Musika esperimental eta inprobisatuaren aldeko apustua egin du Galdakaoko Kaiola jaialdiak (Bizkaia) bere bigarren aldian. Akauzazte eta Jupiter Jon Euskal Herriko taldeek, Pak Yan Lau soinu artista belgikarrak, Jokloozappa bikote italiarrak eta Fred Frith musikari ingelesak osatzen dute egitaraua (etzi, 20:00etatik aurrera, Torrezabal kultur etxean). Henry Cow abangoardiako rock taldearen sortzaileetako bat izateaz gain, soinu-esperimentazioan aritutako hainbat taldetan jo du Fred Frithek (Heathfield, Ingalaterra, 1949); besteak beste, Art Bears, Massacre eta Skeleton Crew taldeetan. Ezin konta ahala musikarirekin kolaboratu izan du, gainera. Galdetu diogu ea zer-nolako esperientzia izan den, adibidez, Robert Wyatt, Brian Eno eta John Zornekin lan egin izatea. Ernegatu antzean, arrazoiz, zera erantzun du. «Horiek izen ezagunenak dira, baina beste askorekin lan egin izan dut. Beste haien lanak entzuteko denbora hartzen duzunean erantzungo dizut». Tenple onean erantzun ditu gainerako galderok, posta elektronikoz.
Azken hiruzpalau hamarkadetako musika esperimentalaren ikurtzat zaitu jende askok. Zer da zuretzat, ordea, musika esperimentala? Musika ekintza orok ez al du berez zerbait esperimentala?
Aurreko batean, Txilen lanean ari nintzela, oso solasaldi interesgarria izan nuen fisikari batekin. Esperimental hitzak zer esan nahi duen eztabaidatzen ari ginen. Ondorioztatu genuen bere munduan, zientziarenean, esan nahi duela hipotesi bat izatea, eta hipotesi hori egiazkoa dela frogatzeko egiten duzuna. Esperimentu bat. Eta zuzen bazaude, urrats bat egiten duzu aurrera, eta oker bazaude abiapuntura itzultzen zara gaizki zer dagoen aztertzeko. Baina, artearen munduan, erabaki genuen esperimentatzea dela zer egiten ari zaren arrastorik ez izatea, horixe baino ez. Eta, bai, ados nago, edozein musika ekintzatan dago esperimentazio amiñi bat. Hortaz, esan liteke zer egiten ari den ez dakienaren ikur bat naizela. Ideia hori gustatzen zait!
Inprobisazioa da esperimentazioaren lengoaia?
Esperimentatzen duzunean ez daukazu emaitza bat planeaturik, eta ezin duzu aurreikusi emaitza zein izango den. Zure instrumentua duzu —edozer delarik ere ere instrumentu horren definizioa—, zure baliabideak, zure esperientzia, zure bizitza, zure testuingurua, parean duzun jendea, eta elementu horiek guztiak azaleratzen dituzu aurreikusi ezin den modu batean. Esperimentaltzat baino gehiago ikusten dut neure burua istorio kontalari moduan, baina ez dakit zein istorio kontatuko dudan. Ezta zuk ere.
Zergatik du musika esperimentalak beste zenbait musika moldek ez duten begiramen intelektuala?
Ez dakit ondo zer esan nahi duzun. Uste dut intelektoa edozein gauzatara eraman dezakegula. Ez zait iruditzen ez inprobisazioa edo esperimentazio musikala bilaketa intelektual baterako bide direnik, beste ezertarako baino gehiago. Aukeratzen dudan materialari zentzua ematen saiatzen naiz, gehienetan modu intuitiboan... eta leku interesgarriren batera iristea izaten da jomuga. Zerbait magikoaren tankera ikusten diot horri.
Umea zinela biolina jotzen hasi zinen, baina gitarra ezagutu, eta konturatu zinen hura zela zure musika tresna. Zergatik?
Ezin dut hori esplikatu. Jakin egiten da, besterik gabe. Tom Cora musikari eta adiskide zenari ere antzeratsu gertatu zitzaion. 19 urte zituen arte gitarra jo zuen; orduan txeloa hartu eta berehala ohartu zen hura zuela bere musika tresna. Biolinarekin 5 urte nituela hasi nintzen. 12 urte nituela konturatu nintzen, neroni oso musikala izanagatik, inoiz ez nintzela biolin jotzaile klasiko on bat izango. Orduan gitarra hartu eta ikusi nuen jo nezakeela orduan bertan.
Jazz jaialdietan eta musika garaikideko jaialdietan ez zarela ongietorria esan izan duzu. Zergatik? Zein duzu musika zuzenean jotzeko leku ideala?
Jakina, esajerazio bat da, adeitasunez hartu izan bainaute molde askotako jaialdietan. Uste dut adierazi nahi izango nuela jendeak nola babesten dituen musika etiketa horiek. Ez naiz jazz musikari bat, eta ez dut inolako arazorik norbaitek jazz jaialdi batera ni joateko eragozpenik badu. Ados nengoke! Uste dut Europan jazz etiketa erabiltzen dela kalitate garbia izanik, ez komertziala eta ez klasikoa den musika etiketatzeko. AEBetako jazz musikari tradizional batzuei gogorra egiten zaie hori irenstea. Musika garaikideko jaialdi asko gauza snob eta itxi bat besterik ez dira. Baina ez guztiak, eta aldaketa interesgarriak gertatzen ari dira gainera. Lagun onez eta buru-irekiko entzule konprometituz inguratuta, edozein leku da ideala musika jotzeko. Izan liteke kontzertu areto bat, edo etxe atzeko zelaia.
Avant-garde musikaritzat zauzkate askok, baina zuk ez duzu oso atsegin izendapen hori...
Ez baitut uste ezer esan nahi duenik horrek. Zuri esaten dizu?
Zuk zeuk musikari tradizionaltzat daukazu zeure burua. Beste herrialdeetako musika tradizionalak gustuko dituzu?
Ingalaterra iparraldeko folk klubetan jotzen hazi nintzen musikari modura. Oso gustukoa dut halakoetan izaten den izpiritu kolaboratibo eta komunitatearen zentzua. Oraintsu Lau talde eskoziarrarekin lan egiteko plazera izan dut, eta ezinbestean gogorarazi dit iparraldean heztea zer den. Zorionez, mundu osoko ikasleak izan ditut azken 20 urteetan. Pribilegio handia izan da beste kulturei buruz zerbait jakin ahal izatea ikuspegi gazteago batetik.
Zenbaitetan badirudi musika popularraren munduan ez dagoela deus interesgarririk musika anglosaxoiaz harago? Zein iritzi duzu musikari ingeles modura?
Ezin ninteke horrekin ados egon. Komunikaziorako eta zabalduak izateko baliabide gehiago ditu musika anglosaxoiak, baina musika popular interesgarria edozein lekutan dago, bilatzen baduzu.
Uztar al litezke musika akademiko edo kultua deitua eta musika popularra, jendearengana iritsi eta zubiak sortzeko?
Nekez. Oro har, uste dut, musika hau eta beste musika hura elkartzea jendearengana iristeko artifiziala dela eta huts egiteko bidea dela. Jendeari interesatzen zaio bihotzera hitz egiten dion musika, eta faltsua den musikaz entzun orduko jabetzen da.
Fred Frith. Musikaria
«Faltsua den musikaz entzun orduko jabetzen da jendea»
Gitarra du tresna kuttuna. Hari ateratzen dizkio soinuak, kirrinkak, melodiak... Musika esperimentalaren ikonotzat dute askok. Galdakaoko Kaiola jaialdian ariko da, larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu