Literatura

Feminismoa jarriko du erdigunean Literaktumek

Azaroaren 11tik 24ra izango da aurtengo jaialdia. Feminismoaz, identitateaz eta arte sorkuntzaz duten ikuspegia emango dute hainbat emakume idazlek.

Literaktum jaialdiaren aurkezpena, gaur. BERRIA
Erredakzioa
2019ko azaroaren 5a
14:37
Entzun

"Gaur egun eztabaida publikoaren erdigunean diren auzi ugari eta larrien artean, beharbada ez da izango borroka feminista baino sakonera eta indar handiagokorik", adierazi dute antolatzaileek. Eta literatura "borroka horren funtsezko motorretako" bat dela iritzita,  literaturaren eta feminismoaren arteko loturak jarriko ditu erdigunean 2019ko Literaktumek. Ardatz nagusia feminismoa izango den arren, beste eztabaida batzuei ere egingo die tokia, hala nola poesiaren eta pentsamenduaren arteko loturari, Europaren kultura, hizkuntza eta literatura aniztasunari eta identitate nozioari buruzko eztabaidari.

Literatura beste diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzeko asmoz sortu zuten jaialdia, eta datorren astelehenean hasiko da aurtengoa. 50 gonbidatu baino gehiago izango dira Donostian, tartean emakume idazle hauek: Elvira Sastre, Maria Sanchez, Espido Freire, Laura Freixas, Mariasun Landa, Christina Rosenvinge, Paula Bonet, Eider Rodriguez, Kattalin Miner, Lucia Baskaran, Luisa Etxenike, Marta Sanz eta Cristina Morales. Bakoitzak bere ikuspegia azalduko du identitateaz, feminismoaz eta arte sorkuntzaz.

Aurkezpenena izaten da Literaktumeko ataletako bat, eta Bernardo Atxagak (Etxeak eta hilobiak), Ibon Martinek (La danza de los tulipanes) eta Karmele Jaiok (Aitaren etxea) beren azken eleberriak aurkeztuko dituzte. Adam Zagajewski 2017an Princesa de Asturias saria jaso zuen idazlea ere Donostian izango da, El Fulgor de la poesia liburua aurkezteko.

Urtemuga gogoratzeko jarduerak

Protagonismo berezia izango du euskal idazle batek: Ramon Saizarbitoriak. Mende erdia bete da Egunero hasten delako argitaratu zuenetik, eta zenbait jardueraren bidez oroituko du urtemuga Literaktumek. Batetik, Ibilbide literarioa: Saizarbitoriaren Donostian barna izeneko egitasmoa antolatu du, Inazio Mujikaren gidaritzapean; bestetik, Iratxe Retolazak, Lurdes Oñederrak eta Itxaro Bordak Egunero hasten delako gaur egundik mahai inguruan parte hartuko dute. Lur, kultura herriarentzat Lur argitaletxeari buruzko erakusketa ere jarriko dute Ernest Lluch kultur etxean. Saizarbitoriaz gain, Joxean Artze ere —iaz hil zen— omenduko du Literaktumek, haren poesia eta musika ibilbidea berrikusiz.

Diziplinarteko proposamenei dagokienez, Teatro del Temple eta Tanttaka Teatroaren arteko Abre la puerta eta Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Ion Olanoren Bestaldearen bestaldean dira aurtengo proposamenetako batzuk. Book Friday da beste berrikuntzetako bat, liburuzale eta literaturazale izateko grina pizteko egitasmo bat. Zenbait ekintza izango dira jaialdian parte hartuko duten hamahiru liburu dendetan, baina antolatzaileek aurrerago emango dituzte horiei buruzko xehetasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.