Fantasiari egindako erretratuak

Giandomenico Tiepolo italiarraren erakusketa ekarri dute Bilboko Arte Ederren Museora.Erretratuak dira ikusgai dauden lan guztiak: 11 margo eta hamabi grabatu

Arte Ederren Museoan ikusgai dauden Tiepoloren erretratuetako hiru. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Etxeetan horma irudiak margotzeagatik dira ezagunak Veneziako (Italia) barroko garaiko Tiepolo familiako hiru margolariak. Sabaietan utzi dute sinadura gehien familia lantegia osatzen zuten Giambatistta Tiepolo eta haren bi semeek: Giandomenicok eta Lorenzok. Aita baino ezezagunagoak dira oinordekoak, ordea. Eta, besteak beste, seme nagusiaren lana ezagutzera ematea da Bilboko Arte Ederren Museoan jarri duten erakusketaren helburua. Giandomenicok egindako margo eta inprimatuak ekarri dituzte. Norentzat egin zituen ez da jakinekoa; bai, ordea, non egin zituen: Espainian. Hangoa da erakusketa osatzen duten hamar aleren jabea. Guztira, emakume eta gizonen 23 erretratuk osatzen dute erakusketa. 2012an Madrilgo Juan March fundazioak aurkeztu zituzten jendaurrean estreinakoz, eta Bilbora ekarri dituzte orain. 2015eko apirilaren 15era bitarte izango da ikusteko aukera.

Erretratuak dira Tiepoloren erakusketa osatzen duten 11 margo eta 12 inprimatuak. Hezur-haragizko inor irudikatzen ez dutenak, alabaina. Eta hortik datorkio izena erakusketari: Fantasiazko erretratuak. «Erakusketa txikia da kopuruz, baina oso bereziak dira bildu ditugun aleak». Hala esan zuen Andres Ubeda erakusketako komisarioak, Tiepoloren lana aurkezteko atzo Arte Ederren museoan eginiko agerraldian.

Erakusketa osatzen duten margoetatik hamar serie bereko lanak direla uste dutela adierazi zuen Ubedak. Eta Lisboako (Portugal) Casa Museu Medeiros e Almeidak utzi die erakusketa osatzen duen 11. lana: Ezpatadun agure erre baten erretratua. Bilduma osatzen duten inprimatuei dagokienez, Espainiako Biblioteka Nazionalak utzita ekarri dituzte Bizkaiko hiriburura.

Sabaietatik harago

Tiepolotarren familia lantegiantxikitatik aritu zen Giandomenico, aita eta anaia txikiarekin batera. Aitaren estiloa hartu zuten semeek, harekin lanean ari zirela. Familia lantegietan itzalpean geratu dira askotan semeen lanak. Eta hala gertatu zitzaion hasieran Giandomenicori ere, Ubedak azaldu zuenez.

Elkarrekin zerua margotu zuten hainbat eraikinetan, eta horiengatik da ezaguna tiepolotarren aita, barrokoaren azken margolari handitzat hartzen dena. Freskoak landu zituzten gehienbat hiru margolariek, eta mitologia eta erlijioa ziren horien gai nagusiak. Hainbat lan egin zituzten; tartean, Wurzburgeko (Alemania) egoitzako bobeda. Espainiako Carlos III.a erregeak eskatuta egin zuten hiru tiepolotarrek Madrilera, 1762an. Errege jauregiko areto nagusiari zerua jartzea zen haien egitekoa. Bertan hil zen aita, behin lana bukatuta. Eta sorterrira itzuli zen Giandomenico, Veneziara.

Baina Espainian igarotako garaian bestelako lanak egin zituen Giandomenicok. Oihaletan ere utzi zuen sinadura. Hain zuzen, horiek dira Arte Ederren Museoan jarri dituztenak. 1768aren bueltako data duten hamar lan dira horren lekuko. Duten antzekotasuna aztertuta serie beraren parte direla uste du Ubedak. Neurri antzekoa dute margoek, eta horietan agertzen diren protagonisten jarrerek ere pauta berari erantzuten diotela argitu zuen. Ez da ziurra, hala ere, eta oraindik ez da jakinekoa lanak norentzat egin zituen. Gaur egun haren jabea denak ere anonimotasuna gorde du.

Bere sorkuntzan aurrera egin ahala, aitaren eraginetik askatu zen Tiepolo, Ubedaren arabera, eta lortu zuen bide propioa egitea. Hala nabarmendu zuen atzo erakusketako komisarioak: «Aitak sortutako lantegiaren muga gainditzeko gai izan zen; bai hura, eta baita haren anaia ere. Eta lan egiteko era berezia garatu zuten biek». Berezitasun horren testigu dira erakusketan bildu dituzten lanak.

Garaian garaikoak

Emakume eta gizonen irudiak biltzen dira lanetan. Margoen artean hiru dira gizonen irudiak, eta ezaugarri antzekoak dituzte: ekialdeko gizon heldu eta bizardunak. Garai hartako filosofo edo jakintsuen itxura dutela esan zuen erakusketako komisarioak. Herbehereetako Rembrandt margolaria (1606-1669) izan zen gizonen irudien ezaugarri horiek hedatu zituena, eta eragin hori izan zuten tiepolotarren lanek ere.

Gainontzeko zortzi margoek emakumeen irudiak jasotzen dituzte. XVIII. mendeko edertasunaren kanonak biltzen dituzte: begi handiak dituzten emakumeak, aurpegi zurbilekoak eta musugorriak. «Talde sozial, ekonomiko eta intelektual jakin bateko ezaugarri eta ikurrekin margotuta daude denak». XVI eta XVII. mendeko margoen merkatuan arrakastatsuazen gisa horretako erretratuak egitea.

Aro artean kokatzen da tiepolotarren seme nagusia. Barrokoaren eta neoklasizismoaren trantsizioan lan egin zuen. Batetik eragina jaso, eta besteari eman egin zion. Hala erakutsi dute haren ondorengoek: Francisco de Goyak, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.