BERTSO JARRIAK

FATIMA

Izuran jaio zen (Nafarroa Beherea), 2000. urtean. Bernat Etxepare lizeoko bertso eskolan hasi zen kantuan, eta eskolarteko bigarren txapela eskuratu zuen duela bi urte, Xilabako taldekako txapelketara jauzi eginez. Xalbador bertsolariaren gaineko ikerketan aritu da. Fatima

Elixabet Etxandi.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
1.

Fatima deitzen naiz eta berriz

joan nahi dut Marokora.

Baina garbitzaile lanen menpe

pasa behar dut denbora.

«Eguzkia atera aurretik

esnatu, joan kanpora

Hola mundu zure esku da»

erraten dute gustora.

Goizeko bostetan esnatzen naiz

deuseztatuz metafora:

Mundua ez dago nire esku

eta eguzkia lo da.

[Youtube]https://youtu.be/Zk5Bv0SKm0s[/Youtube]

2.

Bost haurrak utzi ditut etxean

alaba da zaintzalea.

Nagiz bete zait ene bihotza

baina hutsa da kalea.

Garbitu behar lehen gunea

auzo jatetxe noblea.

Ostalaritza mundua baita

etekin orojalea,

nola deskongelatuz kroketak

lortze da posiblea,

egiten dudan lanaren erdiz

ene soldata doblea?

3.

Karmen De la Cruz-en txaletera

noa ondotik korrika,

nehoiz izango ez naizen horri

egiten diot bisita.

Neurologo famatua baita,

pribilegioz josita,

lan indarra saldu behar diot

txeke batek erosita.

Komuna garbitzen nagoela

ikusi dezaket ti-ta

I am feminist kamiseta bat

labadoran itzulika.

4.

Bere etxean bakar bakarrik

aspaldi bizi da Benat.

Laurogei urte ospatu ditu

lehen erakasle zenak.

Bere zaintza lana enegain da

lasaitzen dizkiot penak,

«Nik ere bost haur baditut nonbait

bisitatzen ez nautenak».

Txatarra aldatu diot eta

xuxurlatu dit barrenak:

«Herentzia jinen den unean

itzuliko dira denak».

5.

Berez Basetxe jaunarekilan

egin behar dut segida,

bere etxe guztia garbituz

ganerretik atarira.

Baina gaur atean itxoiten nau

eta esan dit: «Begira,

lana kentzen duzu bertakoei

injustua da, argi da».

Arrazismoak itzala badu,

kaleratzeak dirdira:

ene larrua bezain ilunak

diren usteak badira.

6.

Lana amaitu egin dut baina

amaitu denik ez uste.

Etxean bost haur ditut ene zai

ongi zaindu nahi nituzke.

Baina lana da indar saltzea

baina lana indar huste,

burgesentzako ederra dena

enetzat baita itsuste.

Ator txurien atzean preso

diharduten lau ilustre,

deus egin gabe nik baino esku

zikinagoak dituzte.

Doinua: Abokatuak deitu berri dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.