Badaki jendea erakartzen Jamie Cullumek. Donostiako 48. Jazzaldia ireki zuen atzo iluntzean Zurriolako Hondartzan, Jazz Band Ball deituriko festan, eta nahiko neurtua azaldu arren, segituan poltsikoratu zituen bertaratutakoak. Esan zuen, esaterako, saiatu izan dela atzo parez pare zeukan hondartzan surfeatzen, baina inoiz ez dela gai izan; edo hirian mozkortutakoa dela; edo pila bat maite duela. Jendetzarekin —azken urteotan baino ikusle gehiago bildu ziren— erraz bat egin zuen pianista eta abeslariak, eta emanaldi ona eskaini zuen, festa baten lehen notak joz.
Orain lau urte Trinitate plaza lehertu zuen britainiarrak, eta atzo Momentum (2013) haren azken diskoko —esaten dute kritikariek gutxi duela jazzetik, baina hari «bost» inporta zaio, atzoko prentsa agerraldian aitortu bezala— abestiak aletu zituen batik bat (The Same Thing, Everything you didn't do). Baina Rihannaren Don't Stop the Music-en bertsioa ere egin zuen, eta baita Daft Punk-en Get Lucky-ren nolabaitako moldaketa, perkusioa baliatuz eta zati batzuk a cappella kantatuz.
Jendea jazz, musika, egarriz zegoen. Hortaz, gaueko izarraren txanda heldu aurretik, ilara luzeak egin ziren Gregory Porterren kontzertuan eserleku bat hartzeko ahaleginean. Estatubatuarrak aho bete hortz utzi zituen Frigo gunera bildutako ikusleak. Soula eta jazza primeran nahasten dituen horietako bat da Los Angelesen (California, AEB) jaiotako ahots sarkorreko kantaria. Melodietan-eta badu Marvin Gayen antza, eta argi dago What's Going On-en egilea dela Porterren erreferentzietako bat. On My Way to Harlem abestia, esaterako, hari eskaini zion atzo. Zera dio kantak: «I know that Marvin Gaye use to play right in here (Badakit Marvin Gayek hemen jo ohi zuela)»; Harlemen, alegia. Izan ere, abeslari beltzen bilgunea zen New Yorkeko auzo hori, garai batean batez ere. No Love Dying balada ere emanaldiko txalokatuenetakoa izan zen. 41 urte dauzka Porterrek, eta bi disko kaleratu ditu: Water (2010) eta Be Good (2012).
Igelaren Bandak, berriz, 2000. urtean kaleratu zuen lehen diskoa, eta hainbat urte kontzertuak ematen igaro ostean, taldekideek etenaldi bat egitea erabaki zuten 2008an. Aurten bueltatu dira lan berri batekin —Preguntatxo bat (Elkar)—, eta formazioa aldatu dute, gainera. Bixente Martinez gitarristak Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Hasiera Oleaga (bateria) —iaz Cantus Caterva proiektua aurkeztu zuen Trinitatean— ditu orain alboan. Coca Cola gunean, baztertuenean, jotzea tokatu zitzaien arren, jende ugariren arreta bereganatu zuten. Okerreko bidetik eta Gora Errepublika izan ziren abestirik deigarrienetakoak, eta Martxa baten lehen notak, Mikel Laboari egindako omenaldia, berriz, txalotuena. Bis bat ere eskatu zieten, gustura zeuden seinale; eta baita jo ere, pozik. Jazz Band Ball-eko lau agertokitan programaturiko zortzi kontzertuek eskaini zuten atzo, eguraldia lagun, eskaini beharrekoa. Jendea musika egarri zen, eta musikariek jo zituzten festaren lehen notak.
Donostiako 48. Jazzaldia
Festa baten lehen notak
Jendetza bat bildu du Jamie Cullumek jaialdiari hasiera emateko Zurriola hondartzan emandako kontzertuakGregory Porterren eta Igelaren Bandaren emanaldiak oso txalotuak izan dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu