Kultur industria «maltzurra» dela eta «gaixo» dagoela egotzita, Fernando Morillo idazleak Gaumin argitaletxea sortu du. Liburuen ekoizpenean eta diseinuan idazleek zein irakurleek parte hartze handiagoa merezi dute Morilloren ustetan, eta, hala, «askatasun osoz» sortu ditu argitaletxe berriak argitaratutako lehen lau lanak, denak Morillok berak idatziak.
Marko panpinak trapuzko amets ipuina izan da lehen argitalpena, 15 urtetik beherakoentzat. Horrekin batera, gazte zein helduentzako misteriozko hiru nobela argitaratu ditu: Izuaren pasabidea, Hildakoei esker eta haien erruz eta Deabruaren letaginak. Misteriozko beste eleberri bat ere prest dauka Morillok argitaratzeko, Abbadiaren sekretua izenarekin.
Euskal Herriko ikastetxeetan izan da Morillo, eta gazteen literatur gustuen berri jakiteko aukera izan du. Morillok uste du ikasleek istorio biziak eta deigarriak dituztela gogoko. «Irakurleak erakartzeko modu bakarra, gogoko dutena galdetzea da. Askok diote gazteek ez dutela irakurtzeko zaletasunik, baina haien ahotsak entzunda jakin dut hori ez dela egia». Dena den, Morillok argitaletxeei leporatu die ideia berritzaileekin ausartzeko adorerik ez izatea. «Horregatik, nire argitaletxe propioa egitea erabaki nuen. Helburu nagusia idazleak buruan dituen ideiak gauzatzeko askatasun osoa ematea da, eta baita diseinuan eta ekoizpenean parte hartzeko aukera izatea ere».
Morilloren arabera, idazlearen diru sarrerak hobetu ditzakete. «Ez zait duina iruditzen idazleekjasotzen duten diru kopurua; gure argitaletxeak lagundu egin nahi dio sortzaileari; esate baterako, lehenago ordainduz».
Liburu mainatuak
Teknologia berriak lagundurik, Morillok liburu elektronikoak eta audio liburuak ere egin ditu: «Lau argitalpen hauekin audio liburuak egin ditugu, helburu didaktikoetan eta aisialdian balio dutelako». Etorkizunean, beste egile batzuekin lan egin nahi dute.
Fernando Morillo idazleak Gaumin argitaletxea sortu du, egileen eskaerei begira
'Marko panpinak trapuzko amets' umeentzako liburua da lehen argitalpena, hiru nobelarekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu