Festa eta dantzarako gonbita

Dambaren 'Hautsi... eta izan zaitez zu' bigarren diskoak Estitxu Pinatxo eta Aitziber Estangaren ahotsen indarra batu du

Damba taldeko hainbat kide disko berria eskutan, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Indartsu iritsi da Damba taldearen Hautsi... eta izan zaitez zu bigarren lana (Elkar, Agorila). Lau urte igaro dira taldea sortu zutenetik, eta ordutik «indarrean irabazi du», Kristian Amorena taldeko bateria jotzailearen iritziz. «Bai hitzak, eta baita abesteko modua ere indartsuagoak dira orain». Horrez gain, taldea, erabat egonkortu, eta heldutasunera ailegatu dela gaineratu du. Gainerakoan, duela lau urte hasitako bidea jorratzen jarraitu du Dambak: rock, blues, punk, reggae eta funk estiloak nahastuz eta musika bizia eta dantzagarria eginez, ukitu latino nabarmenarekin.

Aitziber Estangaren ahotsari Estitxu Pinatxorena batu zaio, eta horrek ere lagundu du disko berriari indarra ematen, taldeak azaldu duenez. Izan ere, biek ala biek ahots ahaltsua dute. Dambara batzeko gonbita egin zioten Pinatxori, eta abeslariari gustatu egin zitzaion taldearen estiloa eta espiritua, eta baiezkoa eman zien. «Bi abeslarien arteko kimika oso handia da, eta nabaria da horrek indar berezia ematen diola diskoari eta, baita ere, zuzenekoei», gaineratu du Amorenak.

Hirugarren emakume bat ere lagun izan dute diskoa egiteko orduan. Amorenak «taldeko hirugarren hanka» deitu dio Miren Amuriza bertsolariari, hark idatziak baitira Hautsi... eta izan zaitez zu diskoaren abesti gehienak. «Testu irekiak dira, gai sozialak jorratu ditugu. Guztion bizitzari eragiten diguten gaien inguruan hitz egitea gustatzen zaigu». Taldeko bateria jotzailearen esanetan, hori da Dambaren adierazteko modua. Emakumeen indarra plazaratu nahi izan dutela gaineratu du Pinatxok, eta hortik datorrela diskoaren azalaren kolorea ere: morea. «Emakumearen indarra nabarmendu nahi izan dugu, eta emakumeen egoera soziala argitara ekarri».

Emakumearen egoeraz gain, taldekideen arreta pizten duten eguneroko bizitzako beste zenbait gai ere jorratu dituzte bigarren diskoan. Estresaren, eguneroko betebeharren, maitasunaren, droga mendekotasunen, kalean lan egiten duten artisten eta aitarengandik urrun bizi izan den haurraren inguruan abesten du Dambak disko berrian, besteak beste. «Abestiak irekiak dira, norberak bere hausnarketa propioa egin dezan bertan esaten denaren inguruan», azaldu du Pinatxok.

Zuzeneko indartsuak

Festarako aproposak dira abesti guztiak, erritmo dantzagarriak sortu baititu taldeak bigarren lan honetan ere. «Oso talde plurala da gurea, baita gure musika ere. Estilo ugari jorratzen ditugu», azaldu du Pinatxok. Izan ere, zortzi lagunek osatzen dute Damba, Ipar Euskal Herrikoak batzuk, Hego Euskal Herrikoak besteak, eta Kubakoa beste bat. Oso nabaria da Kubakoaren eragina musikan, ukitu latino nabarmena baitute Dambaren abesti guztiek.

Euskara hutsean osatu dute disko osoa, Y si rompo mi camino lehen lana ez bezala. Lehen diskoan euskaraz, katalanez, portugesez eta, batik bat, gazteleraz abesten zituzten abestiak. Dena den, hainbat kanturen bertsioak dituztela kontatu dute, eta kontzertuetan hizkuntza bat edo beste erabiltzen dutela dauden tokiaren arabera.

Oraingo honetan, ordea, euskaraz, eta bertako jendearentzat, lan egiteko gogoa zutela kontatu dute. «Gure musika eta espiritua Euskal Herriarekin partekatzeko gogoa daukagu», esan du Amorenak, eta hemendik aurrera txoko guztietara heltzen saiatuko direla. Izan ere, «zuzeneko indartsuak» prestatzea da taldearen interes nagusia, Pinatxoren esanetan. Kontzertu oro festa alaia sortzen dutela diote, eta festara batzeko deia egin dute. Durangoko Azokan izango dira, eta abenduaren 7an, Ahotsenean kontzertua eskainiko dute; abenduaren 13an, berriz, Plateruenan izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.