Familia, miserien gordeleku

Telmo Esnal 'Urte berri on, amona!' filmatzen hasi da, komedia, drama, umore beltza eta tragedia batuko dituen pelikula batAmona Maria da ardatza, xahar maitagarria auzokoentzat, amesgaiztoa etxekoentzat

Daniella Cousillas, Josean Bengoetxea eta Montserrat Carulla, atzo Donostiako Antigua auzoan egindako filmaketa lanetan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kanpoan uso eta etxean otso da Azpitarte familiako amona Maria. Xahar maitagarria auzokoentzat, amesgaizto jasanezina etxekoentzat. Zahar etxean sartu dute, baina handik ihes egin eta familiako kide guztiak beren onetik ateratzen jarraituko du. Oinarri horretatik abiatuta, komedia giroan hasiko da Telmo Esnalen Urte berri on, amona! film luzeko istorioa, baina drama, umore beltza eta tragedia nagusituko dira filmak aurrera egin ahala. «Nahasketa bat da», zuzendariak azaldu duenez. «Aupa Etxebeste!-tik aldenduta, beste bide batzuk jorratzeko asmoz ari gara lanean».

Asier Altunarekin batera zuzendu zuen Telmo Esnalek Aupa Etxebeste! (2006), euskaraz egindako filmen artean arrakastatsuenetakoa —7.000 ikusle baino gehiago—, eta Altunarekin batera idatzi du Urte berri on, amona!-ren gidoia, oraingoan zuzenketaren abenturan bakarka murgildu bada ere. Egunotan Donostian egiten ari dira filmaketa lanak, eta datorren astetik aurrera Beran eta Etxalarren jarraituko dituzte (Nafarroa); Benidormen (Herrialde Katalanak) bi egunez egingo dituzten lanekin amaitzea espero dute, apirilaren 9an, eta pelikula behar den lekuan aurkezteko prest izatea uztailean. Irusoinek ekoitziko du filma, ETB eta TVEren parte-hartzearekin, eta Burton Flimsek banatuko du.

«Bi aste daramagu dagoeneko filmaketa lanetan, eta sentipen nahiko onekin gabiltza, bai ni eta bai aktoreak», adierazi du Telmo Esnalek. «Ia denak hasi dira dagoeneko parte hartzen. Oso gustura gaude aktoreen lanarekin, eta baita talde guztiaren lanarekin ere: dekoratuak, produkzioa… Dena ondo doa, eta urduritasunerako nire kezka bakarra da ea gaitasunik izango dudan besteen lana ez izorratzeko».

Montserrat Carulla aktore katalanak jokatuko du filmean amona Mariren rola. «Adin handia du, burmuina txikitu egin zaio pixka bat eta gauza harrigarriak egiten ditu», dio Carullak amona Mariaz. «Nolanahi ere, pertsonaia maitagarria da».

Euskal zineman eta antzerkigintzan ezagunak dira gainerako aktorerik gehienak: Kontxu Odriozola da amona Mariaren alaba Maritxu; Pedro Otaegi, Joxemari, Maritxuren senarra; Nagore Aranburu, Miren, Maritxuren alaba; Josean Bengoetxea, Kintxo, Mirenen senarra. Haiekin batera bi haur ari dira lanean, Miren eta Kontxiren seme-alaba Asier eta Olatzen roletan: Manex Bengoa, zortzi urtekoa, eta Daniella Cousillas, urtebetekoa.

Aktore gehienek elkar ezagutzen zuten aurretik, eta «gustura» ari dira lanean. «Izan ere, herri honetan aktoreok familia txiki bat gara», azaldu du Josean Bengoetxeak. «Askotan lan egin izan dugu elkarrekin».

Entseguak, lagungarri

Filmaketaren aurretik egindako entseguak mesedegarriak gertatzen ari dira filmaketa lanetarako, Nagore Aranburuk azaldu duenez. «Aurretik entseatzeko nahiko denbora hartu dugu, eta horrek balio izan digu gero azaldu behar duen giroa aurretik lantzen hasteko. Niri behintzat oso ondo etorri zait, eta gure arteko hoztasuna gainditzeko ere balio izan digu. Batzuek elkar ezagutzen genuen lehendik, baina Manex eta Daniella berri-berriak dira eta haiekin entseatzen aritzea lagungarria izan da. Uste dut gauza horiek ikusi egingo direla pelikulan».

Aupa Etxebeste!-k bezala, familia baten gorabeherak izango ditu ardatz Urte berri on, amona!-k. Esnalen ustez, ordea, Txotx!-en antz handiagoa izango du Aupa Etxebeste!-rena baino —Asier Altunarekin batera zuzendu zuen Esnalek Txotx!, 1999an—, batez ere filmak aurrera egin eta «beltzerako joera» nagusitzen denean.

Esnalen Amona putz! film laburrak ere (2009) amona bat du pertsonaia nagusi, baina egileak ez dio, hortik aparte, bestelako antzik ikusten Urte berri on amona!-rekiko. «Hango amona eta hemengoa oso ezberdinak dira. Hango amona, gainera, beste adin batekoa da; hemengoa birramona da».

Bada, hala ere, Urte berri on, amona! eta Amona putz! batzen dituen ezaugarririk. «Film berriak nire aurrekoekin duen antza izan daiteke, bai Taxi-rekin{2007ko film laburra] eta bai Amona putz!-ekin alderatuta, hiruretan istorioa errepikatu egiten dela. Konstante bat bezala ageri da hori. Badirudi pertsona gisa alda gaitezkeela, baina ez gara aldatzen. Garen bezalakoak gara, eta aldatzen ari garela uste badugu ere… bai zera!».

Familiak presentzia handia du Esnalen orain arteko lan gehienetan, eta film berria ez da salbuespena izango. «Familiak joko handia ematen du. Instituzio bat da gure gizartean. Miseria asko pasatzen dira familia giroan».

Lehengo eta gaurko familiak

«Lehengo familiaren eta oraingoen arteko desberdintasunak eta kontraesanak» erakutsiko ditu filmak, Kontxu Odriozola aktorearen ustez. «Amonarekin hartzen dituzten jarreretan eta hura zaintzeko dituzten moduetan ikusten dira adin batekoen eta bestekoen arteko aldeak, Mirentxu eta Mirenen artekoak batez ere».

Nahiz eta filmaketaren zati handi bat Nafarroan egingo den, «gipuzkeraz» mintzatuko dira pertsonaiak. «Gipuzkoako herri txiki batean bizi da familia, hor gertatzen da istorioa», argitu du Esnalek. «Logistikagatik egingo dugu filmaketaren zati handi bat Nafarroan, Gipuzkoan egin beharrean. Gipuzkoako herri txikiak ez dira ja hain txikiak, erdi-hiri bihurtu dira. Gipuzkoako herri gehienetako plazetan igogailuak-eta daude gaur egun. Horregatik joko dugu Nafarroara. Herri txiki bat agertzea zen nire ideia, eta kontrastea egitea hiriarekin. Horretarako etxe egokia Beran aurkitu dugu, eta herri txikia Etxalarren egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.