Fernando Amezketarra Ilustrazioan

XVIII. eta XIX. mendeetako kultur ohiturak ekarri dituzte gogora Andoni Egañak eta Xabier Lizasok 'Garai hura gara' ikuskizuna

Andoni Egaña eta Xabier Lizaso, atzo Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2014ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Zer lotzen zituen Fernando Amezketarra (1764 - 1823) eta Xabier Munibe, Peñafloridako kondea (1723-1785)? Zerk ezberdindu bertsolaria eta Ilustrazioaren sustatzaile nagusia? Galdera eta zalantza horietatik abiatuta, 250 urte atzera egin dute Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak, Europan oro har eta Euskal Herrian zehazki kultura nola bizi zuten ikusi eta gaur egunera ekartzeko asmoarekin. Emaitza, Garai hura gara ikuskizuna, Musika Hamabostaldian estreinatu zuten abuztuan, eta, orain, herri eta hirietako ibilbidea hasiko du. Lehenengo hitzordua Beran (Nafarroa) izango da, urriaren 4an.

Aurten 250 urte bete dira Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zutela, eta Pernando Amezketarraren jaiotzaren urtemuga ere ospatuko dute urriaren 10ean, horrena ere 250.ena. «Kasualitate edo ez-kasualitate» hori kontuan izanik heldu diote proiektuari Egañak eta Lizasok. Baskongadak ilustrazioa Euskal Herrian sartzea zuen egitasmoa: entziklopedia, artea, zientziak... Eta Fernando Amezketarra, berriz, langilea zen, artzaina, baserri girokoa. «Bi mundu horiek zer duten harremanetan», erakutsi nahi dute ikuskizunarekin Egañak adierazi duenez.

Fernando Bengoetxea Altuna «lehen bertsolari belaunaldiko burua» izan zen Egañaren esanetan. «Bertsoen ohitura urrutitik zetorren, Fernando eta abar zazpi, zortzi edo bederatzi errimarekin aritzen zirelako. Ordurako bertsolaritza garatua ez balego, ezinezkoa izango zen halakorik egitea». Amezketako bertsolariak bertso ugari utzi zituen eta baita hari lotutako hamaika pasadizo ere. Nolanahi ere, harenak jotzen diren bertsoei gertaera xelebreei baino fidagarriagoak deritze Egañak. «Bertsoak hor daude, eta ahoz aho transmititu dira gaur arte. Berak ez zekielako idazten». Haren aipamenak ez dira agertzen hasten hil eta 80 urte pasatu arte, eta Gregorio Mujikak 1925ean kaleratu zuen Pernando Amezketarra. Bere ateraldi eta gertaerak. Bertsolaria hil eta ehun urte pasara. «Hori dela eta, egozten zaizkion pasadizoetatik zenbat ote diren egiazkoak...»

Euskal Herri ilustratua

Fernando Amezketarra jaio zen urte berean sortu zuten Xabier Munibe Peñafloridako kondeak, Jose Maria Egia Narrosko Markesak eta Manuel Ignacio Altunak Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Europan zabaltzen ari ziren joera berriak Euskal Herrira ekartzea zuten helburu, eta hein handi batean lortu zuten Egañaren arabera: «Euskal Herria ez zegoen isolatuta, eta kanpoko kultur joera horiek iristen ziren. Garaiko konpositore garrantzitsuenetakoa Haydn zen, eta haren musika Arantzazun jotzen zen».

Ikuskizunean Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika ekarriko du Lizasok, eta baita Peñaflorida kondearen hainbat obra ere: Sententziatu dute, Aita gurea, Irten ezazu... Egañak, berriz, Fernando Amezketarraren bertsoak kantatuko ditu, baina baita beste bertsolari batzuenak ere (Txabalategi, Zabala, Juan Inazio Iztuetak Kontxesi emazteari kartzelan egindakoak...). Betiere, bertsolari belaunaldi haren sorrera ulertzeko eta testuinguruan jartzeko helburuarekin. «Ideia berrien eta modu tradizionalen artean zenbateraino borroka edo gatazka zegoen ikustea». Horra hor Garai hura gara-ren xedeetako bat.

Honen aurretik beste ikuskizun bat ere prestatu zuten elkarrekin Egañak eta Lizasok, Bi arreba, Frederic Chopinen musika eta Xenpelarren bertsoetan oinarrituta. Duela bi urte abiatu zuten proiektua, eta, ordudanik, 40 bat emanaldi eskaini dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.