Fantasiaren adar askotarikoak

Gaur hasiko da Bilboko Fant zinema jaialdia, euskal sortzaileen film laburren sorta batekin

Fant Laburrean saileko euskal filmen sortzaileak, atzo, Bilboko Azkuna Zentroaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
29. izualdia beteko du aurten Bilboko Fant Fantasiazko Zinema Jaialdiak. Gaur abiatu eta datorren larunbatera bitarte, 47 saio egingo dituzte orotara Azkuna zentroan, BBK Salan eta Campos Eliseos antzokian. Burnin Percebes taldeak zuzendutako El fantástico caso del Gólem filmarekin hasiko da jaialdia, 19:30ean, eta, 22:30ean, Euskal Herriko hamaika sortzailek egindako film laburrak emango dituzte, Campos Eliseos antzokian. Alex Gerediagak zuzenduko du irekiera gala.

Generoaren adar guztiak lantzen dituzte jaialdirako hautatutako film laburrek. Justo Ezenarro jaialdiren zuzendariaren hitzetan, «denetarik» egongo da: «Fantasiaz gainera, askotariko gaiak landu dituzte». Gaztelaniaz sortutakoak izango dira horietako gehienak, baina proiektatuko dituztenen artean bada euskarazko produkziorik ere. Ez dira gehiengoa, hala ere. Lehian arituko diren hamaika film laburren artetik lau dira euskaraz. Gainerako zazpiak gaztelaniaz ikusiko ditu ikusleak, euskarazko azpidatziekin.

Aitzol Saratxagaren Lanbroa izango da euskaraz emango dituztenetako bat. Zuzendariak jaialdian plazaratzen duen hirugarren lana da: Ziren laburrerarekin gailendu zen 2018. urtean, eta, hurrengo aldian, Basoa aurkeztu zuen. Oraingoan ere, basoak «presentzia handia» izango duela aurreratu du zuzendariak: «Ideia konplexua zen, baina aurrera eramatea lortu dugu azkenean. Basoa elementu interesgarria da niretzat, eta oraingoan ere protagonismo handia izango du. Hala ere, nahiago dut askorik ez aurreratu».

Eneko Muruzabalek, berriz, Polita aurkeztuko du. 2039. urtean girotuta dago film labur hori: «Kolapso ekologikoaren atarian dago mundua, eta debekatuta dago haragia jatea. Lola goi mailako atletismoko entrenatzaileak nahiko du Eva bere ikaslea haragia jaten hastea, errendimendua hobetzeko asmoarekin».

Bestalde, «proposamen berrien alde» egin du Nitya Lopezek. Bi bideoklipez osatutako pieza bat aurkeztuko du: Niña Coyote eta Chico Tornado vs Don Condor eta Ñora Alacran. Ximon Agirrek eta Maria Muriedasek ere TOC. Gau eternal bat bideoklipa erakutsiko dute.

Epaimahaiak eta ikusleek erabakita, hiru sari jaso ahal izango dituzte hautatuek: film laburrik onenarena (3.000 euro), euskal film laburrik onenarena (2.000) eta ikusleena (3.000 euro). Izan ere, Euskal Herriko lanez gainera, nazioarteko beste hamar ere izango dira film laburrik onenaren saria lortzeko lehian. Horrez gainera, aurten Interpretaziorik Onenaren Ohorezko Saria ere banatuko dute lehenengoz.

Zinema baino gehiago

Film laburrak ez ezik, nazioarteko beste hamazazpi film luze ere izango dira lehian Sail Ofizialean. Azkuna zentroaren zinema aretoetan ikusi ahalko dira horiek. Lehiaketatik kanpo, Terrifer 2 (Damien Leone) ere emango dute.

Halaber, Fantek zinema aretoetatik kanpoko egitaraua ere prestatu du. Tartean, topaketak, bisita gidatuak eta kontzertuak.

Begoña del Teso kazetari eta zinema kritikaria arituko da moderatzaile zinema topaketetan. Bihar izango da lehenengoa: Carlota Pereda Cerdita filmaren zuzendariarekin arituko da Del Teso. Etzi, berriz, euskal zinemagintza izango dute hizpide Euskarazko zinema: oraina eta etorkizuna, aukerak eta erronkak solasaldian. Hauek izango dira parte hartzaileak: Paul Urkijo, Nitya Lopez, Eneko Muruzabal, Alaitz Arenzana, Vanesa Fernandez, Larraitz Zuazo, Aitor Gametxo, Mar Izquierdo eta Ander Barinaga-Rementeria. Azkuna zentroko Bastida aretoan izango dira bi topaketa horiek, 12:45ean.

Sarituei dagokienez, aurten Zorion Egileor aktoreak jasoko du jaialdiko ohorezko sarietako bat, eta Paco Plaza zinemagile kataluniarrak beste bat. Belen Rueda aktore espainiarrari Fant jaialdiko Izarra saria emango diote, eta Carlota Pereda zinemagile espainiarrari, berriz, Fantrobia saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.