Evan Glodell zinemagilearen Bellflower film luzeak irabazi duXVIII. FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoko filmik onenaren saria, apokalipsiaren gaia «modu originalean» jorratzen duelako. Gai berari umorez heltzeagatik, aipamen berezia egin dio epaimahaiak Nicolas Goldbarten Fase 7 zintari. Epaimahaikideek argitu dutenez, atal ofizialean lehiatutako film luzeen kalitatea ez da «liluragarria» izan. Laburretan, berriz, «oso lan interesgarriak» aurkitu dituzte. Film laburretan, Jeroen Annokkeeren Suiker lana eta Haritz Zubillagaren She's Lost Control filmak saritu dituzte. Alex Angulo aktorea, Desiree de Fez zinema kritikaria eta Jorge Gerrikaetxebarria gidoilaria ziren epaimahaikideak. Gaur banatuko dituzte sariak, 19:45ean, Alondegiko Golem aretoetan. Ekitaldiaren ostean, film sarituak berriz ikusi ahal izango dira.
Glodellen filma «artifizioaren eta beldurrezko zinemaren baliabideen bidez naturaltasun eta errealismo sentipenak sortzeko duen ahalmenagatik» saritu dutela argitu du De Fezek. «Generoan ozta-ozta sartzen bada ere, istorio interesgarria kontatzen du», gehitu du Gerrikaetxebarriak, «Los Angeles hirian (AEB) girotuta dago, baina hiriaren bestelako ikuspegia ematen du».
Film luzeei dagokienez, epaimahaikideen arabera, aurtengo edizioko kalitatea ez da «liluragarria» izan: «Ez dugu pelikula perfekturik aurkitu, zenbait mementotan guztiek alde egiten zuten istoriotik, sobran zituzten parte batzuk… Ez gara filmekin, beraien osotasunean, pozik geratu», gaineratu du Angulok.
Atal ofizialeko lanetan, apokalipsiaren gaia oso errepikakorra izan dela iritzi diote. Horregatik hartu dute Fase 7-ri aipamen berezia egiteko erabakia. Gai bera jorratzen badu ere, bestelako ikuspegia ematen duelako, komediatik gertuago: «Fase 7-rekin izan dugun sentipen bera izan dugu beste pelikulekin; oso gauza interesgarriak proposatzen dituzte, eta gauza berriak egiteko borondatea agertzen dute, baina ez dituzte gure aurreikuspenak bete», argitu du Fezek.
Film labur «interesgarriak»
Film laburrei dagokienez, egoera oso bestelakoa izan da, «askotariko lanak» ikusteko aukera izan dute, eta horietako batzuk «oso interesgarriak» direla iritzi diote. Teknikoki eta gaien aldetik oso pelikula onak ikusi dituzte. Film labur onenaren saria Suiker lanari eman diote, «Eszenaratzearen eta ikuspegiaren arteko orekari» eusten diolako eta «umore beltz bikaina» baliatzen duelako. Euskal film laburrik onenaren saria, aldiz, She's Lost Control lanak jaso du, generoaren hainbat tradizio nahasteagatik saritu dute.
FANTek 'Bellflower' saritu du apokalipsia jorratzeko duen era «originalagatik»
Epaimahaia ez dago pozik film luzeen mailarekin; baina lan «interesgarriak» aurkitu dituzte laburren artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu