzat ez da zabalik egongo, baina arte proiektu jakin bat edo ikerketa bat lantzen ari direnek, ikasleek kasurako, bertako funtsak kontsultatzeko eskaera egin ahalko dute.

Dorrean, berriz, proiektuen zuzendaritza lanetan ariko diren artistentzako bulegoak daude, zabalak eta argitsuak. Baina espazio horien erabilera ere unean uneko beharren arabera moldatu ahalko dute erabiltzaileek. Behealdean, kafetegi edo jangela moduko bat ere badago, terraza eta guzti.

Aurrera begira jarrita

Arteleku berrian, «lehen fasean behintzat», ez daude aurreikusita eraikin zaharrean zeuden artistentzako epe luzerako lagatze espazioak. «Hori bai, inork ikerketa bat egin nahi badu, edo audio zein bideo espazioak behar baditu, erabilera hori ahalbidetuko da, betiere proiektu bati atxikita», zehaztu du Larrañagak. «Ez dugu hona ekarri egonaldi iraunkorren kontzeptu hori, espazio honekin ez duelako aukera hori berdin ematen, eta, gainera, ikusten genuelako aldatu egin behar zela hori. Orain, sorkuntzarako gune bat da, eta proiektuen zein eskaeren arabera espazioen eta baliabideen erabilera irekia egongo da». Dantzagunea Errenteriako Niessen gunera lekualdatu zuten moduan, Artelekuko litografia eta serigrafia tailerrak Debako Arte Eskolara eramateko asmoak bere horretan jarraitzen du, baina atzeratu egin da, urtarrilera bitarte behintzat. «Berehala egin ahalko genuela uste genuen, baina ez da posible izan, Debak azpiegitura aldetik badituelako muga nabarmen batzuk, eta egokitzapena bideratzen ari gara orain». Deban dagoen grabatu tailerrari, hala, litografia eta serigrafia tailerrak batuko zaizkio orduan.

Arteleku datorren udazkenerako ikusten dute arduradunek martxa betean, baina udan ere izango dira ohiko programazioaren hainbat jarduera ere, tartean, Pablo Valbuenak eskainiko duen espazioari, argiari eta perzepzioari buruzko tailerra, mugimendu laborategiak —Isabel Hergueraren eta Mentxu Gutierrezen eskutik, besteak beste— eta praxi feminista txertatzeari buruzkoak.

Ibilian hasiko da frogatzen Arteleku espazio berriak zer-nolako aukerak eskaintzen dituen eta komentuko horma artean zer-nolako sorkuntzak jaioko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.