Bederatzi film laburrek osatzen dute aurtengo Kimuak-en katalogoa. Aurkeztutako 64 lanen artetik aukeraketa egiteko, iragan astelehenean bildu zen epaimahaia, eta «luze eztabaidatu ostean» hartu zuten erabakia. Fikzio, dokumental eta animazio lanak hautatu dituzte. Aurreko aldietan bezala, ez da komediarik; bai, ordea, dramak eta film sozialak. Dena den, fikzioa, thrillerra eta genero beltza dira nagusi zerrendan.
Hizkuntzari dagokionez, hiru film gaztelaniaz daude, beste bat ingelesez, eta hiruk ez dute elkarrizketarik. Euskara hutsean eginiko film bakarra dago, Gregorio Muro hernaniarraren Zeinek gehiago iraun lana. Animazioko film bakarra ere bada Murok zuzendu eta ekoitzi duena. 2008ko katalogoan ere parte hartu zuen. Oraingoan haurtzaroko joko batek markatutako mutil bati buruzko istorioa eraiki du. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten dute Joxe Mari Goenagaren Lagun mina lanean, adiskidetasuna gai nagusi duen filmean. 2002ko eta 2005eko programetan ere parte hartu zuen ordiziarrak. Donostiako Moriarti etxeak ekoitzi du lana.
2008ko katalogoan parte hartu ostean, zerrendan berriro agertu den izenetako bat da Aritz Morenorena. Bucle bi minutuko filma zuzendu eta ekoitzi du donostiarrak, gizon bati, telefono bati, kafe bati eta kiribil bati buruzkoa. David Gonzalez bilbotarrarentzat ere ez da lehen aldia. 2006, 2008 eta 2009ko katalogoetan parte hartu ostean, La calma aurkeztu du, familian dementzia gaitzaren eragina agertzen duena. Bitart New Mediak ekoitzi du haren lana.
Lau egilerentzat lehen aldia
Ingelesez egin du She's Lost Control Haritz Zubillagak, etsituta dabilen andrazko baten istorioa. Morituri etxearekin ekoitzi du lan berria, eta Kimuak-en parte hartzen duten hirugarren aldia da. Ordea, lehen aldiz aukeratu dituzte beste lau zinemagileren lanak, tartean, Galder Gaztelu-Urrutiaren La casa del lago. Martxelo Rubio aktorea da thrillerreko protagonista. Basque Films eta Peccata Minuta etxeek ekoitzi dute bilbotarraren lana. Lehen aldia da Alvaro Sau donostiarrarentzat ere. Iaz Egipton filmatu zuen Coptos, fraide koptoei buruzko dokumentala. Oso bestelakoa da Sergio Barrejonek zuzendu eta Lamia etxeak ekoitzitako La media pena: Bilboko exekutibo bat eta emakume etorkin bat ditu protagonista. Ama-alaba batzuei buruzko istorioa agertzen du Ivan Casok Muy cerca-n. Landetan grabatu eta Kowalski etxearekin ekoitzi du lana.
Ohi bezala, Donostiako Zinemaldian estreinatuko dituzte lanok, irailean. Ondoren, atzerriko jaialdietan ezagutaraziko dituzte. Film laburrak sustatzeko programa hamalaugarrenez antolatu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak. Aurten bost kidek osatu dute epaimahaia: Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema Unitateko arduradunak; Edurne Ormazabal eitb.com-eko zuzendariak; Esperanza Luffiego Tabakalerako ikus-entzunezkoen arduradunak; Pilar Martinez-Vasseur Nantesko (Frantzia) Rencontres du Cinema Espagnol-eko zuzendaritzako kideak; eta Emiliano Allende Medina del Campoko (Espainia) Zinema Asteko zuzendariak.
Fikzioa, dokumentala eta animazioa bildu dituzte Kimuak-en katalogoan
Aurkeztutako 64 lanen artetik bederatzi film labur aukeratu dituzte, haietatik bat euskara hutsean egindakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu