Literatura

Fikziora itzuli da Mikel Hernandez Abaitua, 15 urte igaro eta gero

Gaur aurkeztu du Airearen isla eleberri "psikologiko errealista", Elkarrek argitaratua. Maitasun istorio bat eta literatur iruzur bat dira nobelaren gai nagusiak.

Mikel Hernandez Abaitua, 'Airearen isla' azken lana eskuetan duela, gaur Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko azaroaren 8a
13:58
Entzun

2001. urtean kaleratu zuen Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959) Ohe bat ozeanoaren erdian (Alberdania) bere azken eleberria. Ordutik, ordea, alboratua zuen fikzioaren eremua: "Hasi nintzen doktore tesiarekin, eta desbideratu nintzen ez-fikziozko gauzetara". Orain, ordea, lehengo bidera itzuli da idazlea: gaur aurkeztu du Airearen isla eleberria, Donostian, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea alboan zuela.

"Pentsatzen dut jende guztiak maitasun nobela bat bezala ikusiko duela", dio Hernandez Abaituak, eta bada hori ere, baina beste nonbaiten du lanak iturburua. Hain zuzen ere, literatur iruzur bat dago lanaren oinarrian: "Ez dut esan nahi zein den, jende askok ezagutzen du, eta ez dut esan nahi autorea ere, ze, gainera, hilda dago, eta lagun batek esan zidan bezala, hildakoak bakean utzi behar dira. Baina gaia interesatu zitzaidan, jende askok bazekielako hor zegoela, eta autorea bizirik zegoen bitartean ere inork ez zuelako horretaz hitz egin nahi, nolabait ezkutatuko balitz bezala". Ez du izen errealik aipatu beraz, baina errealitatean gertatutako kasu bat jaso du eleberriaren 347 orrietan zehar.

40 urte inguruko gizon bat da nobelako protagonista, ingeles filologoa ikasketaz, baina esataria irratian, 60 eta 70eko hamarkadetako musika programa batean. Hura baino gazteagoa den emakume autobus gidari bat ezagutuko du, eta harekin maitemindu. Gerora, ordea, literaturarekin lotura duen lan bat eskainiko diote, eta hor agertuko da Airearen isla poema liburua, iruzurraren iturri dena, eta eleberriari izena ematen diona.

"Inoiz baino gehiago" landu ditu idazleak pertsonaiak, eta alde horretatik, "nobela psikologikoa" ondu duela uste du. Gainera, forma eta egitura aldetik eleberri tradizionala osatu duela dio Hernandez Abaituak. "Errealista da, baina beti izan dira errealistak nire nobelak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.