Amonaren etxaldea, ardi eta guzti. Haurrak korrika batetik bestera, bihurrikeriak egiten guraso eta izeba-osabak elkarren artean agurtu orduko. Bazkaria prestatzeko lanak, bazkalosteko kantaldiak eta futbol partida, iluntze aldeko berriketak eta politikari buruzko eztabaida sutsuak... Osagai horiek guztiak jarri ditu mahai gainean, familia baten mahaiaren gainean Julie Delpyk Le Skylab filmean. 1979ko Frantzian girotu du lana, garai hari buruz hitz egiteko ez ezik, familiaren aldarrikapena ere egiteko.
Amonaren urtebetetzea ospatzeko aitzakiarekin, familia osoa mahaiaren bueltan elkartu du zinemagileak. Zuzendari, gidoilari eta aktore lanetan aritu da Delpy,eta filmak autobiografiatik nahikotxo duela aitortu zuen atzoko emanaldiaren ostean. «Oso era askean hezi ninduten. Nire gurasoak oso-oso liberalak ziren, anarkistak». Haiengan inspiratu zen neskato protagonistaren pertsonaia sortzeko —amaren rola betetzen du Delpyk gainera—. Bere helburua beti bera izan dela esan zuen: «Pertsonaiak hor egotea une oro, publikoa haiekin bazkaltzen egotea. Hori da zinema: ikusleak errealitatetik atera eta mundu horretan sartzea».
1968ko Maiatza
Aljeriako gerrari, 1968ko Maiatzari edo Frantziako sozialistek hauteskundeak irabazi aurreko egunei erreferentzia ugari egiten zaizkio filmean. «Denbora bat pasatu da 68ko Maiatzetik, eta ordukoaren ondorio da hamar urtera gertatzen dena. Iraultza sexualarekin lotura handia du, esaterako: 50eko urteetan bezala geratu ziren emakume batzuk, eta beste batzuk gehiago askatu ziren, mugimendu feministen eraginez».
Garai hartan familia egitura «lehertu» egin zela esan izan da, baina berarentzat oso garrantzitsua dela esan zuen Delpyk. «Alde batetik, familia ez dut batere gogoko, neure onetik ateratzen nau, eta, bestetik, izugarri maite dut; kontraesan horiek ditut. Badirudi orain mundua egina dagoela denak banatuta ibiltzeko».
Garai zaharrak bai, baina nostalgiarik gabe irudikatu nahi izan ditu, umore kolpe ugarirekin. «Bizitzaren oroitzapen bat deskribatzea zen asmoa, baina ez diot iraganari eusten. Film dibertigarri bat egiten saiatu naiz».
Donostiako 59. Zinemaldia
Familiaren kaos epelean
1979ko Frantzian, familia bat mahaiaren bueltan elkartu du Julie Delpy zuzendariak 'Le Skylab' filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu